Idazlea eta EHUko irakaslea
Estropada garaia

Herri honen gatazka historikoak, ordea, alderdiez gain, epe luzerako estrategia eta ikerketa komun bezain sakonak behar ditu. Hauteskundeek ematerik ez daukatena, alegia

23/07/2020

EAEn burututako azken hauteskundeak bukatu ondoren galdera hauxe litzateke: erdietsitako emaitzek gure herri helburua urrundu ala gerturatu egiten digute? Nire uste apalean, egun, aipatu helburua, erabakitzeko erreferenduma alegia, aurreko hauteskundeen ondoren baino urrutiago dugu. Izan ere, oraingo honetan aurretik zegoen gehiengo subiranista handitu bada ere, aurrekoan erabakitzeko erreferenduma EAJrekin adosterik bazegoela, eta, Estatutua berritzearekin batera, gehiengo demokratikoz hori erdiesterik posible uste arren jeltzaleek erakutsitako portaerak, amarruak ez esateagatik, bide horrek ez duela inora eramaten argi utzi digu orain.

Hona hemen, beraz, baieztapen hau ulertarazteko zenbait lerro. Hasteko, nekez esan daiteke ezer hauteskundeei buruz aurreko kanpaina aitatu gabe. Gizarte-urruntzean gauzatutako kanpaina laburra bezain gatzik gabea berau. Kasik esan daiteke duela urte batzuk bertan behera alboratutako borroka ideologikoaren ondorio gisa etorri zirela azken hauteskunde hauek. Lizarra-Garazi deituriko adierazpenaren porrotetik hona, eta aurreko udal zein foru hauteskundeen emaitzen ondorengo paktuek erakutsi bezala, EAJ/PSOEk sinaturiko itunek espainolismoari sekulako indarra eman diote eta, aldiz, ezker abertzaletzat jotzen den guztia deabrutu nahian aritu dira era lotsagabean. Horrela, hedabideen indarrez lagundurik, eraso ideologikoa zena politiko bihurtu nahi izan dute EAEko kudeaketa berreskuratu ahal izateko baina, paradoxikoki, zenbakietan gero eta indartsuagoa den subiranismoaren kaltetan.

Etengabe entzun behar izan genuen aurreko urte luze haietan Ibarretxeren gobernua ez zela zilegizkoa bere proposamenak behar adinako oinarri demokratikorik (demografikorik) ez omen zuelako. Orain, ordea, gehiengo handia dagoelarik, paktu politikaren bidez, balizko erreferendumerako bidea itxi dute de facto.

Pandemia erdian eta, gertatu den moduan, gizarte arriskua berpizteko aukerari muzin eginez, hauteskundeetara deitzea, bada, espainolismoaren estrategiari kasu egitea izan da, eta, neurri batean, PSOEren nahiari enbido ematea. Hala ere, Urkullu irabazle atera dela ez dago dudarik. Esan bezala, hauteskundeak egin izana EAJ/PSOE talde estrategiaren ondorioa izan dela uste dut. Honetan, bada, emaitza onak eta guzti, ez dut uste ezker abertzaleak bidea erraz izango duenik. Izan ere, abertzaleen artean omen zegoen akordioa beraiek apurtu ez bazuten ere, apurtzen uzteak ez du egoera hoberik ekarriko. Aitzitik, boto zein eserlekuetan eskuratutako igoeraz gaindi, Eusko Legebiltzar berrituan ezker abertzalearen helburuak erdiestea urrutiago egongo da eta EAEn espainolismoaren «legitimazio demokratikoa» finkatuago geratuko zaigu.

Baina PSOEk, eserleku gehiago lortu badu ere, PPrekin, Ciudadanosekin, baita Vox-ekin ere, euskal nazionalismoaren kontrako gurutzadan, Francoren antzera, Espainia bakarra defendatzen segituko du euskal Errepublika gauzatu ez dadin (EAJren sostenguz, ez ahaztu) Espainian monarkia errentagarria baitzaio.

Hau da, horretarako, ezker independentista kolpatzen segituko dute ideologikoki, judizialki eta polizialki (haren aurkako hurrengo kanpaina, atxiloketak eta guzti, noiz hasiko zain nago...) zeren, dagoeneko, euskal nazionalismo tradizionalaren aurka aritzea ere ez baitie merezi espainiar nazioaren defentsa bidean. Azkenik, espainiartasunak dioena, Euskal Herria ez dela behar adina heldua, gizarteratzen saiatuko dira EAJ eta PSOE hurrengo hauteskundeen esperoan eta, bide batez, balizko erreferendum demokratikoa galaraziz.

Beraz, Euskal Herria menpean egoteko kondenaturik dagoen gizarte nerabea omen da espainolistentzat (eta jeltzaleentzat). Argi esanda, espainiar Estatuak ez du inolako interesik Euskal Herria politikoki heldua, askea eta bakean erdiesteko.

Egoera honetan, ezker abertzaleak pairaturikoa emaitza txarra izan ez bada ere (hobea izan zitekeela, alegia) ez du aski laguntzen subiranisten bidean eta, bestetik, gutxietsi ohi diren erakundeetara aurkeztu behar izan arren (espainolismo autonomiko desitxuratzaileak izanik), euskal independentismoaren kontra espainiar prepotentziak azken urteetan egindakoa egin ondoren, ezker abertzalea ezin ezabatu izanak (alderantziz baizik...) zera erakusten du: espainolismoren estrategiaren gaitasun falta eta independentziaren aldeko herri honen hautua.

PSOEk galdu du bototan, ez eserlekutan, baina bai ekimenetarako gaitasunean eta maniobratzeko tartean (salduta daudela badakite). Dena den, PP/C’s/Vox-en menpekotasunaz libratzeko bidean lan handia du honezkero eta, argi esanda, Espainiaren alde eta erreferendum aukeraren kontra lerratuta daude erabat. Areago, aukera hori aurkeztekotan, Elkarrekin Podemos ere haien alde lerratuko baita. Urkullu indartsu, noski. EH Bildu-ri irabazten... baina irteera demokratikoa gero eta urrunago.

Zaharrak berri, beraz. Lizarra-Garaziren zapuzketa antzeztu zitzaigun eta hauteskunde hauetan mamu hori berpiztu da. Berriro epe motzerako taktikak eta alderdikeriak izan dira gailendu diren jokaerak. Herri honen gatazka historikoak, ordea, alderdiez gain, epe luzerako estrategia eta ikerketa komun bezain sakonak behar ditu. Hauteskundeek ematerik ez daukatena, alegia. Oraingo honetan, helburu subiranistetan behintzat, atzera goazenen seinalea ikusten dut nik. Arazoak bere hartan dirau. Agian, ezker abertzalearen patua haizearen alde ibiltzen ez jakitea izan da. Herri arraunlaria gara, ordea. Horrela abesten du Joseba Tapiak bere hamalau kantu independentziarako haietan: «Noizbait helduko gara, ez dirudi erraza, arraun, arraun, atzeraka goaz, ez dirudi erraza, mugaz muga, helmuga jotzea». Arraunlariek badakite, jakin, haizearen kontra eta atzera jotzen helmugara joaterik badagoela...

Articles
Larraitz Ugarte
09/08/2020
Koldo Campos
09/08/2020
Iñaki Egaña
08/08/2020
Karlos Gorrindo Etxeandia
08/08/2020
Letters
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
07/08/2020
Goio González | Afiliado a CGT-LKN Nafarroa
05/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
05/08/2020
Jesús María Aragón Samanes | Secretario General Federal del Partido Carlista
05/08/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
06/08/2020
Koldo Campos
04/08/2020