Iñaki Lasa Nuin

Eguberri, naturak badu honen berri

Naturak bere denbora behar du, baina badu kosmosaren berri. Badu izarren berri, badu eguzkiaren berri, badu ilargiaren berri. Naturak ongi ezagutzen ditu hotza, beroa, euria, lehortea, izotza, behe lainoa, haizea, sua, gaua eta eguna... badu izurriteen berri edo fruitua jatera datorren animaliaren berri ere. Guk, gizakiok, uste duguna baino gehiago daki.

Guk ere bagenekien hori dena, baina ahaztu egin dugu. Guztiaren jaun eta jabe egin garenean ahaztu egin zaigu zer ginen eta zer garen, nahiz eta ginena izaten jarraitu. Naturarekiko burbuila garden handi bat sortu dugu eta bertatik noizbehinka begiratu besterik ez dugu egiten, akaso mugikorrarekin argazki batzuk atera. Bizia, geurekin daramaguna eta kasu gutxi egiten dioguna, naturan topatzen dugu argien eta bera da gure bizi iturri. Naturarekin sakontasunean lotzea behar beharrezkoa dugu. Ezin dugu berarekin dugun zilbor hestea eten.

Kronometroari begira mendian korrika zoazen horrek, zer entzuten duzu zure inguruan? Zure oinen hotsa bakarrik; eta zer ikusten duzu? Lurrean dauden harriak bakarrik, estropezu egin eta ez erortzeko. Mendian belarrietan pinganilloak jarrita zoazen horrek, zer entzuten duzu? Rock musika, klasikoa, reggaetona edo Ser katea, Euskadi Irratia, Maria Irratia... Egia da, behinik behin, begiak libre dituzula eta zerbaitez ohartuko zara, baina musikarekin distraituta zaude. Hala ere, ez da gutxi, mendian, naturan zabiltza eta haize freskoa besterik ez bada ere, naturarekiko harremantxo bat baduzu eta bada zerbait.

Eta zer esan zementua, adreiluak eta asfaltotik irteten ez direnei? Hirietan ere badira zuhaitz bakar batzuk eta, nahiz eta garai hauetan gehienak biluzik egon, aurkituko dituzte berdeak dauden izei edo altzifre batzuk, Gabonetan etxeetan jarri ohi diren pinuen antzekoak. Hauek bizirik daude eta herriko plazan jarri duten mila argizko txano luzea baino dotoreagoak dira. Beste aukerarik ez baduzue, aprobetxatu ongi hirian dituzun zuhaizdun parke horiek eta sentitu zuk ere zure hutsunean euren biluztasuna. Badator Eguberria guztiontzat.

Eguberri, egun berri, zer den ahaztu egin zaigu. Bai, arrazoi duzu, egunero da egun berri, baina neguko solstizioko egun berri, eguberri, desberdina da. Ez gaude egunari begira, eguzkiari begira baizik. Eguzkiak ematen dio egu erroa egunari eta beste hainbat izeni: eguraldia, egurra, eguena, egutegia, egutera... Eguzkia, egutik datorrena. Eguberrik eguzki berria esan nahi du. Eta zergatik eguzki berria? Urte osoan gure buru gainetik ibili ondoren, pixkanaka mendi aldera jaisten joan da, ortzi mugara jausten, eta neguko solstizioan hasiko du berriro goranzko bidea. Behar bada guri ez zaigu asko axola eguzkiak zer egiten duen, naturaz eta unibertsoaz ahaztu garelako, baina gure aurrekoek, gure asaba zaharrek, neguko une honetan jartzen zituzten euren desio guztiak, une zoragarri hau bizi ahal izateko erritual guztiekin. Eguzkirik gabe ez dago ez bizitzarik eta ez bizitzerik.

Eguberriak datoz, bai, batzuentzat Gabonak. Duela gutxi norbaiti entzun nion Gabonak hitza kristauek erabiltzen dutela eta ez litzatekeela erabili behar. Gabonak, nire ustez, gau on-etik dator eta bere esanahia eguberriarekin lotzen da. Eguberri gauez ospatzen zen, hurrengo eguneko egun berriari ongietorria egiteko. Gauean, beheko sutan jartzen zuten enborrari leku askotan «gabon enborra» deitzen zioten eta aurrez aukeratutako enbor hori gau guztian sutan egoten zen eguzkiaren argi berria ikusi arte. Enbor honen errautsak etxeko egur pilan eta soroetan zabaltzen ziren, gaitz guztietatik babesteko erritual modura. Gaur egun ezin ditugu erritual berdinak egin gure etxeetan eta ezta komeni ere erritualetara bueltatzea. Baina erritual horiek zentzu bat zuten: unibertsoarekiko eta naturarekiko lotura, guk galdu duguna. Enborra beheko sutan jarri beharrean, jar dezakegu mahai gainean. Europako herrialdeetan beheko suaren gabezian, enbor zati baten itsurako pastela egiten hasi ziren eta hori erabiltzen dute benetakoaren oroigarri. Hemen ere aurki daiteke pastel horietakoa, Gabon enborra (Tronco de navidad) deitzen dena.

Eguberriak edo Gabonak ospatzen jarraitu beharko genuke baina gure izatea unibertsoarekin eta naturarekin bat eginda, gu garenaren amaren ondoan, erritu bakar batekin: den guztiarekin elkartasunean. Ahal den neurrian naturari kalte gutxien eginez eta bertatik aldentzen gaituen guztia baztertuz.

Nire desiorik oparoena Eguberri ospakizunerako.

Search