Joan Mari Beloki Kortexarena

Europa irauli

Aurten EB Europako Batasuneko hauteskundeak izanen dira. Bertan soilik mendebaldeko herrialdeek hartuko dute parte (%62), Britainia Handia, Islandia, Norvegia, Suitza eta ekialdeko asko -Errusia barne- ez baitira EBko kideak. Errusian ere izanen dira hauteskundeak, martxoan, Putinek berriz irabazteko faboritoa dela. Martxoan ere Ukrainan egitekoak ziren, baina Zelenskik bertan behera utzi ditu. Hala, aurten berri interesgarri asko izanen da Europan.

Europako Batasunaz hitz egiterakoan, lehenik proiektua Europaren Mendebaldeko elite ekonomikoek abiarazi zutela esan beharko dugu. Etxeko sukalderaino sartu ziguten -Gobernu guztien inplikazioarekin- herritarrok sorreran parte hartzeko aukera txikiena ere izan gabe. Beren diru poltsa erraldoiak areago handitzeko Europa mailako merkatu zabala nahi zuten. Horretarako Estatuen subiranotasun ekonomikoa arazoa zen eta traba hori gainditzeko “Europako Batasuna” izen ponposoa duen egitasmoa inposatu ziguten. Lehengo aberatsak aberatsago izateko eta lehen justu zebiltzan herritarrak eskasago geratzeko. Europa bidezkoagoa nahi dugunok lehentasuna langile eta herritar xumeen ekonomien susperketan kokatu beharko dugu. Iruñeko Joseba Asironen adibidea paradigmatikoa izan daiteke: alkatetza eskuratu zuen egun berean kalean lo egiten zuten etxegabe guztiei lo babespean egiteko aukera eman zien.

Garrantzitsua da ere aliantza politika. Ultraeskuina indartzen ari den garai hauetan, ezkerrean erreferentzia politiko bizkorrak falta dira herritarren artean. Horregatik, hain zuzen, ari da suspertzen eskuin-muturra. Arlo horretan abertzaleek motor lana egin dezakegu, Irlanda, Katalunia eta gainerako herri eta mugimendu eraldatzaileekin elkartuta. Europa herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki behar da, harremanak estutuz Lisboatik Moskuraino. Kolonialismo mota guztiak errefusatuko ditugu. Beren lurretatik Frantziaren ordezkaritzak bidali dituzten Burkina-Faso eta Maliko Gobernuei -eta etorriko direnei- babes osoa eskainiko diegu. Bide beretik, Ukrainan guda indartzen duten Britainia Handia bezalako herrialdeak gogor salatuko ditugu. Sahara ez dugu ahaztuko.

Politika autonomoa egin, menpekotasuna gaindituz

Europak politika autonomoa egiten hasi beharra du, egungo menpekotasuna gaindituz. AEBen morroi izateak ekonomikoki makal eta geopolitikoan genozidei lotuta utzi gaitu. AEBek Nord Stream gas hodiak lehertu zituztenetik gasa berei eta garestiago erosi beharrean gara. Errusia kaltetzeko asmoz Ukrainan antolatu zuten gudan halabeharrez parte hartzera behartu gintuzten gu bezain europarrak diren errusiarrak akabatzeko. Israelen bidez genozidio bat abiarazi zuten Palestinan eta gu aurkako neurririk -Israelekin harreman diplomatiko eta ekonomikoak etetea, adibidez- hartu ezinik geratu gara, lotuta gauzkatelako. Fentaniloaren herrialdearekiko menpekotasuna gainditzeko garaia da. Betidanik gizartean gatazka nagusia izan den herritarren klaseen artekoa (aberatsa-pobrea) gaur egun itxura berria hartzen ari da eta herrialdeen arteko gatazkarena (hegemonikoa-menpekoa) hartzen ari da.

Zer dela eta hartu behar dugu Errusia etsaitzat? 1945ean armada sobietarrak bukatu zuen Hitlerrekin, II. Mundu Gerraren bukaera eraginez. Errusiak petrolioa eta gasak merke saldu dizkigu eta honela Europaren Mendebaldeak gorakada ekonomikoa izan du. Eta egin dizkigun mesedeak ahaztu eta zigor ekonomiko larriak jarri dizkiogu, bidenabar geure buruari kalte ekonomiko handiak eraginez gainera. Europarroi bizia garestitu egin zaigu. Nork azal diezaguke halako kirtenkeriaren onura? Errusia, Europaren zati garrantzitsua den heinean, kontinenteko instituzio guztietan bazkide gisa eta normaltasunez hartu beharko luke parte, zigorrak baztertuta. Eta bake giroa bermatzeko, NATOrik gabeko Ukraina beharko genuke.

Ukrainako gudak begirada berezia merezi du. 1999an NATOk Jugoslavia txikitu zuen. Orain, Europan aberatsenetakoa izan zitekeen Ukrainari miseria ekarri dio, EBren laguntza eta babes osoarekin. Hauei leporatu behar zaie hondamendiaren ardura. Lehenik Putin Gobernutik kendu nahi zuten, gero Errusiako Federazioa zatitu, azkenean bertako ondasunak eramanez bukatzeko. Mendebaldearen ohiko jarrera kolonizatzailearen ondorio da guda hau. Energia iturriak garestitu dizkigute, europarrok zatitu egin gaituzte, hamar urtetako Donbassko genozidioa babesten ari dira…

Horiek denak kalte handiak badira, txikiak gera daitezke EBn bizi garen europarroi etorriko zaigunarekin alderatuta, guztiz xehatuta geratzen ari den Ukraina EBn sartzen badute. Aditu batzuen kalkuluen arabera, oraintxe 400.000 milioi € beharko lirateke herrialde hori berreraikitzeko. Guda luzatuko den neurri berean zenbakia handituz joanen da eta zuloa estaltzeko gutako bakoitzari kenduko dizkiguten milaka euroen kopurua ere. Von der Leyenek zuzentzen duen Borrellen lorategiaren zaintzak gure etxeko ekonomiak hankaz gora jar litzake Ukraina EBn sartzea den astakeria ontzat ematen badugu.

Search