Jon Fernández Iriondo

Espainiar alderdi sistemaren bilakaera: VOX ate-joka

VOX ate-joka dago, ez dago hau ukatzerik. Abagune honen aurrean, gainontzeko alderdiek hiru estrategia ezberdinen artean aukeratu beharra daukate: imitatu, aurre egin, ala ez entzunarena egin.

2014ko Europar Parlamenturako hauteskundeetan Podemosek beregana erakarri zuen arreta osoa. Inork aurreikusi gabe, Espainian jaio berri zen ezkerreko populismoak milioi bat bozka lortu zituen, UPyDri sorpasso-a eginez. Izquierda Unidak ere arrakasta izan zuen, Rosa Díezen alderdiaren agerpenarekin ezbaikoa zen hirugarren postua berretsi baitzuen botoen %10ekin. Bazirudien 78ko erregimenaren amaieraren hasiera izan zitekeela, ETAren bortizkeria –eta beraz, ETAren aurkako diskurtso bateratzailea– ekuazio politikotik at geratzean espainiar gizartea esnatu egin zela, estatuaren demokratizazioa posible zela. Egun batetik bestera, espainiar politikak ezkerreranzko biraketa nabarmena izan zuen.

Alabaina, gau hartan beste zerbait gertatu zen. Katalunian sortutako alderdi antikatalanista batek, Ciudadanosek, estatu-mailako politikara salto egin zuen bi eserleku eskuratuz. Finantzabideari lotutako susmoak alde batera utzita, hedabideek leku nahikoa utzi zieten Javier Nart eta Albert Riverari hauek jauzia burutu ahal izateko, eta harrezkero, bi eurodiputatu horien aitzakiaz baliatuta, are ikusgarritasun gehiago eskaini zieten La Sexta Noche bezalako tertulietan. Zergatik? Banco Sabadellen presidenteak oso argi utzi zuen: kapitalak eskuineko Podemos bat behar zuelako. Espainiar politikak izandako ezkerreranzko biraketa konpentsatu beharra zegoen.

Horren ostean badakigu zer gertatu zen. Podemosek egundoko jazarpen mediatikoa pairatzen zuen bitartean, Ciudadanosek gorakada artifiziala izan zuen. Botere faktikoek, inkesten bidez eta sugestioaren indarra erabiliz, Albert Riveraren alderdia puztu egin zuten. 2014ko abenduan, GESOPek burututako inkesta batek Ciudadanosek Kongresuan hiru eta bost eserleku artean izango lituzkeela zioen. 2015eko martxoan, berriz, operazioa jada abian zegoelarik, Metroscopiak %18,4ko boto estimazioa eman zien. Bi hauteskunde orokorretan laugarren izan arren, Kataluniako auzia –eta Espainiar estatuaren jazarpena– pil-pilean egonda bertako nazional-konstituzionalismoaren liderra Inés Arrimadas ez beste inor izateak ere etekin politikoa ekarri die. Oraindik ikusteke dago noraino hel daitezkeen.

2018ko ekainean Madrilen suertatutako gobernu aldaketak, paradoxikoa badirudi ere, ez du espainiar politikaren eskuineranzko joera hau etenarazi. Izan ere, PP gobernutik oposiziora pasatu izanak militantziaren erradikalizazioa aktibatu du, are gehiago independentismoaren erruz –edo independentismoari esker– izan bada. Horregatik izan da Casado –eta ez Sáenz de Santamaría– militanteek aukeratutako presidente berria. Gauzak horrela, Pablo Casado eta Albert Rivera norgehiagoka dabiltza eskuinaren espektroan. Batak CUPen ilegalizazioa proposatzen badu, bortizkeria babesten duela leporatuta, besteak alderdi subiranistak langa antidemokratiko baten bitartez Kongresutik kanpo utzi behar direla dio. Hori guztia gutxi balitz, bada urtebete hainbat sektorek beste operazio bat daukatela esku artean: VOX.

Ultraeskuineko alderdi honen igoera ulertzeko, komenigarria da haren ibilbideari erreparatzea. VOX 2013ko abenduan sortu zen, Ortega Lara alderdiaren aurpegirik ezagunena izanik. 2014an, marka hau hauteskunde batzuetara aurkeztu zen lehenengo aldian, Alejo Vidal-Quadras hautagaiak 250.000 bozka inguru jaso zituen eta 2.000 botogatik geratu zen eserlekurik gabe. Honek lidergoa utzi eta gero, boto galera handia jasan zuen ultraeskuineko alderdiak, bi hauteskunde orokorretan 50.000 bozka inguru jaso baitzituen. VOXek bazeukan PPko boto-emaileen kopuru txiki baten begikotasuna, baina hauek nahiago zuten PP bozkatzea boto erabilgarria zela eta.

