Mikel Sasiain

Egia

Korrikak 20. ekitaldia bete behar duen honetan, euskaldun –zahar edo berri–, euskaltzale eta orokorrean euskal herritar orok bat egiten dugu, bi urtetan behin, aldarrikapen mugimendu honekin. Ez da lorpen makala euskaldunok, guztiok bat eginik, kaleak hartzea argudioa edozein delarik ere. Kolore ezberdin gehienak biltzen dituen mugimendu bateratu bat lortzea. Ezbairik gabe, kolorerik gabeko abiapuntu komunak aurkitzea izango da Euskal gizartearen hurrengo urteetako erronka nagusienetako bat. Azken aldian, «errelato» edo kontaketa hitza ahoz aho dabilen honetan, argi eduki beharko genuke horrelako ahalegin konplexu eta poliedriko batek, nahi eta nahi ez, oinarri indartsu eta gogor batzuk beharko dituela. Pitzadurarik gabeko oinarri sendoak: Egia eta Aitortza. Kolorerik gabeko Egia eta Aitortza. Alde guztien Egia eta Aitortza.

 

1997.eko Korrikaren amaiera ekitaldira joan zait berriz ere gogoa. Bilbo, Martxoaren 23a, aldarrikapena, konpromisoa, koloreak eta ospakizuna ekarriko dizkio irakurle bat baino gehiagori bere oroimenak. Baina oroimenaren izaera apetatsuak gehiengo bati poza eta ospakizuna gogora ekartzen dion bezala, beste batzuori gertakari eta bizipen gazi, goibel eta mingarriak ere dakarzkigu gogora. Aurten, 20. Korrikan, beste urteurren tamalgarri batek lausotzen dizkigu begiak –batzuoi–. Aurten 20 urte dira, Korrikaren azken eguneko ospakizunaren testuinguruan, Etxarri Aranazko gazte bat desagertu zela. Egun hau izan zen Josu Zabala Salegi, «Basajaun»,  bizirik ikusi zuten azken eguna. Ia bi metro luze, sorbaldatik beragorainoko txima luze hori-gorrixkak, eta gorputz tamaina deigarria zuen gaztea, ez zuen inork gehiago ikusi hiru egun luzez. Ez zuen hiru egun luzez inolako telefono deirik egin. Ez zuen hiru egun luzez autorik, trenik, edo kotxerik hartu. Ez zen hiru egun luzez inoren etxe, taberna edo jatetxetan ikusia izan. Martxoaren 27an, Punta Mendatako parajean, bihotzean tiro bat zuela agertu zen bere hilotza.

Kontaketa ofiziala:

Josu Zabala Salegi, «Basajaun», E.T.A. talde armatuko militanteak, bere buruaz beste egin du hiru egun desagertuta egon ondoren. Ertzaintzaren informe teknikoa bera agertu baino lehen eta inork eskatu gabe, zalantza guztiak argitze aldera, garaiko E.A.E-ko barne kontseilariak, J.M.A-k, kontaketa hau plazaratu zuen komunikabide ezberdinetan.  

Beranduago eman zen informe tekniko edo «atestatuak», lau datu aipagarri ematen zituen: 1. Josuren oinetakoetan zegoen lur eta lokatz laginak ez zetozen bat inguru haietako lurraren ezaugarriekin. 2. Horrelako kasuetan, bere buruaz beste egin duen pertsona baten kasuan, inguruan agertzen diren odol arrasto edo ohiko markak ez ziren ageri. 3. Erabilitako bala, jaurtikaria, ez zen inoiz inguruan aurkitu, ezta beste inon ere, ondo miatu bazen ere. 4. Gorpuaren ondoan aurkitutako arma garbi zegoen. Ez zuen inoren hatz markarik, odolik, edo ehun organikorik ere ageri; ez Josurenak ez inorenak –kargadoreak ere ez zuen inolako arrastorik ez hatz markarik–. Heriotza data bat zetorren eguneko ordu horiekin, beraz egiaztatu daiteke hiru egun luzez, bizirik baina mundu honetatik desagertua edo eta isolatua iragan zituela. Desagertu zen egunean gainean zeramatzan giltza, dokumentazio eta dirua ez ziren inoiz, inon agertu.

