Estatus berriaren kontra
Euskaraz bizi nahi duenak estatus berria behar du. Etxeko alokairua ordaindu ezin duenak estatus berriaren beharra du. Zerbitzu publiko indartsua eskatzen duenak estatus berrian du salbamendu-txalupa. Eta, azkenik, autodeterminazio eskubidea praktikara eramateko, estatus berria behar omen du Euskal Herriak. Estatus berria da gaitz guztien konponbidea. Guztia sendatzeko edabe magikoa. Baina nola iritsi gara erreforma autonomiko bat guztiaren soluzioa izango dela sinestera?
70eko hamarkada amaieran, Francoren heriotzak insurrekzio giroa apaldu ordez, indartu egin zuen Euskal Herrian. Halako batean jendeak sentitu baitzuen diktadorearen heriotzak gauzak aldatzea posible egingo zuela. Sinesmen horrek bultzatu zuen are jende gehiago kalera, borrokara. Lehenago posible ez zena posible izango zela sinetsita independentziarako bi bide marraztu ziren. Progresiboa eta autonomista, bata; medio guztiekin Estatua autodeterminazio eskubidea onartzera behartu nahi zuena, bestea.
Lehenengo bidearen hileta, 1997an, Gernikan, Joxe Elorrietak gidatu zuen. Bertan estatutuarekin Espainiak adarra jo zigula esan eta bide hori hilda zegoela baieztatu zuen. Bigarren bidearen hileta beranduago etorri zen. Arnaldoren esanetan, 2006/2007ko negoziazio prozesuaren amaieran, Paris inguruan, Genevako azken saiakeraren porrotetik bueltan, trenez Euskal Herrira zetozela Rufi Etxeberriak «estrategia eredu horrek porrot egin» zuela adierazi zuenean.
Bi bideen porrotak irakasgai bana utzi zigun, beraz: eskaintza autonomikoa askatasun prozesu baten zorua baino, Euskal Herrian egon daitezkeen askatasun nahien tope gisa onartuko dela, bata. Eta negoziazioaren bidez Espainiak ez duela autodeterminazio eskubidea sekula onartuko eta errespetatuko, bestea. Etorkizuneko estrategia bat bi irakasgai hauek barneratuta pentsatu behar zen.
Aldaketa prozesuan genbiltzala etorri zen Kataluniako prozesua. Saiakera horrek zuzenean interpelatzen zuen ordurako instituzionalismo hutsean pentsatzen zuen elite independentista. Oztopoa zen egin nahi zuen bilakaeran. Horrela, Kataluniarekiko elkartasun folkloriko batera mugatu zen Euskal Herria. Homologazio bidean Kataluniak ez gintzala gehiegi zipriztindu gure barnean desiratuz.
Aurreko bi bideek utzitako irakasgaiari bizkarra emanda dago pentsatua estatus berriaren proposamena. Horregatik, uste dut proposamen horrek ezin gaituela portu onera eraman. Baina zeintzuk dira estatus berriak dituen gabezia nagusiak?
Estatus berria demokrazia deliberatiboaren ilusiotik pentsatua dago. Demokrazia deliberatiboarentzat akordioak dira helburua; pertsona arrazionalak garenez kontsentsua beti izango omen baita denontzat onena. Parean duenaren borondate onean du bere izateko arrazoia eta, ondorioz, bere ahulgune nagusia. Indar posizioen aurrean ostrukarena eginez konfrontatzea alboratzen duen kontsentsua da gauzen egoera betikotu nahi duenaren ametsa; akordioak, aldiz, amets kontserbatzailearen erreminta.
Akordioak helburutzat edukitzea independentismoaren ortzi muga murrizten ari da. Akordionismoak norberaren helburuen urardotze bat eskatzen du; akordioak lortzeko, eskariak jaitsi egin behar baitira. Horrek, zurrunbilo autosuntsitzaile batean sartu du independentismoa: unionismoa eta kapitalismoa indar posizioan daudenez, unionismoak independentismoaren eskaintza taktikoei luzakizunak eman edo ezezkoa ematea nahikoa izango du, independentismoa oraindik eta proposamen urardotuagoak egitera behartzeko. Urardotze horren adibide garbia dugu EH Bilduk urte berriari eskatu diona: 2026rako euskal errepublika zena, erabakitzeko eskubidea barne hartuko lukeen estatus berria izatera pasatu zen. Azkenaldian, berriz, erabakitzeko eskubidea ahaztu eta erreforma autonomiko huts batez ari dira.
Urardoa etengabe urardotzearen ondorioz, ahaztu egingo zaigu hasiera batean ardoa zela nahi genuena. Inkestek ere agerian jartzen dute prozesu urardotzaile honen ondorioa; independentista berriak sortu ez eta lehenago bazena autonomista bihurtzen ari da poliki-poliki. Estatus berria dela eta, azken urteotan desplazamendu bat gertatzen ari da gure imajinazio politikoan. Independentzia posible denaren mugatik at dagoela sentitzen ari da gero eta independentista gehiago. Hori letala da.
2010ean estreinatu zen "Inception" filmean, protagonistek oligarka baten ametsetan sartu eta haren inkontzientean ideia sinple bat txertatu behar zuten: multinazionala ixtea. Alde batera edo bestera egin nahi diren statu quo aldaketa guztiek behar dituzte ideia sinple eta indartsuak. Kataluniako prozesuan, adibidez, independentismoa indartu zuen ideia gakoetako bat Espainiak lapurtu egiten ziela izan zen. Eta zein da Euskal Herriko elite independentista erabiltzen ari den ideia gako nagusia? Espainian posible dela. Sinesgarritasunik ez duen ideia gakoa da.
Estatus berriarekin hamar urte denbora galtzen pasatu eta faxismoaren etorreraren aurrean, iritsi zaio independentismoari begiak irekitzeko garaia. Horretarako katarsi baten beharra dugula uste dut. Katarsi hori, Espainian ezin dela barneratzen dugunean gertatuko zaigu. Horrek, derrigorrean, aurreko irakasgaiak jaso eta konfrontazio estrategia berriak pentsatzera eraman beharko gaitu. Gureak diren burujabetzak praktikara eramaten hastea izan daiteke bidea. Has dezagun, beraz, burujabetza iraultza.
*Artikulu hau ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz fundazioak laster argitaratuko duen liburu batean idatzitako artikulu luze baten laburpena da.