Josu Amezaga
EHUko irakaslea

EHUren pegatina

Ekintza sinbolikoek garrantzi handia izan dezakete. Oraingoan, hurrengo urteetako erronkei heltzeko engaiamendua erakutsi duen talde bakarrari babes sinbolikoa ematea, mendiko ibilbidean abiatzen denari hornidura ematea bezalakoa da.

Berrogei urte bete ditu aurten Euskal Herriko Unibertsitateak, ospakizunik egin gabe. Urtea ez bide da ospakizunetarako egokiena. Baina nago urtebetetze jairik ez egitearen arrazoia ez dela pandemia izan, beste zerbait baizik: ekintza sinbolikoei garrantzi txikia ematea, alegia.

Nik, ordea, garrantzia ematen diet sinboloei. Kontakizun pertsonala egitea zilegi bazait, esango dut EHUren oraingo logoarekin institutu garaian egin nuela topo lehen aldiz; baina ez oraingo ikasleek bezala. Hura ez zen selektibitatearen osteko ikasketak aukeratzeko inprimakiaren idazpurua, paparrean itsatsita generaman aldarrikapen pegatina baizik. Gaur egun zientziaren zuhaitz artistiko hura euskarri ofizial ugaritan ikusten dut. Horrelakoetan, aldiro, eguneroko buruhausteetan parentesia ireki eta ibilbide osoari begiratzen saiatzen naiz: orduan pegatinaren ibilbidea egiten dut.

Garai hartan, ahaideak izan zituen Txillidaren ikur hark: nuklearrik gabeko lurraldea eskatzen zuen ikurra bata, eta amnistia eskatzen zuena bestea. Denborarekin eta esfortzuarekin, 1980an unibertsitate bihurtu zen aldarrikapena; eta nuklearrik gabeko lurraldea ere lortu zen; amnistiaren pegatinak oraindik paparretan jarraitzen du, ordea.

Aldarrikapen hark bat egin zuen sektore ekonomiko batzuen beharrekin, bai eta eratze politikoarekin. Hortik sortu zen EHU. Sortu, ez zen hutsetik sortu: hor ziren lehendik zenbait eskola, bai eta Bilboko Unibertsitate gazte hura ere. Baina nahikoa irakasle, material, zein lege ez zuenez, Espainiako unibertsitatearekiko mendekotasunarekin egin zuen topo herri aldarrikapenak, hasieratik. Horrek asko markatu zituen lehen hamarkadak. Hazi ahala, ordea, errotzen joan zen zuhaitza, eta bere onera etortzen. Eta errotzen jarraitzen du, oraindik adarrak gehiago zabaldu behar baititu.

1980tik hona ekarpen handia egin dio EHUk euskal gizarteari. Nagusia, nire ustez, formazioaren bidez berdintasun sozialean aurrera egiteko aukera eman izana, formakuntza berdintzailea baita. 400.000 pertsona titulatu dira bertan, konparatiboki oso gizarte formatua garelarik. Pegatinaren garaian, bost emakume gaztetatik bakarrak zuen unibertsitate titulua; gaur egun erdiek dute, gizonezkoen oso gainetik. EHUn matrikulatzen diren ikasleen erdiak baino gehiago euskal lerroetan matrikulatzen dira honezkero, transferituta egon ez arren. Formazioarekin batera, Euskal Herrian egiten den ikerketa gehiena EHUn egiten da. Eta milaka erakunde sozial, administrazio, enpresa, unibertsitate zein ikerketa zentrok aurkitu dute laguntza EHUn, lankidetzaren bidez.

Pandemian ere ikusi ahal izan da EHUko langile, irakasle, ikasle zein ikerlari ugariren konpromisoa euskal gizartearekiko. Unibertsitate publikoa gara eta jendarteari zor gatzaizkio; uste dut hori pegatinaren garaitik datorkigula.

Euskal gizartea ez litzateke berdina izango EHU gabe. Pegatina hura atera zutenek bete-betean asmatu zuten.

Laster Errektoretzarako hauteskundeak izango dira, eta EHUren logoa pegatina gisa ikus dezaten opa diot talde berriari; horrek sinboloaren dimentsio gehiago ikustea ahalbidetuko dio. Hautagaitza bakarra izanda, baliteke botoa ekintza sinboliko gisa hartzea batzuek, ospatu ez dugun urtebetetze jaia bezala. Baina ekintza sinbolikoek garrantzi handia izan dezakete. Oraingoan, hurrengo urteetako erronkei heltzeko engaiamendua erakutsi duen talde bakarrari babes sinbolikoa ematea, mendiko ibilbidean abiatzen denari hornidura ematea bezalakoa da. Hori eta gehiago beharko da.

Search