Kontaketa ez ofiziala:

10. Korrikaren azken eguneko ospakizunetan murgildurik, Josu Zabala Salegi ,«kontaktu» batekin hitzordua du Bilboko alde zaharreko «La Tortilla» tabernan. Topaketa honen segurtasunaz arduratzen den I. B. komando-kidea, mugimendu arraroak sumatzen ditu –lau pertsona susmagarri, bi txandalean eta bi trajearekin–, eta Josu ohartaraztera abiatzen da. Ez du inoiz gehiago bizirik ikusiko. Josuk ez du kontaktuarekin bat egin. Taldeak erabiltzen duen etxean ez da agertu. Baditu baliabide ezberdinak, logistikoak baita ekonomikoak ere, baina ez ditu inongo momentuan erabiltzen. E.T.A. talde armatua familiarekin eta komunikabide ezberdinekin harremanetan jartzen da eta Josu segurtasun indarrengatik bahitua izan dela argi azaltzen du desagertzearen hurrengo egunean. Ondorengo lerroak hizki etzanez idatziko ditut batzuon ustean besterik ez direlako oinarritzen eta argi utzi nahi dudalako hau horrela izan zela frogatzen duen inolako datu erabakigarririk ez daukagula. «Usteak erdia ustel» dio esaera zaharrak; baina eta beste erdiak? Josu hiru polizietako –guardia zibila, polizia nazionala edo ertzaintza– baten eskutik, edo batzuen arteko elkarlanagatik, bahitua izan ondoren hiru egun luzez torturatua izan da. Hirugarren egunean baso batera eramaten dute 4x4 auto-talde batean, bertan bihotzean tiro ematen diote. Han geldituko dira bere odol markak eta bala bera ere. Hangoak lirateke oinetakoen lur arrastoak. Ondoren Punta Mendatara eramaten da bere gorpua, pistola ondo garbitu ondoren bere alboan uzten da –baita erabilitako «kaskilloa» ere–; hurrengo egunean mendizale batzuk aurkitzen duten arte. Josuren gorpua, odol markarik gabe eta lur arrotzez zikinduriko oinetakoekin. Familiak lekukotza bat du inguru haietako bizilagun batena, gau hartan hiru lau mendiko auto ikusi zituela inguru haietan eta harritu ziola gertakariak; handik, ordu horietan, auto gutxi ibili ohi direlako eta are gutxiago taldean.    

Hona hemen bi kontaketa bateraezinak. Berorrek irakurle, jakingo du txanpon honen zein aldetara egin duen buruak eta bihotzak. Edo buruak alde batera egin duen eta bihotzak bestera. Berorrek bakarrik jakingo du barnean zer mugitu zaion. Istant motz sakon eta bakarti horretan zer mugitu zaion, hitzen mozorroarekin, iritzi bat eman baino lehen.

