Gontzal Mendibil
Abeslaria

Egunkari saltzailearekin berbetan

Kalean gertatzen denaz, une oro bertan lan egiten duenak du argien, halaxe uste dut nik. Eta egun hauetan, egunkari saltzaile batekin berbetan, ondorio gazi-gezak atera ditut. Barrutik kanporako informazioa dute beren gain eta gainera kanpotik barrurakoa ere, argibideak saltzeaz gain, eroslearen aurpegiak sumatzeko abagunea dute une oro.

Kioskoan 35 urte daramatzala esan dit eta gauzak argi ikusteko eta aztertzeko moduko gogoetak dauzkala diost: «Hemen, hiru buruzagi ditugu: Iberdola, BBVA eta Banco Santander; gure egunerokotasuna, gure egiteak eta desegiteak beraien esku daude, eta beraien ondasunak zaintzeko atezainak dituzte. Interesen arabera irekiko edo itxiko dizkigute ateak, eta halaxe ba, beste guztiok haien zerbitzupean eta beraien menpe. Milioika herritar eta hiritar hemen, haiek zer esango eta zer egingo».

«Beraz, gu, artalde handi hau, beraien erabakien pentsuetan gaude. Eta gure eragitea edo deseragitea beraiek diotenaren araberakoa izango da. Ez dut batere argi ikusten duguna ez eta izan dezakeguna, begira ezazu ingurura, zenbat denda eta zenbat toki itxi dituzten! Leku onak gainera, batzuk itzelezko negozioan eta beste asko eta asko lur jota. Hauxe da nik, nagoen leku honetatik, ikusten eta sentitzen dudana. Eta nire esperantza, beste askorena bezalaxe, hala moduz bada ere, bizirik irautea da».

«Urtean hiru egun hartzen ditut oporrak, egunkaria ateratzen ez den hiru egunetan. Eta, kalean gertatzen denaz zerbait dakidalakoan nago, kalea bizi dut eta. Kalekumeen artean denetarik dago, errealitatearekin aurrez aurre eginez berarekin topo egiten duena eta errealitatea den bezala ikusi nahi ez duena, holakorik ere bada; zorionekoak hauek!».

«Zer esanik ez, erosleak gutxian gutxitu direla nirean, eta gazteek apenas erosten dutela egunkaririk ez eta aldizkaririk. Digitala dela beraien informazio iturria, hori diote, baina nago beste informazio baten bila dabiltzala. Aukeratze prozesua gurea baino zuzenagoa da berauena. Munduan gertatzen denaz eta gure inguruan ere gertatzen denaz nolabait paso egin; gurean ere sumatzen ditut. Nahi eta ezinean, diruz justu dabiltza eta, larrialdian baina zorion bizi gurean. Azken batean, halaxe gaude gehienok, nagusiak eta atezainak salbu».

«Eta betikoa dugu, begi bistan da handiak txikia jaten duela. Nola demontre lehiatuko da dendari txiki bat beste handi horiekin! Guztiz ezinezkoa egingo zaio aurrera egitea. Emazu bueltatxo bat eta ikusi zenbat eta zenbat lokal dauden itxita! Merkatu librea dugula eta, honelaxe gaude, guztiok norgehiagoka, batak bestea izorratzen. Baina buruzagiak eta hauen atezainak seguru daude, eta zenbakiak ez bazaizkie koadratzen, ba, beste gehienoi prezioak igoko dizkigute eta kito!».

«Alla cuidaus!» dio berak!, dena konponduta, ezer gertatuko ez balitz bezala. Halaxe funtzionatzen du makroekonomiak.

«Honetaz ari zaizkigu gau eta egun adituak. Eta krisiaren amaieran gaudela diote. Nik ez dut inondik hori nabaritzen, eta jendearengandik oso gertu nago. Beraz, ateratzen gaudela? Ateratzen, nondik baina? Nire itxaropena nolabait bizirik irautea da, beste itxaropen askorik ez dut. Akaso, erretiroan hobeto biziko naizela pentsatzea. Baina ez dut argi ikusten nire geroa, oraina ere ez dut ikusten eta. Nora goaz? Hauxe da nire galdera sinplea. Eta ez dut erantzunik, eta ez dakit baten batek duen ere!».

«Nire bezeroak neurekin batera zahartzen ari zaizkit, ez dut apenas prentsa erosten duen gazterik. Hau, elizara doan jendearen antzekoa da, gero eta jende gutxiago eta adintsuagoko, ilea urdintzen ari zaienak eta burusoil zenbat gura. Ohiturak eta inertziak eraginda baina uste sendorik gabekoak gehienak».

«Gaur mundu digitalean ari dela jendea, nabaria da, baina, nire ustez informazioa beste era batera hartzen dutelakoan nago edo behintzat beste era batean ulertzen dute. Ni oraina eta iragana naiz eta beraiek dira etorkizuna, beraz, konpondu beharko dute guk edo gure gainetikoek zapuztu dutena. Baina berriro diotsut ez dudala argi ikusten nolatan atera gaitezkeen egoera honetatik. Batez ere, buruzagien interesak eta atezainen interesak zeintzuk diren ikusita, eta gu, haienganako obedientziapean burumakur egonik, nire iritzian, esklabo bihurtzen hasiak garen libertate ezkutatu bateko gizarterantz goaz, finantzen esklabo garelarik. Hauxe da haienganako dugun morrontza eta mendekotasuna».

Eta gogoeta sakonak jaurtitzen dizkit barra barra.

«Ondo deritzot belaunaldi berriko gazteak aukera berriak bilatzea, hemen ez bada, han. Eta mundu berri bat posible delakoan itxaropentsu jarraitzea, zeren, dugun honek ez die erakartzen. Ahal izango duten? Ez dakit. Nik neurean jarraituko dut, hauxe dut dudana eta kiosko honetan 35 urte eramateak eman didan balorazioa eta ikusmoldeak kontatu dizkizut. Geroak zer esango didan ez dakit, orainak zer esaten didan ere ez dakit eta».
«Argi daukat kaleko mundu fisikoa haustutzen-haustutzen hasia dela. Erretiroa hartzeko oraindik bost bat urte falta zaizkit. Eta oraingoz, monjeak altxatzen diren orduetan jarraituko dut begiak zabaltzen eta bezeroei egun ona ematen».

Minutu gutxi batzuez kioskoko egunkari saltzailearekin hitzok tartekatzeak bere iritzien jabe egitera ekarri nau, baita kalea eta kalekumea nola dabiltzan sakonago hausnartzera ere. Gaur egun bizi dugunaren ikuspuntu zuzenagora. Ez baikorrago ez ezkorrago. Dugun errealitatea kioskoko saltzailearen ahotik, hauxe da dakarkizuedana, besterik ez.

Search