Aitor Irigoien Odriozola

Estatu (totalitario) baten azken notak

Kataluniar gizarteak argi erakutsi du alderdi politikoen gainetik eta aurretik dagoela, alderdiei ere mezu garbia helaraziz: herriaren interesak alderdienaren gainetik jartzeko garaia dela

Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abesti ezagunarekin oroitu naiz, berriro, aurtengo urrian. Abestiak baduelako batetik tristezia eta goibel ukitu nabarmen bat, baina era berean, baita indar eta energia dosi handia ere. Horrexegatik, Katalunian aurtengo urrian (beste behin) gertatu denaren soinu banda izan daitekeela iruditzen zait…

Oso larriak eta gogorrak baitira espainiako Estatuak Katalunian erakutsi duen jarrera zein egin dituen gehiegikeriak. Edozein beldurtzeko modukoa eta muga denak gainditzen dituena. Batzuk jada holako gauzetara ohitu direla edo Estatuaren erantzuna justifikatu nahi dutela ematen duen arren. Eta izugarri asaldatzen nau azken honek. Inolaz ere ezin baita normaltzat hartu espainiako indar desberdinek (polizialak, judizialak…) egindakoa.

Hasteko, urte luzetan zehar Estatuak hainbestetan errepikatutako gezurra ebidentzian geratu da. Hamaika aldiz esaten zuten indarkeriarik gabe denari buruz hitz egin eta erabaki ahalko zela… Errealitateak juxtu alderantzizkoa erakutsi du: espainiaren baitan, iritzia eman eta erabaki nahi izateagatik ordaindu beharreko prezioa errepresioa, kartzela edota exilioa direla, hain zuzen. Eskozian edo Quebec-en normaltasunez, errespetuz posible dena, hots, galdeketa bat antolatzea eta herritarrek erabakitzea, Espainian delitu larria, arazo nazionala da…

Zergatik ordea? Zer dela-eta hainbesterainoko beldurra oinarrizko eskubide demokratiko bati? Azken hilabeteotan asko aipatu da komunikabideetan diktadorearen hezurren lekualdatzea. Baina, pertsonalki ez zait iruditzen gakoa iraganeko hezurren lurperatze lekua denik, baizik eta iragan frankistaren ADN-ak espainiako Estatuan eta agintean indartsu jarraitzen duela. Hezurrak tokiz mugituta ez da ezer aurreratzen, praktikan diktadorearen ondorengoek jarraitzen badute gobernuan, justizia egituretan, polizia-etxeetan edota enpresa nagusietan.

Izan ere, arazoa ez da Katalunia, ezta antolatu zuten erreferenduma ere. Arazoa ez da Puigdemont, ezta Junqueras ere, ez eta ANC, Omnium, CDRak edota Tsunamia… Katalan herriak egin duen «delitu» bakarra bere etorkizunari buruz modu baketsuan eta demokratikoan erabaki nahi izatea izan da. Benetan arazoa duena espainiako Estatua da, bertako demokrazia gabezia eta iraganarekin eten ezina. Estatutik guztioi bidaltzen zaigun mezua argia da: kontuz estatu interesak ikutzen dituenarekin, horren ondorioak latzak izango baitira…

Beste aldean, Kataluniar gizarteak argi erakutsi du alderdi politikoen gainetik eta aurretik dagoela, alderdiei ere mezu garbia helaraziz: herriaren interesak alderdienaren gainetik jartzeko garaia dela. Bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat dagoela, eta horretarako eseri eta hitz egin behar dela. Zein izan da honen aurrean estatuaren erantzuna, eskaintza? Poliziaren indarkeria basatia manifestari baketsuen aurka, epaiketa politikoak, kartzela zigorrak, exilioa, 155 artikulua…

Baina horixe da espainiako Estatua. Non bere burua ezkerrekotzat duen alderdi bateko buruak ere egoera honen aurrean erreferendumak debekatzea planteatzen duen konponbide gisa… Horixe da errealitatea. Eta espainiako Estatua ez da aldatuko: banderak, nortasun agiriak eta hizkuntzak inposatzen dituen estatu bat, militarren desfileak indar erakusle gisa dituena, printzipio demokratikoak urratzen dituena, eta horretaz harro agertzen dena gainera…

Eurei agian indar, sendotasun erakusle iruditzen zaie hori guztia. Baina errealitatean, ahultasun sakon baten zantzuak besterik ez dira. Oinarri sendorik eta etorkizun jasangarririk ez duen estatu baten isla. Demokratatzat hartzea kosta egiten dena, edozein arazoren aurrean erakusten duen jarrera totalitarioa, autoritarioa medio. Gatazka politikoak konpontzeko poliziaren indarkeriaz eta epaitegi partzialez gain beste errezetarik ez duena. Indarkeria hori dena, azken finean, estatu (totalitario) baten azken noten erakusle da. Mina ematen duten notak, burrunba askokoak, agian horrexegatik, baina azken notak…

Hori bai, Mikel Laboaren lagun Lluis Llach-ek oraindik abesten duen bezala, denok tiraz soilik eroriko da estatu totalitario hori. Ezin gara Kataluniara begiratzera soilik mugatu. Euskal Herrian ere gure etorkizuna erabakitzeko prozesuak martxan jartzeko eta mugitzeko ordua da. Herritarron ordua, eta baita alderdiek behingoz konpromisoak hartu eta euren hitza betetzekoa ere.

Search