Garazi Eizagirre
Euskal Herriko Komunistak

Espazio politikoak

Finantza krisia hasi zenean, 2008an, ahots gutxik ohartarazi zuen iritzi publikoa haren neurriaz. Ezkerreko ekonomista batzuk baino ez ziren ausartu egoeraren larritasuna eta haren ondorioak azaltzera: New Yorkeko 1929ko krakarekin eta ondorengo depresioarekin alderatu zuten.

Krisi hark alderik alde hondatu zituen AEBak, eta gizarte nahigabe handian hondoratu Europa; hala, botere politikoa eskuratzeko ezinbesteko baldintzak topatu zituen faxismoak, gero II. Mundu Gerra leherrarazteko. Ordutik, hainbat krisi eragin ditu kapitalismoak, baina ondorio larrietara heldu gabe, eta oraingoa harekin alderatzeak iragarpen ezkor hutsa zirudien, ez ekonomia kapitalistaren egituraren kritikatik egindako azterketa zehatza. Baina 1929an bezalaxe, 2008an, estatu espainolean, baita Euskal Herrian ere, arazo larriak pairatzen hasi ziren enpresa asko: batzuk itxi egin ziren; beste batzuetan, enplegu erregulaziorako espedienteak aplikatu; lan ezegonkorra ugaldu egin zen, eta langabezia ezusteko mailetara igo zen. Gainera, bankuek diru kopuru handiak eskatu zizkieten gobernuei beren kontuak erreskatatzeko, eta, bien bitartean, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Alemaniak langileriarentzat eta sektore baztertuenentzat bizi baldintza gogorragoak inposatu zituzten.

Hain ikuspegi larriaren aurrean, desagertuz joan zen gizarte oharkabetua, eta errealitateak ia guztiok esnatu egin gintuen. Langileriarengandik hurbilen zeuden intelektualak krisi sistemikotzat azaltzen hasi ziren egoera: krisiak egitura ekonomikoaz harago jotzen zuen, eta politika, erakundeak, kultura eta Autonomien Estatua ere hartu, baita langileriako sektore batzuetan errotuta zegoen nolabaiteko «klase ertaineko» konformismo burgesaren ideologia erosoa ere.

Gobernuek, batez ere Hegoaldeko Europako estatuetakoek, zorrotz egin zieten men kapital transnazionalaren aginduei, eta NDFren autoritate ekonomikoaren esku utzi zituzten subiranotasuna eta boterea. Horrekin batera, demokrazia eta Keynes-en ongizate estatua murrizketen, pribatizazioen eta lan erreformen amildegian erori, eta desagertuz joan ziren, sozialdemokraziaren onespenaz. Hainbeste hauteskunde irabazi zituen sozialdemokrazia hura dama dekadentetzat eta limurtzeko gaitasunik gabekotzat ageri da orain.

Denbora laburrean, errealitateaz jabetu ziren jendea, herria eta kalea: krisi neoliberala ezberdintasunaren, langabeziaren, etxe kaleratzeen, txirotasunaren eta bazterketaren etorkizunean errotzera heldu zen. Europako Parlamenturako hauteskundeek ezertarako balio izatekotan, hiru errealitate garrantzitsu (baina batez ere interesgarri) erakusteko balio izan dutela esan daiteke: eskuinaren aurrean ezin jaits daitezkeela defentsak (eskuin muturreko populismoaren arrakasta Europan); ezkerra aspaldiko konplexuak gaindituz doala eta goranzko joera berria erakusten ari dela, eta alderdi-bitasunaren (PP-PSOErenaren) haustura bistaratu dela.

Krisi honetan, gizarte errealitatea eta jendearen beharrak ezaguna denaren eta bizi izandakotik bestelako zerbaiten bila mugitu dira atsedenik gabe, eta, haiekin batera, kontzeptu eta espazio ideologikoak, politikoak eta, hortaz, antolatzaileak ere eraldatuz joan dira. Testuinguru global horretan, eta bere izenez aipatu gabe, eguneko eta egunerako praxi komunistak (ez iraganekoak eta iraganerakoak), jakin gabe, gizartea ahalduntzeko prozesuari ekin dio. Herriak alternatiba berriak sortzeko premia bizia du, eta prozesuak nahi horri erantzun behar dio. «Ez naiz komunista, baina...» baieztatzen da ongizate estatuaren mailakako eraispenari buruzko edozein kritika edo kexu adierazi aurretik, eta «baina» horren atzean, arrazoi ekonomikoak, gizarte ezbeharrak eta kezkak aipatzen dira. Eta haiek, bitxia bada ere, 1848an Marx eta Engelsek Manifestu Komunistan idatzi zutenean islatzen dira.

