Bai Euskarari Elkarteko zuzendaria
Egile eta eragile

Gure aldetik euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoeran jauzia emateko lanean segituko dugu, ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.

13/09/2019

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Hizkuntza Eskubideak Euskal Herrian 2018an txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazten dizkioten bizipenetan oinarrituta, hizkuntza-eskubideei buruzko argazkia eskaintzen du urtero Behatokiak. Agerian geratu da, beste behin ere, ahoz zein idatziz euskaraz jarduteko zailtasunak daudela, eremu eta maila guztietan, mota guztietako zerbitzu eta jardueretan, baita lan esparruan eta kontsumo harremanetan ere.

Testuinguru honetan, administrazioen esku-hartzearekin batera eta herritarron eragite gaitasuna baliatuta, azpimarratu behar da enpresek, saltokiek eta era guztietako entitateek duten erantzukizuna. Era berean, babestu eta sustatu behar da alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen laguntzen duten Bai Euskarari Ziurtagiria bezalako ekimenen balioa ere. Euskaraz lan egin ahal izateko, euskaraz saltzeko eta erosteko, euskaraz kontsumitu ahal izateko, finean, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko baldintza egokiak sortzen laguntzen baitute.

Bai Euskarari Elkarteak, ziurtagiriarekin batera, bestelako proiektuak ditu alor sozioekonomikoan euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeari begira. Horien artean, Euskaragileak enpresa batzordearen lana bereziki agerrarazi beharrekoa da. Bai aldizkariaren azken zenbakian protagonismoa eskaini diogu, garrantzizko baiteritzogu enpresa traktore hauek egiten ari diren lana gizarteratzeari. Gogorarazi nahi dut Bai Euskarari Elkartearena dela bide-erakusle hauen batzordea dinamizatzearen ardura, oraingoz administrazioen laguntzarik gabe.

Egile eta eragile dira Euskaragileak. Hizkuntza kudeaketan aurreratuta dauden eta eredugarri diren enpresa hauen gizarte erantzukizunetik, euskararen normalizazioan eragile izateko funtzioa betetzea proposatu zaie. Alegia, denok erabiltzen eta kudeatzen ditugu hizkuntzak gure egunerokoan eta, hori modu batera edo bestera egiteak, guztiok bihurtzen gaitu norabide bateko edo besteko eragile. Hortaz, enpresa hauen lidergoa aintzat hartuta, lan munduaren euskalduntzean urrats berriak emateko aukera zabaldu eta biderkatu daiteke.

Batzordea osatutakoan, denon artean aztertu eta zehaztu ziren Euskaragileen funtzioak: eragile aktiboa izatea, lan-munduaren euskalduntzean zeresana duten gainerako eragileen hizkuntza-politiketan eragiten saiatuz; eredugarri izatea, enpresen arteko sinergiak sustatzea, enpresa berriak erakartzea, bitartekari eta sustatzaile izatea eta eginiko bideari balioa ematea, prestigiatzea eta onurak erakustea. Halaber, ekimen ugari abiatu dira enpresa batzorde honetatik hornitzaileengan, gainerako enpresetan eta langileengan eragiteko.

Gure aldetik euskarak eremu sozioekonomikoan duen egoeran jauzia emateko lanean segituko dugu, ekarpena egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, baina, argi dugu horretarako bezero, hornitzaile, zuzendaritza-talde, langile eta administrazioaren bultzada ere ezinbestekoak direla. Ekin diezaiogun helburu berarekin lanean ari garenon arteko esperientzia, ezagutza, praktika on eta erronkak elkarrekin bideratzeari, aurrean dugun bide malkartsua arinduko baitugu hala.

Articles
Irene Campos
22/10/2019
Alba García Martín
22/10/2019
Pakita Andueza
22/10/2019
Letters
Alberto Gabikagojeaskoa, Jose Antonio Lekue eta Josu Naberan
22/10/2019
Maria Olga Santisteban Otegui | Zalla
22/10/2019
Julio Fernandez Hernandez
21/10/2019
Enrique Vivanco Fontquerni
21/10/2019
Latest posts
Dabid Lazkano
21/10/2019
Martin Garitano
21/10/2019
Martin Garitano
18/10/2019