Josu Iraeta
Idazlea

Etorkizunaz solas gaitezen

Euskal gizartea, poliki-poliki bada ere, –handik eta hemendik entzuten denari sinesgarritasun gutxi emanez– dagoena ikusiz eta datorrena sumatuz, egoeraren larritasunez jabetzen hasia da, baina ez bere osotasunean. Beharbada horregatik, egoera bitxia ari da sortzen, eztabaida politikoak jendartean alor guztiak bustitzen dituen bitartean, sasi-botere amarauna eraikitzen ari dira eta lanabes egokiekin aurre egin nahi zaionerako berandu, beranduegi izan daiteke. Eta –nire ustez– hori da larriena.

Egungo ultra liberalismoaz, Francoren oinordeko zitalaz ari naiz. Sistema hau, aspaldidanik ongi barneratutako erregimen politikoa baita askorentzat. Eta ez nago soil-soilik Madrilera begira. Saiakera nabaria da baina, itxurazko txukunketak egin nahi bazaizkio ere, ukaezina da bere izaera diktatoriala.

Edozein tirania instituzional baino fin eta eragingarriagoa azaltzen da, ez baitu estatu kolperik ez gerra zibilik behar inposatzeko. Aitzitik, normaltasun demokratikoaren itxura baketsupean jartzen dute indarrean, eta demokrazia urruntzen doan neurrian, indartzen dira muturreko frankistak.

Hau da, erabat egoera aldatuz, elkarbizitzari bidea ireki dionari ematen ari zaion erantzuna, ze pena. Horrela, aspaldian «zatorren pare» bizi direnentzat, etxera itzultzeko daudenentzat, uste baino etorkizun ilunagoa. Beraz, bakea, elkarbizitza, demokrazia, nolakoak dira, non daude, norentzat dira? Agian igeltsero ez izanik, karea erabiltzen dutenentzat?

Ni bezala, urte mordo batez fraide artean lehenik eta beste bost edo sei handik at ikasten ibilitako lagun zahar bat, atxilotu eta torturatu ondoren espetxera eraman zuten. Ziotenez, ETAko bati laguntza eskaintzeagatik. Ni bezala, afizioz pilotaria zen eta bestela, administrazioko enplegatu. Urte pila bat espetxe barruan pasa ondoren, libre utzi zuten, baina bere lana galdu egin zuen.

Urte gorriak, hurrengoak, etxean egoten zen, eta bazuen nahiko lan, lanik izateko. Jakina, «markatuta» zegoen, espetxean egon izanaren mesedeak. Beti ere susmagarria zen, «auskalo zergatik bota zuten lanetik». Eta haren lagunak beldur ziren laguntzeko. Denbora honetan egiazko miseria pasa zuen. Beti beldurrez, poliziak sarri egiten zion «bisita».

Urteak pasa eta ez nuen lagunaren berririk. Kuadrillako lagun baten elizkizunak tarte, ikusi nuen. Esan zidanez, berriro ere administrazioko enplegatua zen, bere bizitza egiten zuen, eta golf jokatzen zuen, baina pilotan ez. Zioenez, orain ez zituen gustuko garai bateko bazterrak.

Bere bizitza gogorra kontatu zidan. Nola hasi zen han-hemenka gauzatxoak egiten. Nola diru pixka bat irabazten, autoak aparkalekura eramaten, baita enkargu txikiak eginez enplegatuei, bere lehenagoko lankideei, eta nola azkenean berriro lehengo lantokian hartu zuten, adiskideoi eskerrak.

Ez zioten egin, egiteko zeukan epaiketa eta pozik zegoen. Berriz herritar «normal» bat zen, ez markatua, ez susmagarria, eta bizi egin nahi zuen. Bizi. Espetxea eta urte beltz haiek ahaztu.

Estatuaren guztiahalmenak, beldurrak, miseriak, bakardadeak. Lan pixka bat erregutzen leihatilaz leihatila eskale ibili beharrak. Apaldu, hautsi eta barrutik hustu egin zuten gizonaren historia.

Idealik gabe, adiskide gabe, «normaltasun» anonimoaren espazio txiki batean errefuxiatu behar izan zuen gizonaren historia. Horrela bizitzea oso gogorra da.

Ni ez naiz adiskidea epaitzeko gai. Nire ondoan, abertzale eta sozialista izana, bere aita –nirea bezala– Francoren aurka erresistentziatik preso eta espetxeratu izana. Nire adiskidea ez da «kameleoi», ez da damutua, ez jauna. Kemenez eta ideiaz beteta ezagutu nuen. Benetan sinesten zuen askatasunean.

Irribarre triste batekin kontatzen zidan, agian ulermen pixka bat erregutuz, bere miseria. Ezer barkatu gabe kontatu zidan, noraino makurtu eta apaldu den. Egin behar izan duen guztia, «berriro» gizon bat izateko.

Nahiko zalantzagarria bada ere, diktadura batzuk demokraziaren antzeko zerbait bihurtzen dira, nahiz orain espainiarrak lehengo egoerara itzuli nahian urratsak ematen ari. Jende asko eta asko, aldaketa bakoitzaren ondoren, saguak bezala ateratzen dira zulo guztietatik. Lehen Francisco zena orain «Patxi» deritza. Eta nola ez, PSOE euskaldunez lepo dago, baina hori bai, euskaldun-espainolez lepo.

Herriaren etorkizuna aske erabakitzeko daramagun borroka luzeak, gogortu, zaildu egin du euskal gizartea, baina ez bere osotasunean, horregatik –nire laguna–, ilusioz beterik eta sakrifizioz kargaturik ibili ondoren hainbat urte, etsi eta jota dago. Oso nekatuta, abailduta, garaitua….

Nire lagunak aski ongi daki, torturak ez direla bukatu, zapalkuntzak gero eta zorrotzagoak direla. Francorik gabeko frankismo latzena inposatuz, demokrazia formal bat besterik ez zena, Mariano Rajoy eta PPko bere gobernukideek, –hain basatia den jarrerarekin–, hura ere itotzen ari direla.

Gizarte sozial berri baten beharra dagoela, jakin bai, badaki, baino bizi egin nahi du. Eta bere garaian borrokatzen zuen Estatuaren barruan, «ustezko» bake berriaren epelean, bere bizitza egiten du, isil-isilik.

Nire adiskidea sekula ez da heroi bat izan, baina gorriak eta beltzak pasa ditu, eta orain bizi nahi du.

Hau ez da heroi baten historia, argia da, etsi egin duen batena baizik. Bere beldurrarekin xantaia egin dioten baten historia da. Baina zoritxarrez historia ez da nire lagunarekin amaitzen. Egia da bai, bere burua apaldu zuen, bale, baina, etsi beharrean eutsi egin dutenei, zer eskaintzen diogu?

Goizero bere enplegatu lanetara joaten da, hiritar bat da, ez markatua, ez susmagarria, ez da bizi dardaraz.

Tarteka etortzen zait burura eta irudikatzen dut Gipuzkoa plazako jauregi ederraren aurretik pasatzen, bere «bake pertsonala» egin nahi zuena. Torturatzaileen Estatuarekin kontziliatzeko, arima saldu zuena. Hori ote eskaintzen diegun bide bakarra?

Search