Euskal Herriari independentziarako eta sozialismorako borrokan garrantzi historiko handia zuen une batean heldu zitzaion krisi sistemikoa. Estrategia politiko berri batez, ezker abertzaleak alde bakarreko prozesu bati ekitea erabaki zuen, nagusitzeko indarrak biltzeko, gehiengo eraginkorrak, gure herriaren gobernantzara heltzeko gai zirenak, osatzeko. Aldaketa bidean; helburu politiko ezberdinak dituzten indarrak bat egiten duten puntuetan adostasunak lortzen hasi ziren, norbere helburuak ahaztu gabe (ezker abertzalearen kasuan, beti praxi sozialistarekiko konpromisoan eratutakoak).

Estrategia horretan, herri gisa ibili nahi da, EAren sozialdemokraziarekin batera, eta EAJrekin malabarismo politikoak eginez; erabakitzeko eskubidearen, presoen eskubideen eta gatazkaren konponketaren alde. Baina estrategia hori, gizarte alorrean, krisiak sortutako giza arazoek eta kolektiboek estutu dute.

Gaurko Euskal Herria ez da 1930eko, 1960ko, 1970eko edo 1980ko hamarkadetakoa, ezta 1990ekoa ere; beste bat da, bestelakoa. Nazio eta gizarte askapenerako borrokak esperientzia garrantzitsua darama bizkarrean. Hainbat arazori aurre egin behar die, eta paradigma eta azterketa berrietan bilatu behar da horien konponbidea. Baina egungo egitura ekonomiko kapitalistak herri honi nagusitasun kultural eta ideologikoa inposatzen jarraitu nahi du, hori dela-eta, kapitalismoaren kritika zorrotzetik egin beharko dira beti paradigma berria xede duten azterketak.

Gure ustez, gizarte pizkundea, herri mugimendua, sindikalismoa, Sortu aukera politiko gisa, ideologikoki ahaldundu eta askatu behar dira, eta krisia eraikitzen ari den egia sozial bidegabe eta garratzean murgildu; eta, horrekin, praktika eta ekintza eratu, gaur egungo Euskal Herriaren premiei erantzuteko. Gaur egun, espazio politiko berrietara zuzenduz kudeatu behar da hori, abertzale komuniston espazioa barne, azken helburuan uztartzeko. Helburu hori, espainiar monarkia parlamentarioaren eta estatu bakar eta batuaren desprestigio garaian gaudela ikusita, izan liteke, eta ondo izan ere, Euskal Errepublika independente eta sozialista.

Baina kapitalismoaren kontraesanek ez gaituzte halabeharrez askatasunera eramango, eta horretaz konbentzitu behar dugu geure burua. Horrek borroka estrategia berrien zirriborroa egitera behartzen ditu indar popular eta sozialistak, betiere, herri garatuen konplexutasuna aintzat hartuta. Gaur egungo euskal gizartea konplexuagoa da, erakunde anitzez betea, eta perspektiba intelektual ugarik eragiten dute. Gainera, iritzi publikoa eratzeko orduan, oso larria da hedabide sistemikoen interferentzia, baina, guzti horri aurre egin behar diogu.

Krisiaren alde txarrak gorabehera, Goytisoloren olerkian bezala, bestela aztertzen badugu, garai interesgarri bat zabaltzen ari da, aldatzekoa, eskuinaren populismoaren arriskuak urrundik jazarria, bai, baina ezkerrarentzat aukerez betea. Garai honetan, abertzale komunistok badugu ekarpenik egiteko ezker abertzalearen baitan, eta Euskal Herrian kontraesan egokiak sortzeko, horiek herri honetako langileriak beti amestu izan duen helbururantz hurbildu gaitzaten: independentzia eta sozialismorantz alegia.

Search