EAJ-PNV independentista?
Alberdi honen historia aztertzen bada, ia beti bi aurpegi ikusiko dizkiogu: bata abertzalea, Aberri Egunetan eta antzekoetan, eta, bestea, gainerako egun guztietan, autonomista, Espainiako Estatu zapaltzailearen kolaboratzaile. Bi aurpegi beraz, baina norabide bakarra, Espainiarekiko morrontzarena.
Berez, alderdi autonomista bat ez da independentista. Baina horrek esan nahi al du EAJko afiliatu eta boto-emaile guztiak direla autonomista? Ez, independentista multzo handi bat badelakoan nago, batzuk ezagutzen ditut eta. Alderdi honen tragedia da ia beti zuzendaritzan autonomistak gailentzen direla. Espainiako nahiz bertako botere faktikoek ezarritako Troyako zaldiaren lana ondo betetzen dutela ere esango nuke.
Urkullu, euskal herritar batzuen lehendakari delakoa, hor dabil ezker abertzaleari kontuak eskatzen, askatasunaren aldeko borrokagatik damutu eta autokritika egin beharko duelakoan tematuta. Ni, artikulu hau sinatzen duena, ETAko militante izan naiz urte askoan, eta orduko helburu berberekin jarraitzen dut egun: Euskal Herriaren independentzia eta bere askatasuna. Azken 50 urte luze hauetan, Espainiar Estatuak armadaz okupatutako nazio ukatuan, borroka molde guztiak erabili izan dira helburu hori lortzearren, eta jasan ditugun ondorioak latzak izan dira. Egin kontaketa: 8 mila bat torturatu, 35 mila atxilotu, hainbat hildako eta zenbat preso?
ETAren jardueraren aurrean dena izan da kondena. Imaz bezalako jaun txit gorenak ikusi izan ditugu ejertzito okupatzaileari gorazarre egiten, ETAk giza eskubideak urratzen zituela eta. Zenbat gesto, erakunde eta manifestazio alde bakarreko giza eskubideak defendatzen? ETAk borroka armatua utzi zuen. Eman al da geroztik urratsen bat giza eskubide guztien defentsan?
EAJk erabiltzen zuen eta duen jantzi etikoa mozorroa baino ez da. Eskubideen izenean bazeukan, bestela, konfiskatutako 100dik gorako Herrikoen inguruan ahotsa altxatzea. Kolaborazionismo argigarria! Nazismoari hamaika erreferentzia egin izan zaio azken aldian. Hona beste bat: alemaniarrek ez zituzten, nonbait, Lagerretako sarraskiak ikusi. Eta, herri txiki honetan, EAJko afiliatu eta boto-emaileek ez al dituzte “ikusi” 8 mila torturatuak? Nork eta nola estali dituzte?
PSOE badakigu alderdi espainolista dela. Darabilten banderaren tamainak, eta estatuaren estoldetatik abiatutako gerra zikinak ez dute zalantzarako tokirik uzten. Baina hara non datorren berriro EAJ, PSErekin akordioa egiten. Zertarako? Transbertsalitatea aitzakiatzat hartuta betiko autonomismoa ziurtatzeko, eta ez alderantziz, alegia, PSE erabakitzeko eskubidearen aldarrira hurbiltzeko.
Berriz ere boterearen esku-mutil. EAJ-PNVko abertzaleei zera esango nieke, kontua ez dela ezker abertzaleko militante bilakatzea, baizik eta, independentziaren alde egonez gero, neurriak hartu eta zeuen alderdia alderdi independentista zintzo bilakatzea, autonomismoaren Troyako zaldiari aurre eginez.