«Guda batean egia da lehen biktima». Herri honetan, orokorrean, kontaketa baten aurrean edukiaren koherentzia edo mamiari erreparatu beharrean, bizi izan ditugun garai ilunez kutsatuak gehienetan –edo kutsatuak izan nahi ez genuelako besteetan–, kontakizun honen igorlea lehenetsi dugu. Garai ilun hauen amaieran gaudela dirudien honetan eta egunsentiaren lehen distirak sentitu ditzakegunean, Egiaren ordua behar du izan. Badirudi, azken aldian behar neurrigabe bat dagoela kontakizuna edo «errelato» bat egite aldera. Baina zalantzak dauzkat ez gabiltzan etxea teilatutik abiatzen ari. Gainera, orohar, teilatu horren teila gehienak, batik-bat alde batean soilik ez ditut ikusten; eta zergatik? Lehenik eta behin, teila horien ardura, egiaren eta aitortzaren gainean eraiki direlako. Egi tristea, egi ankerra, egi gaitzesgarria, gorrotatu al den egia… baina egia azken finean, eta egiaren kaletik, aitortzaren plazara helduko gara,eta plaza honetan kontaketa duin bat egin ahal izango zaio herriari. Inolaz ere alderantziz. Baina  norbaitek mugimendurik sumatu ahal du teilatuaren beste aldean? Azken 80 urteetan milaka tortura denuntzia eta ehunka desagertu egon diren herri honetan norbaitek hartu al du haien ardura? Ez dakigunok hitz egiteko beharra daukagu eta dakitenek ez dute hitz egin nahi. Alde bietatik borondate bera al dago egia eta aitortzaren bilaketa sakonean? Non dago egia? Nork hartzen ditu etxearen alde laiotzeko teilen ardura? Teilatu bakarreko etxea eraiki nahi al da? Zertarako, bake ponentzia, talde, begirale internazional eta eragile ezberdinen lana bakea bermatzeko, egia bera bermatua ez dagoenean etxe honetan? Galdera askotxo kontaketa azkar eta «pret-a-porter» bat egin nahi duten horientzat, agian gehiegi. Handia behar du izan alde bati zein besteari kontuak eskatzea, ongiaren eta gaizkiaren gainetik dauden horientzat eta beraien gorputz gardenak duintasunaren eta zuzentasunaren atorra distiratsuaz babesturik dutenentzat. Nik ere nahi nituzke horrelako segurtasunak eduki. Baina gorputz guztiek, gardenenek ere, atorraren azpian lotsa-gorritzeko moduko orbanen bat izan ohi dute gure herrian eta gure egoera peretxua bizi izan duten beste herrietan ere. Eta guztiek diodanean, guz-ti-ek esan nahi dut. 

Kontaketaren harira, biktima izatea pribilegio «makabro» bat bihurtzen gabiltzanaren irudipen deseroso eta tristea daukat. Irudipena daukat, alde bati behintzat, inork ezin izango diola aurpegiratu beraien ekintzen erantzukizuna hartu ez izana, gertakari lotsagarri eta ankerrenetan ere –ekintza hauen ondorioak triste, mingarri eta zentzugabeak izanik ere–.Nire uste apalean, norberaren ekintzen erantzukizuna onartzea da nahitaezko edo gutxieneko baldintza, bakoitzari dagokion –badagokio– aitortza eta biktima izaera, beharko luke bezala, gizarte oso baten babes eta oniritziarekin jaso ahal izateko; izaera mingarri honek behar eta eskatzen duen duintasun osoarekin behinik behin. Beste aldean berriz erantzukizun hauen lurperatzean eta esku garbiketan hartu dira lan gehienak, eta denborak, baita gutxi batzuen lan irmoak eta ez beste ezerk, azaleratu ahal izan ditu kasu gutxi batzuk –ez baina hauen erantzukizunak edo erantzuleak–. Agian hau izan daiteke kontaketa «ofizial» bat azaleratzeko orduan, batzuoi nabari zaien presaren arrazoietariko bat, ez dakit. Egindakoaren aitortza ez dagoen bitartean edo gertakarien azalpen «ofizialari» horrenbeste hutsune, zalantza, eta alde ilun nabarmentzen zaizkion bitartean, familia batzuek 20 urte luze daramate garai hartako errealitate logikoarekin bat datorren kontaketa baten atzetik, lan neketsu bezain antzuan –gaur egun arte bederen–; eskubide soil baina oinarrizko baten zain: Egia eta Aitortza.     

Egia bada guda baten lehen biktima egia dela, gezurrak behar du izan bake garaiko biktima  nagusi eta bakarra. Gezurren gainean histen den zauria ez du bakerik emango. Egia nahi dugu, bakoitzari zor zaion aitortza, hauek bait dira kontaketa duin eta sendo bat ahalbideratuko duten baldintzak eta hazi bakarrak. Herri honek bakea behar eta nahi du… eta bakeak egia.   

«Haltzak ez du bihotzik/ez gaztanberak hezurrik/ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezurrik […] Hik bahiena semerik Bereterretxe besterik? Ezpeldoi attian duk hilik; habil eraitzan bizirik». "Bereterretxen kanthoria" (XV.mendea).   

Urte luze hauetan zehar, egiaren bila etengabe ibili diren famili guztien omenez eta bereziki Josu Zabalaren sendi eta lagunei: Egiaren sustraiez pizturiko bakearen su epelean elkartuko gara laster… etxearen alde laiotzean.

Search