Itziar Aizpurua Egaña
Ezker abertzaleko militantea

Eskerrik asko!

Eskerrik asko, 47ko talde eder hori osatu duzuen askatzaileoi. Gure barruan argia eta poza berpiztu duzue, eta ez naiz nitaz soilik ari, ez baitut zalantzarik larunbatean Bilboko kaleak bete genituen askoren sentipen bera izango dena eta.

Urte asko dira, Baltasar Garzonen hitzei eta ekintzei jarraituz, Auzitegi Nazionaleko epaileak Euskal Herrian sortutako herri eta giza mugimenduetan lan egin duen jende andana, gazte eta helduak, kartzelara sartzen hasi zirela. Hain zuzen, horretarako sortu zuten epaitegi berezi hori: euskal disidentzia, abertzale, ezkertiar eta demokrazia zaleak, herriarekin konprometituak, gizartetik erabat desagerrarazteko asmoz. Bazterturik, kartzelan bakartuta, senide eta lagunengandik urrunduta, denboraren poderioz bertan ustelduko diren itxaropenez.

Hitz krudelak erabili ditudan sinesmen osoa dut, baina hori baino gordinagoa da oraindik euskal preso politikoek bizi duten eguneroko errealitatea. Hiztegian ez dut aurkitu izenik, ezta izenondorik ere. Bizipozak eta bizipenak hitzez aditzera ematea zaila iruditzen bazait, askoz zailago oraindik preso dagoenarenak, lau horma artean harrapaturik, animaliaren antzera gizartetik urrundua...

Honetara kondenatu gintuen Garzon epaile guztiz ahaltsuak, eta jarraitzaile on baino hobeak izan ditu. Hortxe dugu Grande Marlaska, PSOErekin agintean dagoen epaile-ministro ondo ezaguna euskaldunontzat. Zoritxarrez, egurrak, kartzelak eta heriotzak jarraitzen dute iparrorratz izaten horientzat.

Geure buruari zer egin galdetzen diogunean, badaukagu non begiratu astelehenekoari erreparatuz, Auzitegi Nazionalean berrogeita zazpi lagunen pauso aldaketa horri, alegia.

Maitasunez bildutako duintasuna eta elkartasuna izan ziren protagonista nagusiak, etsaiaren aurrean lagun hauek beren lana harrotasunez “bai” esanez erantzun ziotenean auzitegiko epaile arrotz, zurrun bezain tristeari, etorkizunik gabekoari, nahiz boteretsu sentitzen zen horrenbeste «errudun» bere esku egonik.

Elkarrekin ematen ditugun pausoek eraikiko dute bizi berria, eta ez etsaiak behartzen gaituen kartzelak zein kanpoko arauak betetzeak. Geurea dena geureganatu behar dugu. Bai horixe! Ondo dakit zein zaila izaten ari den kanpoan. Eta barruan dauzkagun lagunentzat zilegi dena eskuratzea? Botere ezkor, suntsitzaile honen aurrean adimen zorrotzak izatera, azterketa-ariketa finak egitera behartzen gaitu, erantzun zuzen eta zintzoak emateko. Eta, guztiaren gainetik ausardia, erne jartzeko deia heldu zaigula deritzot, badatozen denborak oso zailak izango direlako. Adi egotekoak, ehiza txakurren antzera belarriak tente.

Itxaropena eta ilusioa lagun ditugula, elkarlanak garaipena ekarriko digu, barrukoei zein kanpokoei. Baturik indartsu gara. Oso indartsu gainera, eta horren beldur dira. Bilboko kaleetakoa gero eta ozenago izan beharko du euskal preso eta iheslari politikoak etxean izan ditzagun. Premiazko eginbeharra, bestalde, Euskal Herria askatu nahi baldin badugu, zeren presondegiak hustu gabe ez dago Euskal Herria eraikitzerik. Elkarlana da, auzolana.

Berrogeita zazpi lagun horien senideei, zorionak bihotzez. Arantxa Zulueta eta Jon Enparantzari, militante bikainei, besarkada beroena, berrogeita hamar mila musurekin batera gainontzekoengana heldu nahian.

Maite zaituztegu!

Search