Espainiar demokrazia ustela

Nazio Batuen Erakundeak agindutakoa ez du bete nahi Espainiako Gobernuak. Justizia ministroak, Ruiz Gallardonek, 1977ko Amnistia Legea bertan behera uzteko aholkatzen duen gomendioarekin ez dagoela ados dio.

13/09/2014

Honi buruz gogoeta egin nuen “Justizia Interditaren poetika”      (Utriusque Vasconiae, 2013) izeneko saiakeran espainiar trantsizioa ez zela eredugarria ezta adostua izan ondorioztatzeko. Ez izateagatik ez zela ezta espainiarra ere, nazioarteko botereek (AEBek batik bat) agindutakoa eta, inolako kontsentsurik gabe, oposizioari inposatutakoa baizik. Ildo horretatik, 1977ko Amnistia Legea errebisatu beharra zegoela defendatu nuen.
Orain, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak Genevako (Suitza) 27. jardunaldietan Espainiako Gobernuak frankismoaren krimenen inguruan izandako jarreraren gainean egindako bi txostenak aztertuta, argi dago demokrazia babesteko nazioarteko erakundearen jarrera. Alde batetik, Pablo de Greiff errelatore bereziak egindako txostena dago, eta, bestetik, Giza Eskubideen Batzordearen desagertuen lan taldeak burututakoa. Biak zeharo kritikoak dira Espainiako Gobernuak gai honetan izandako jarrerarekin, eta 60 gomendio baino gehiago eman dizkiote Espainiako Gobernuari, zuzendu beharreko jitez eta indarrean ezarri ez dituen neurriez.
NBEren txostenak bete beharrekoak izaten dira Espainia bezala erakunde horren kide diren estatuentzat, eta Espainiako Gobernuak hiru hilabete edukiko ditu aipatu gomendioak betetzen zertan lagunduko duen agertzeko. Txostenetako bat irailaren 10ean aurkeztu zuten Genevan, eta, bestea, irailaren 12an. Hala eta guztiz ere, legearen ikuspuntutik ezin da aurreikusi NBEk zein motako neurriak har ditzakeen Espainiaren erantzuna, espero den moduan, neurriok gauzatzeko aski garbia ez izatekotan.
Gertatutakoaren aurrean, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma pozik agertu da. Izan ere, azkenean argi utzi du frankismoak gozatu duen «inpunitatea».  NBEren txostenak, hala ere, 1936tik 1939ra gertaturikoa «gerra zibil» gisa izendatzen du eta ez du erabiltzen «estatu kolpe bortitza» izan zela haren jatorria. Halaber, zenbait nazioarteko gobernuk frankismoari emandako laguntzaz ezer ez esatea ezin da ontzat har.
Franco hil ondorengo egoeraz txostenetan aipatzen direnekin ere ezin ados egon. Esaterako, behartutako desagerpenak ez zirela «sistematikoak izan» diote, edo, trantsizio garaian, Espainiako Armada «era demokratikoan» aritu zela aipatzen dute, eta hori onartezina da.
Adolfo Suarez alzheimerrak jota hil zela-eta, espainiar trantsizio politikoa deritzanaz direnak eta ez direnak entzun behar izan genituen. Gainera, Gipuzkoako Aldundiaren burua eta Donostiako alkatea ere auziperatu nahi dituzte Madrildik agindutako dolu egunak ez errespetatzeagatik.
Errespetu falta da, ordea, giza eskubideak zaintzeko nazioarteko erakundearen gomendioak bete nahi ez izatea eta, era berean, saldu nahi izan diguten balizko trantsizioari buruzko bertsio bakarra ere irentsarazi nahi izatea, alegia, trantsizio hura eredugarri bezain adostua izan zela. Ez, ez dute gogoratu nahi nolakoak izan ziren bigarren berrezarpen borboitarraren sustraiak, baina hor daude, gerrate ondorengo giro hits bezain atzerakoian oinarrituta, eta Espainia garaikidearen politika egiteko modua definituz.
“Cara al Sol” abesten zuten falangistek, «que en España empieza a amanecer», uste zutelako estatu kolpeak irekitako egunsenti urrekaran. Iazko Diada egunean Kataluniako Madrilgo egoitza eraso zuten faxistek frankistek erabilitako bandera eskuan, eta, aurtengoaren ostean, berriz, beste sasi estatu kolpe bat ari dira prestatzen.
Madrilen, beraz, ez dute alderdi faxista espainiarrak legez kanpo uzteko asmorik. Espainiarrak direlako, eta, finean, Espainian oraindik faxistek indar politiko handia dutelako. Beraientzat adierazpen askatasuna egon badago, noski. Madril izango da, ziur aski, Europako hiriburu guztien artean Hitlerren estatua txikiak legez erosteko aukera ematen duen bakarra!
Espainian legez kanpo uzten dituzte herri kontsultak, berdin Igeldon edo Bartzelonan. Giza eskubideen aldeko elkarte nahiz gizabanako euskaldunak ere debekatu eta kartzelatzen dituzte, baina espainiar iritzi publikoa ez da asaldatzen, zeren, espainiar ez izatea helburu duen alderdi oro, berez, beren legearekin zigortzeko ohitura dute-eta.
Hemen «demokrazia zaindua bezain saindua» eraiki nahi izan dute tokian tokiko arazo nazionalak gainditzeko, eta, ildo beretik, indarrez zetorren ezker politikoa gune erabakitzailetatik baztertzeko.
Ondorioa denok ezagutzen dugu: Espainia kapitalismoak kolonizatutako ekonomia da, krisi gorrian dagoena, eta, jakina, langabezia tasa izugarri handiak dauzkanak.
Oraingo espainiar Estatuan agintzen duten frankisten seme-alabak (Gallardon barne) neoliberalak omen direla jakina da. Baina Madrilen, legez Hitlerren estatuak erosten dituzten neonaziek bezala, egungo agintariek ez dute “neo”-tik ezer. Betikoak dira, neonazi deitutakoek «berrikuntza» gutxi duten moduan; aspaldi nahiko ezagun dauzkagun naziak bezalakoak dira liberal horiek ere, ultrak alegia. Ultra liberalak baino gehiago, ultra hutsak. Politikari naziak. Espainian. Adolfo Suarezekin gertatu ez bezala, alzheimerrak ez baikaitu oraindik ere jo.