Onintza Enbeita, Lur Etxeberria, Bakartxo Ruiz, Asun Fernandez de Garaialde
EH Bilduko hautetsiak

Emakumeon erabakitzeko eskubideari errespetua

«Galdera da: haurdunaldia gurea baino ez bada, gu baldin bagara haurdunaldia, lana, gure bikotekidea (daukatenen kasuetan), familia, ingurua, lagunak, nekea kudeatu behar ditugun bakarrak, zergatik kudeatu behar dute beste batzuek abortatzeko eskubidea? Nor da inor, egiten ari garena morala den edo ez esateko?»

Ama, bizitza, umea, fetua, hilabeteak, balizkoak, morala, eliza eta fedea.  Horri guztiari buruz hitz egiten dugu abortuaz ari garenean, eta gauza garrantzitsu batez ahazten gara: emakumeez, hain zuzen ere.

Ama izatea aukera bat da. Ez da derrigorrezko zerbait, ez da jaiotzen garenetik DNAn daramagun tasun bat, ez da munduari mundu izaten jarraitzeko zor diogun ezer: eme jaio ginen orok daukagu aukera erditzeko. Hori da DNAn dakargun bakarra: hortik aurrera bakoitzaren erabakia da erditu edo ez, ama izan edo ez.

Espainiako Justizia Ministroak ordea, munduari mesede egin nahi balio legez, abortuaren kontrako bandera hartu du. Bere diskurtsoa moralarekin eta hamaika argudiorekin jantzi duen arren, sektore mediatiko jakin batzuk eta eskuin muturra bere alde atera diren arren, eliza katolikoko sektorerik atzerakoienak txaloka ari zaizkion arren, berriro ere, gauza garrantzitsu batez ahaztu da: emakumeez, hain zuzen ere. Gu gara barruan zerbait ernaldu, hazi eta erditzeko gaitasuna dugun bakarrak. Sentitzen dugu; nonbait badagoela diozuen Jaungoiko horrek guri eman zigun aukera hori; eman ziezaiokeen Adani, baina Evari eman zion.

Abortua deitzen diote, eztabaida fetuan zentratzeko: bizirik ote dagoen, umea ote den… baina eztabaida urrunago eramaten asmatu behar dugu. Ezbaian dagoena emakumeon ugalketa eskubidea da. Abortua ez baita kapritxo bat, eskubidea baino, eta amatasuna ez baita kapritxo bat, eskubidea baino. Bata zein bestea aukeratu, emakumeok askatasuna behar dugu eta gizarteak ulertu egin behar du gu garela aukera horren jabeak, gure gorputza dela puztuko dena, gu garela gaitasun hori garatu edo ez erabaki dezakegunak eta jokoan dagoena ez dela fetua, edo balizko umea, gure eskubideak baino.

Izan gaitezen denok zintzo eta utz dezatela hipokrisia albo batera: abortuak egin izan dira, orain ere egin, egiten dira, eta aurrerantzean ere, egin, egingo dira. Kontua da, zein baldintzatan. Emakumeon osasuna eta duintasuna bermatuko den, ala ez. Izan ere, abortatzea libre izango balitz eta osasungintza publikoan normaltasunez egiterik balego, gauzak errazagoak liratekeela: kontra dagoenak, nahi ez duenak, hala egin behar duela uste ez duenak, ez luke abortatuko; baina hala nahi duenak, hala egin behar duela uste duenak, kriminalizaziorik gabe eta bere bizitza arriskuan jarri gabe egin ahal izango luke.

Zer esanik ez, haurdunaldia eten nahi duenak ez du zertan ekografiarik ikusi, gura ez badu. UPNk, lege berriaren harian, horixe bera proposatuko duela iragarri du.  Nor da UPN emakumeak horretara derrigortzeko? Akaso Alderdi Popularraren zein UPNren murrizketek kalean utzi dituzten familien argazkiak ikusten ote dituzte beraiek? Eta ez da hau eztabaida desbideratzea. Eskuinaren hipokrisiak ez du mugarik: ekarri umeak, esaten digute, ekarri umeak mundu zoragarri honetara, gero geuk bidaliko ditugu-eta Alemaniara, langabeziara edo pikutara. Emakumeok derrigor ekarri behar ditugu umeak fabrikazio akatsik ez badugu. Hori bai, gero ume hori eskolatu, elikatu eta hezi egin behar baduzu, Gobernuak eskuak garbitzen ditu. Zoragarri!

Eta orduan hasten zaizkigu moralaz hizketan: abortuaren alde zaudetenok, gabeziak dituzten umeak ez erditzea erabaki duzuenok… aizue, nire umeak jaio aurretik ikusteko moduko sindromeren bat badu, eta nik umea ez izatea erabakitzen badut ez nazazue kriminalizatu; nik ez ditut funtzio aniztasuna dutenak autonomia pertsonalik ez izatera kondenatu nire murrizketen bidez. Erditzea, erditzea baino ez da; bizitza, pertsonari, ostean gertatzen zaizkion gauzek eman edo kentzen diote.

PPren lan erreformaren ondorioz, edozein enpresarik erabil dezake haurdunaldiaren aitzakia lan absentismo moduan, eta lanik gabe geldi daiteke haurdun dagoen edozein emakume: medikuarenera sarritan joan behar duelako, ezin duelako ordurik eskatu umea medikuarenera eroateko… Orduan, galdera da: haurdunaldia gurea baino ez bada, gu baldin bagara haurdunaldia, lana, gure bikotekidea (daukatenen kasuetan), familia, ingurua, lagunak, nekea kudeatu behar ditugun bakarrak, zergatik kudeatu behar dute beste batzuek abortatzeko eskubidea? Nor da inor, egiten ari garena morala den edo ez esateko?

Werten hezkuntza erreformak ez du sexu heziketaz ezer esaten. Sexualitateak tabu izaten jarraitzen du, eta hala ere, gazteenek bizitza eredugarria izatea nahi dugu. Nola baina? Ba ote dakigu ze sexu estereotipo sortzen eta indartzen ari garen telebista bidez? Lehenengo esperientzia perfektuak, kondoirik eta haurdunaldirik gabeko sexu harremanak, edertasun eredu nagusiari erantzuten dioten gorputzak, sarketa hutsera bideratutako harremanak… eta hala ere, espero dugu, ezkontzara larrutan egin gabe helduko direla, eta Jaungoikoak ematen dizkien ume guztiak izango dituztela. Hezkuntza politikak errealitateari lotuta egin behar dira, eta ez Hollywoodi begira.

Galdera gehiegi ditugu, eta Gallardonek mehatxu egin du: legea 1985era eramango du. Praktikan, 1985ekoa baino askoz atzerakoiagoa da. Orduko lege hartan, hiru baldintzen arabera bakarrik zen legezkoa haurdunaldia etetea. PSOEk epeetan jarri zuen muga, eta ez zuen lege ideala egin, baina onar dezagun 1985ean baino hobeto gaudela orain. Aurrera pausoak behar ditugu, ordea; aurrera egin behar dugu: abortatzeko eskubideak libre behar du, eta hezkuntza sistemak eta osasun zerbitzu publikoak eman behar digute horretarako erantzuna. Bitartean, milaka urte egingo ditugu fetua ume izatera zein hilabetetan heltzen den eztabaidan, baina ez gara inoiz arazoaren muinera iritsiko: erditzea aukera bat baino ez da, eta ez erditzea erditzearen besteko aukera duina da. Aukera hori egin ahal izateko, edo egin beharrik ez izateko, askatasuna emango digun bide bakarra heziketarena eta prebentzioarena da

Search