Joseba Garmendia
EHU-ko irakaslea

Elkarlan publiko-pribatu orekatua

Arriskua bere gain hartzea gero eta ahalegin kolektibo eta publiko handiagoa den bitartean, irabaziak ez dira hain modu kolektiboan banatzen

Aste honen hasieran jakin genuen Pfizer enpresa estatubatuarrak eta BioNTech enpresa alemaniarrak emaitza onak izan zituztela covid-19aren aurkako txerto esperimentalaren saiakuntzan. Munduko farmazia-enpresarik handienak, Pziferrek, azpimarratu zuen funts publikoak onartu gabe egin zirela txertoaren ikerketa eta garapena. Baieztapen horrek eztabaida sortu du, eta haren egiazkotasuna zalantzan jartzen duten informazioak zabaldu dira.

Horrela, Washingtongo kontsumitzailearen defentsarako Public Citizen erakundeak dio, kasu horretan, Moderna, Johnson & Johnson eta Novavaxeko txerto esperimentalen kasuan bezala, AEBetako Gobernuak garatutako teknologia erabiltzen ari direla. Pfizer enpresaren txertoa modRNA izeneko teknologian oinarritzen da, eta teknologia horren garapenean unibertsitate publikoek (Wisconsinekoa, adibidez) zein irabazi asmorik gabeko institutuek (The Scripps Institute eta Friedrich Loeffler Institute de Tübingen, adibidez) parte hartu dute; eta Ameriketako Estatu Batuetako erakunde publikoek (National Institutes of Health –NIH– edo Small Business Innovation Research –SBIR–) eta Alemaniako Gobernuak finantzatu dute. Gainera, BioNTech, Pfizerrek txertoan duen bazkidea, Alemaniako Johannes Gutenberg Mainz Unibertsitate Publikotik sortutako enpresa da; eta txerto horretarako 375 milioi euroko finantziazioa jaso du Alemaniako Gobernuarengandik. Kontuan izan gabe, arrakastarik izanez gero, produktuaren erosketa masiboa bermatuta dutela. Izan ere, albistea zabaldu eta bi egunera, Europar Batasunak 300 milioi dosiko eskaera egin zien.

Egoera hori ohikoa da osasunaren ikerketa zientifikoaren esparruan. Aldaketa teknologikoan laguntzen duten I+G inbertsioek urteak behar dituzte produktu berrietan gauzatzeko, eta porrot maila handia da. Sektore farmazeutikoan, adibidez, I+G proiektu bateko berrikuntza prozesua hamazazpi urtera arte atzeratu daiteke, eta hamar mila konposatutik bat baino ez da iristen merkaturatu aurreko fasera. Arrisku handi horren ondorioz, enpresek gutxiago inbertitzen dute oinarrizko ikerketan, eta ikerketa aplikatuan kontzentratzen dira. Horren ondorioz, administrazio publikoek zergadunen diruarekin egin eta finantzatu behar dute ikerketaren zati handi bat. Adibidez, AEBetako ekonomian, gastu publikoa AEBetako oinarrizko ikerketaren %57 da, eta, sektore pribatuak, berriz, % 18 baino ez du finantzatzen. Hala, “New England Journal of Medicine” aldizkariko editore ohia den Marcia Angellen hitzetan (2004), nahiz eta enpresa farmazeutiko pribatuek neurriz gaineko prezioak justifikatzen dituzten esanez I+G kostu handiak ordaindu behar dituztela, egiari zor, botika berri benetan berritzaile gehienak laborategi publikoetatik datoz. Farmazialari pribatuen praktika zabaldua da, berriz, jatorri publikoko botika horiei aldaera txikiak egin eta patentatzearena, baita proba klinikoen faseetan eta merkaturatzean kontzentratzea.

Ikuspegi zabalago batetik, Ruttanek (2006) dio gobernuen eskala handiko eta epe luzeko inbertsioa izan dela azken mendeko erabilera hedatuko teknologia ia guztien motorra, hala nola abiazioaren teknologia, teknologia espaziala, informazioaren teknologia, Interneteko teknologia eta energia nuklearra. Kasu guztietan, arrakastak ez dira gertatu arlo publikotik berrikuntzarako edo merkaturatzerako baldintza egokiak eta finantzazio nahikoa bideratu direlako soilik, aukera eta merkatu berriak asmatzerako orduan administrazio publikoak izan duen gidaritza ere funtsezkoa izan da.

Puntu horretan, arrisku-inbertsioen eta irabazien arteko erlazioari buruzko eztabaida sortu da. Sektore farmazeutikoan bezala, non Estatuak ikerketarik arriskutsuena bere gain hartzen duen eta farmazialari handiek etekin gehienak eskuratzen dituzten, beste sektore batzuetan ere, hala nola banka pribatuan, informatikan, energia eolikoan edo eguzki energian, disfuntzio bera gertatzen da: arriskua bere gain hartzea gero eta ahalegin kolektibo eta publiko handiagoa den bitartean, irabaziak ez dira hain modu kolektiboan banatzen. Hau da, kostuak eta arriskuak sozializatu egiten dira eta irabaziak pribatizatu.

Administrazio publikoak egiten ditu inbertsio handienak kostu finko eta ziurgabetasun handieneko azpiegitura fisikoetan eta giza azpiegituretan; oinarrizko ikerketan inbertitzen du; enpresei berrikuntza-prozesuan parte hartzeko aukera ematen dieten inbertsioak diruz laguntzen ditu; ikertzaile akademikoak industriako adituekin harremanetan jartzen laguntzen du; eta ikerketa-partzuergoak eta klusterrak sustatzen eta dinamizatzen ditu, enpresa horiek lehiatzeaz gain elkarrekin lan egin dezaten. Eta, hala eta guztiz ere, ez dirudi esfortzu horren guztiaren itzulera gertatzen denik zergen bidez; eta desoreka hori kaltegarria da berrikuntza-sistema orekatua, denboran jasangarria eta inklusiboa finkatzeko.

Sistema horretarantz aurrera egiteko, sistema fiskal justu eta progresiboaz gain, mekanismo osagarriak ezarri beharko lirateke, pribatizatutako onuretatik modu zuzenean bidezko errentak biltzea ahalbidetuko dutenak. Adibidez, diru publikoarekin finantzatu diren berrikuntza disruptibo aplikatuei royalty publikoak ezartzea (adibidez, Google enpresaren bilaketa-algoritmoari); gardentasuna I+G arloko inbertsio publikoetan eta lankidetza publiko-pribatuetan; mailegu eta dirulaguntza publikoetan baldintzak ezartzea, besteak beste, mozkin maila jakin batetik aurrera laguntzaren zati bat itzuli behar izateko (ikasleen bekekin gertatzen den bezala); laguntzak jasotzen dituzten enpresa pribatuetan kapitalean parte hartzea; edo inbertsio eta garapen banku publikoen bidez jardutea.

Search