Azken urtean, ordea, ultraeskuina mobilizatu egin da, eta erregimenaren hedabideek zerikusi handia izan dute. Iazko urrian, Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena bazela eta ez zela, milaka eta milaka pertsona manifestatu ziren, bai Katalunian, bai Espainian, «Puigdemont a prisión» edota «No nos engañan, Cataluña es España» oihukatuz. Era berean, aurten, Sánchezen gobernu berriak Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik aterako zituela iragartzean, faxismoa berriro mobilizatu da. Espainiar Estatuko komunikabide hegemonikoek Movimiento por España bezalako taldexken bozeramaileak behin eta berriz gonbidatu dituzte euren tertulietara eta, haiei adarra jotzeko zelako aitzakiaz, faxismoaren mobilizazioa hauspotu dute.

Bitartean, VOX arreta deitzen ahalegintzen zen. Zarata ateratzen zuen epaitegietan, Artur Mas, Carles Puigdemont, Josep Lluís Trapero edota Roger Torrenten aurka eginez. Are gehiago, Mariano Rajoyren aurka ere kereila jarri zuen, ardura-utzikeria egotzita. Orduan, Pedro J. Ramírezen El Español egunkaria SocioMétricak egindako inkesta sinesgaitzak kaleratzen hasi zen, VOXen eserlekua nabarmenduz. Gainera, aurtengo udaberrian VOXek bi fitxaketa galaktiko izan ditu: Rafael Bardají eta Steve Bannon, José María Aznarren eta Donald Trumpen aholkulari ohiak hurrenez hurren, biak publizistak. Honela, pixkanaka pixkanaka, VOXek afiliatuen kopurua urtebetean hirukoiztu (3.400etik 10.500era) eta izena emandakoena laukoiztu (20.000tik 80.000ra) ditu. Horretaz gain, PPtik datozen transfugei esker, garrantzizko kargu publikoak eskuratu ditu, hala nola, Juan Antonio Morales Extremadurako Biltzarreko diputatua eta Antonio Pozo Guadiana del Caudilloko alkatea, biak Francisco Franco Fundazioak sarituta. Agerian da VOX arestian aipatutako ultraeskuinaren mobilizazioaren gorpuztea izaten ari dela. Vistalegrekoa ikusita, dagoeneko ekitaldi jendetsuak antolatzeko indarra dauka.

Honaino helduta, europar hauteskundeen garrantzia azpimarratu beharra dago, alderdi txikientzat hauteskunde hauek parlamentuz kanpoko politika behin betiko uzteko aukera paregabea irudikatzen baitute hiru arrazoirengatik. Lehenik, hauteskunde hauetan parte hartzea beti baxuagoa izaten delako; bigarrenik, langa existitzekotan baxuagoa izan ohi delako; eta hirugarrenik, derrigorrez zirkunskripzio bakarra dagoelako. Beraz, Bruselara heltzeak ez ohi dauka atzera bueltarik halako alderdientzat; haatik, erakustoki ederra da elurpilota-efektua pizteko.

Espainiar estatuan Podemos eta Ciudadanosen kasuak izan ditugu, eta alemaniarrek, berriz, Alternative für Deutschland-ekin ikusi dute. Ultraeskuineko alderdi alemaniarrak, 2013ko hauteskunde federaletan botoen %5eko langa hatz puntekin ukitu ostean, europar hauteskundeak baliatu zituen alderdi sisteman integratzeko, Alemanian hauteskunde horietarako langa %3koa zen eta. Ordudanik, AfDren hauteskunde-emaitzek gora baino ez dute egin: ordezkariak dauzka ia Landtag guztietan eta 2017ko hauteskunde federaletan hirugarren postua erdietsi zuen bozken %12’6rekin.

VOXen txanda ote orain? Santiago Abascalek badaki hurrengo maiatzekoa bere alderdiaren azken aukera izan daitekeela, aurten europar Parlamentuak 2024ko hauteskundeetarako estatu kide guztiek %2 eta %5 arteko barrera bat ezarri behar dutela erabaki baitu. Gainera, Brexit dela eta britainiar eurodiputaturik egongo ez denez, Espainiari dagozkion eserlekuen kopurua handitu da, 54tik 59ra. VOXek dena dauka bere alde.

