Gontzal Mendibil

Erroak astinduz

Carlos Slim, munduko gizonik aberatsenak egunean 10-11 lan orduak egitearen proposamena egin digu oraintsu, baina ez bost eguneko lan orduetan, baizik eta asteko hiru egunetan. Honek zera ekarri dit gogora, aintzina baten Europako zibilizazio zaharrenean, euskeraren jatorriak aztertuz eta bere erro sakonetan murgilduz, halaxeko egituraketaren bat izango zutela gure aurrekoek. Kristaurreko belaunaldi zaharrean, bizipenerako eta gorputzaren elikapenerako, astelehenetik asteazkenerainoko hiru egun lan produktibo, eta barruak asetzeko edota arima eta adimenaren bizipozerako beste hiru. Nork ez luke hartuko begionez proposamen hau?

Jainkoa edota Ortzea gurtuz eta berari edo beraie otoitz eginez jardungo zuten Ostegun/Eguenean. Joandakoen oroimenez burutuko zuten Ostiral/Bagerikua, eta Larunbat/Laurenbatean, lurraren eta fruituen emari den illargia gurtuko zuten. Azkenik Igandea, atsedentsu igarotzeko eguna. ‘Ora et labora’ren antzekoa lirudike hau. Adimenez eta gorputzez osasuntsuagoak ginateke eta gure jakinmina eta sortzeko gaitasuna ere areagotuko genuke eta nola ez, aukera berriak ere hedatuko lirateke. Honez gain, gure erabakiak sendoz hartzeko eta gorpuzteko askatasun gehiago izango genuke eta jakina, lana ugarituko liteke.

Lana, gizartearen ardura eta beharrizan emozionala dela dio Slimek eta jubilazio urtea atzeratzea proposatzen du. ‘Gustoko tokian aldaparik ez’ esaera zahar hau aintzakotzat hartuta ez litzaiguke inportako indarrak ahultzen hasiak ditugunean, orduantxe hartzea erretiroa, hogei urtez luzatuko balitzaigu ere. Beraz, euskaldunok ote dugu munduaren egitura berrirako gakoa? Eraketa berri honek, baten batzuen pribilegoa erakarri ordez, guztion ongizatea areagotuko luke.

Jakin badakit utopiaren erreinuetan sartzen ari garela hau azaltzerakoan, askotxo da aldatu beharrekoa eta, baina patriarkalismoa, materialismo hutsari, anbizioari, botereari eta diruari loturik dago, eta bizitza zerbait gehiago da, askoz gehiago. Krisiak ez dira batere onuragarriak baina aukera berriak ere ekar ditzakete. Gaia zera da: nolako bideari ekiten diogun ainguratuta gauden honetatik atera ahal izateko. Dagokiguna, pasibitate hutsez hartzeak edota “Laisser faire” konsigna jarraitzeak ez dakarkigu ezer onik.

Erreakitatea den bezalakoxea da, eta proposamen utopikoak, itolarrian aurkitzean edo beste irtenbierik ez ikustean etor litezke. Begibistan ez dugu argi gehiegirik ikusten eta egituraren nolabaiteko aldaketa beharrezkotzat jotzen da. Beraz, atzera begiratzeak ziur aurrera ekiteko zerbait onik ekar ligukeela.

Patriarkalismoaren merkantilismo hutsaren kultura bakan honek, gizaki askoren estuasuna dakar eta beraz, eredu baliogabe baten burrunba. Hondoratze honen aurrean, elkarrenganako babes bateratsuan eta gizakien eta herrien oinarrizko eskubideen defentsan burrukatzea dagokigu, edota onartu bestela, dugun hau okerragorantz joango dela, eta urteetan lortutako eskubide askotxo zapuztuak izan litezkeela behin-betiko.

Eguneroko aldaketa teknologikoen berripean gaude guztiok, baina honek ez garamatza motibatzera ez eta are gutxiago itxaropenezko gogoetara, baizik eta elkarrenganako urruntzera eta bakoitzak bere burua salbatzera. Egonezina nabaria da, eta lortutako ongizateak alde egingo digunaren susmopean gaude. Eta, aldaketa nabarmen batek, miseria aregaotu dezakeen arazo hau konpontzen, kapitalismo sistema berari ere lagunduko lioke.

«Neure amarengandik ikasi nuen justiziaren sena», eta bizitzan tentuz eta zentzuz jokatzen dio Slimek. Amaren pentsaera, egikera eta egituraketa, beti ere zuhurragoa eta bidezkoagoa da. Eleizaren erantzukizuna ere handia da eta Franzisko Aita Santuak goraipatzen duen emakumezkoaren izaera duin eta baliotsuari lekua utzi beharko lioke behingoz eleizaren aginte estamentuak. Erlatibismoaren pentsakerak baloreen suntsiketa dakarrelakoan nago. Komunikabideek beraiek balore askoren erridikulizatzea airatzen dute. Eta bestetik, desakralizazioan dagoela dio Mircea Eliadek aro modernoaren izurrite psikologikoa.

Gurean, Bittor Kapanaga Otxandioko jakintsuak zioen, lurrean gure ibilbidearen zuztarrak hauek liratekeela: IZ(Izan), IN(Egin), IL(hil). Eta AR/UR multzoan (izatearen, lurraren eta fruituen oinarrizko fonemak), eta GO multzoan(Gogoa, Jainkoa…)goikoak eta barne indarrak geure biziaroan emango digun zuzpertzeko indarra. Baina zehaztasun filosofiko, antropologiko, linguistiko edo teologiko guztien gainetik, erabaki politikoan dago gure eguneroko bizibidearen egituraketa, eta aldatzea balitz, orain daukaguna baino portaera bidezkoagora eta onuragarriagora eraman beharko digun beste ikusmira batez jokatzea komeniko litzaiguke. Gaurko Txina bada geroaren eredu, jai daukagu.

Beraz, munduko gizon aberatsenari zera esango diogu, Europa lurraldeko hizkera eta kultura zaharrena zeukaten gure aintzinako arbasoen formula dugula munduaren egituraketa osasuntsuago baterako. Slim eta bere gorteko finantza gizakiek prest leudekete aldaketa honetarako? Zuzentasunaren oinarriak eta giza eskubideak areagotuko lituzkete? Hartuko zuten beretzat eta goretsiko zuketeen joera humanistarik? Ausartuko lirateke?. Ez, ez esaidazue erantzunik eman, ez eta ilusoa naizenik ere deitu, baina Calderon de La Barcaren ‘Bizitza Amets’ Xabi Payak ederki itzulitako liburua irakurtzen ari naiz eta pentsatu izan dut Slimek jakin izan beharko lukeela lurralde hauetan izan zela garai bat hiru egunez gogorki lan egiten zutena eta beste hiru, otoitzen, gogoetak egiten edo barruak astintzen zihardutena. Oraindik ere gogoan dut gaztetan hainbat alditan errezitatzen nuen hura, orduan gasteleraz noski, «Zer da bizitza? Ospela, Zer da bizitza? Desira, isla, eromen, distira; altxor oro da trakets, oro da bizitza amets eta ametsak amets dira».

Search