Joxe Iriarte, «Bikila»
Alternatibako kidea

Europan gazte matxinada ari du

Hirurogeita zortziko Maiatzetik ez dut horrelakorik ikusi Europan. Hala ere, badago desberdintasunik; garai hartan ez bezala, egun eskuin muturra gora doa Europa guztian. Eta horrek erantzun defentsiboaren antza du ofentsibarena baino. Baina baliteke batetik bestera jauzi egitea. Datozen hilabeteetan izango diren hauteskundeetan, eta kaleko borroketan, garaituak bagara, jai dugu. Gorriak eta bi ikusiko ditugu. Ondo ateratzen bagara, berriz, faxismoaren mamua uxa dezakegu.

Espainiar Estatuan, etxebizitza mugimenduak eztanda egin du gizarte osoa inarrosiz. Belgikan ere, urriaren 12an, ACOD sindikatuek eta beste egitura sindikal batzuek deitutako grebak ondorio dezente izan ditu trenbideetan, hiri garraioan, komunikabide publikoetan eta eskola jardueran. Albanian, bizitza garestitzearen eta Gobernuaren ustelkeriaren aurkako mobilizazio gogorrak izaten ari dira. Alemanian, irailaren 25ean eskola greba handia erregistratu zen, eta 45.000 lagun baino gehiago izan ziren ehun hiritan. Protestariek salatu dute Gobernuak 2027ko aurrekontu militarrera 140.000 milioi euro inguru bideratu dituela, hezkuntzan, osasunean eta ekintza klimatikoan murrizketak mantentzen diren bitartean. Italian, Gobernuak Armada atera du kalera egoera kontrolatzeko. Irlandan, hilaren 14an, sektore publikoetako 300.000 langileren greba; irrati telebista publikoak azken urteetako greba egunik handienetakotzat jo zuen. Portugalen, bi greba orokor eta dozenaka protesta izan dira, eta iritzi publikoaren gehiengoak Gobernuaren agenda bortitz atzerakoiaren aurka egitea lortu du. 

Eta, azkenik, Frantziakoa izan da estonagarriena. 2018an “txaleko horien” eta 2019an eta 2023an pentsioen erreformen aurkako mugimenduaren kontra gobernuek errepresio gero eta handiagoarekin erantzun zuten; erreibindikazioei entzungor eginez eta legeak dekretuz ezarriz. Hala, boterea, indar errepresiboen bidez mantentzen da, zilegitasun demokratikoaren bidez baino. 

Horrela hobeto ulertzen da Frantziako Gobernuak bigarren hezkuntzako ikasleen matxinadari eman dion polizia tratua; gaizkiletzat hartuz, eta indarrez neutralizatu behar den hiri matxinada irudikatuz. Frantziako Gobernua ez da itsuz eta gorrez osatua, ezta idiotez eta inozoez ere. Gobernu horrek aurrekoaren bideari eutsi dio, eta balizko gerra zibilaren baliabideekin erantzuten dio. 

Christian Laval soziologoak, Paris-Nanterreko Unibertsitateko katedradun emerituak, honela aztertu du egoera: «Eskolatutako gazteen mugimendu batek ez zuen inoiz antzeko errepresiorik jasan: Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 5.000 ikasle atxilotu zituzten, larri zauritu, eta, azken asteburuan, beste 2.500». 

Poliziek, batzuetan zibilez eta beste batzuetan ia ekipamendu militarrez, gazteak iraintzen, kolpatzen eta atxilotzen dituzte. Benetako gerra egiten ari dira haur eta nerabeen aurka; indarra dagoen lekuan, balio duen botere bakarra nor den erakusteko. 

Oldartze maila ez da polizia erradikalen gehiegikeria isolatuaz osatzen; aurreikusitako politikaz baizik. Laurent Nuñez Barne ministroak ezin hobeto azaldu zuen urriaren 2an TF1en: «Ez dago ez moderazio kontsignarik, ez barne segurtasuneko indarren esku dagoen armamentu guztia ez erabiltzeko kontsignarik». Beste era batera esanda, baliabide guztiak erabil daitezke, ez bakarrik borrak eta gas negar eragileak, baita gomazko balen tiroak ere (LBD), eta horien kalteak dramatikoak eta handiak dira: 14 urteko gazte bati erauzitako begia, hortz hautsiak, aurpegiko hausturak, esku bat erauzita… Uztailean, adibidez, legez onartu zen ordena indarren defentsa legitimoaren presuntzioa, eskuin muturrak aspalditik eskatzen zuena.

Hedabideek, manifestarien indarkeriaz, arpilatzeez eta degradazioez hitz egiten dute, gertaera horiek protesten bihotza eta helburu nagusiak balira bezala; baina, aldiz, azken hilabete eta urteetan sortutako gizarte esplotazioaren ondorio saihetsezinak baino ez dira. Larunbatean bertan, eta hurrengo egunetan, komunikabideak eta Gobernua indarkeria eszena horietan oinarritu dira, eta arpilatzaileek gazteei manifestazioak lapurtu dizkietela salatuz, lasaitasunerako deia egin dute, eta lehen aldiz aitortu dute aldarrikapenen zilegitasuna. Funtsean, «protesta egin nahi baduzue, egin ezazue, baina era zibilizatuan», esaten ari zaizkie inolako konponbiderik eman gabe. 

Olivier Besancenoten iritziz, «gizartearen eztanda oro bide bihurgunetsuetatik igarotzen da. Ez dago eztanda sozialik albo kalteak sortzen ez dituena. Gizartearen nahigabea ahal bezala adierazten da, eta batzuetan arpilatzeak eta Poliziarekiko liskarrak gertatzen dira. Indarkeria gaitzesteko deien eta apologia bidezko prozesu mehatxuen helburu bakarra gizarte erantzuna diziplinatzea eta ahoa estaltzea da».

Baina inoiz ez du galdetzen nola erantzun basakeria legalari? Zer egin horrelako dinamikak gertatzen direnean? Zeinen ardura da? Manifestariek beren burua defendatzeko eskubidea dute. Beti sortzen dira albo kalteak. Eta gerrako albo kalte guztiak, hildakoak barne, justifikatzen dituzten horiek espantu eta desadostasuna agertzen dute oraingoan. Adibidez, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak, bere babesa azalduz segurtasun indarrei, zehazki, Poliziari. Probokazio polizialak direnean ere bai? 

Errepresioaren aurrean, mugimendu sindikala, ikasleen gurasoak eta herritarren elkarteak ikasleen protestak Poliziarengandik babesteko antolatu dira: janaria blokeoetara eramatetik hasi eta poliziaren errepresiotik babesteko giza hesiak antolatzeraino. Ez da nahikoa. Orain, langileen mugimenduak lekukoa hartzea da jokoan dagoena. Langileek gizartean duten indarrik gabe, errebolta legitimo horrek ezingo du helduengan klase kontzientzia sorrarazi, ezta garaipen txikiak edo etorkizunean sinesteko moduko mugarriak lortu ere. Horixe bera da, hain zuzen ere, greba orokorraren aldarrikapenaren atzean dagoena.

Search