Litekeena VOXek eserleku bat edo beste eskuratzea da, 2014an lortu zituen botoak berreskuratzearekin aski izango du eta. Hala bada, baliteke 2020ko hauteskunde orokorretara begira indarra hartzea eta %3ko hesia gainditzeko gauza izatea, are gehiago VOXen boto-emaileak Madrilen kontzentratzen direla kontuan hartzen badugu. Jaime Miquelek Público egunkariarentzat egindako ikerketa baten arabera, VOXek bat ez ezik, bi eserleku lortuko lituzke oraintxe bertan. Aditu asko dira honekin bat datozenak.

Honek dakarrena asimilatzea ez da erraza, eta ezkerrean ez dira gutxi VOXen gorakadaren garrantzia gutxiesten dutenak. Egia da espainiar eskuineko alderdien funtsezko oinarri eta aldarrikapenak berberak direla (Espainiaren batasun eztabaidaezina, monarkia, liberalismo ekonomikoa, xenofobia, arerio politikoenganako jazarpena…), baina erradikalizazio-maila ezberdina da. Esate baterako, PPk autonomien estatua neurri batean defendatzen duen bitartean (betiere eskuduntzen transferentziak negoziazio politikoaren menpe jarriz, gastu publikoa kontrolpean edukita eta Konstituzio-kontrakotasuneko helegitearen mehatxuarekin), Ciudadanosek Konstituzioa erreformatuko luke autonomia erkidegoei eskuduntza ugari kentzeko, eta VOXek autonomien estatuari zeharo muzin egiten dio. Halaber, gai sozialei datxekiela, PPk jada eztabaidatzen ez dituenak VOXen diskurtsoan aurki ditzakegu berriro ere. Prest al gaude ezkontza homosexualaren edota abortuaren gaineko eztabaidetara itzultzeko? Prest al gaude genero indarkeriaren existentzia bera ere zalantzan jartzen duten diskurtsoak entzuteko? Pablo Echenique edota Diana Urrea bezalako pertsonak deportatu behar direla dioten hitzaldi xenofoboak jasateko?

Baten batek dio VOX ez dela Europako beste ultraeskuinekin alderagarria izango boto-emaileen kopuruari dagokionez ez duelako kamuflaje-estrategia bat jarraitzen, Marine Le Penen estilora. Hortxe da gakoa: VOXek ez du kamuflaje-estrategiarik behar ez datorrelako gobernatzera, eztabaida politikoa baldintzatzera baizik. Espainiar ultraeskuina bultzatu duten sektoreen helburua eztabaidaren markoa enegarren aldiz eskuinerantz mugitzea da, denek norabide honetan urrats bat eman dezaten.

Eta zer-nolakoak izango lirateke PP, Cs eta VOXen arteko harremanak Kongresuan? Demagun 2020an VOX Kongresuan sartzen dela eta PSOEk emaitza kaskarra duela. Zeinekin adostuko luke PPk inbestidura? PNV-EAJrekin ala VOXekin? Edozein kasutan ere, VOX ez litzateke baztertuta egongo; aitzitik, eskuineko alderdi espainolistek urteak daramatzate Intereconomía katean elkar ikusten. Riverak 2014an VOX aliatutzat zeukala baieztatu zuen, eta Casadok ere duela gutxi hitz goxoak zuzendu zizkion «eskuin berria»-ri. VOXek gobernu osaketa baldintzatu ahalko lukeela imajinatzeak ere hotzikarak eragiten ditu.

VOX ate-joka dago, ez dago hau ukatzerik. Abagune honen aurrean, Pablo Simón politologoak dioen bezalaxe, gainontzeko alderdiek hiru estrategia ezberdinen artean aukeratu beharra daukate: imitatu, aurre egin, ala ez entzunarena egin. PPren eta Csen hautua oso argi dago, Inés Arrimadas orain hastea bere hitza hartzeetan espainiar bandera astintzen ez da kasualitate hutsa. PSOEren eta Unidos Podemosen estrategia ikusteke dago. Momentuz ez entzunarena egiten dute, eta egokiena da; izan ere, VOX oraindik erakundeetatik at dagoelarik, harekin konfrontazio dinamika bat sortzeak mesede egingo lioke, joko mediatikoan sarraraziko bailuke. Alabaina, konplexurik gabeko faxismoa erakundeetara heltzen denerako ezkerrak estrategiaren inguruan hausnarketa sakona egin beharra dauka. Halaber, partida hau Hego Euskal Herrian jokatuko ez den arren, abertzaleok ere Madrilgo Gorteetan izango gara eta badaukagu zer esanik espainiar faxismoaren aurkako borrokan.

Search