Gorka Elejabarrieta

Europaren hazkundea

Europako teknokratek aurreikusi ez zuten beste mota bateko hazkundea ere indarra hartzen doa, barne hedapena deritzona. Katalunia eta Eskozian egingo diren erreferendumek, eta estatu inplikatuen bi ariketa demokratiko hauekiko jarrera guztiz ezberdinak debatea eta alarma gorri guztiak piztu dituzte Europar Batasunaren baitan.

Uztailaren bataz geroztik, Kroazia Europar Batasunaren hogeita zortzigarren estatu kidea bilakatu da. Aipatzekoa da EB osatzen duten 28 estatuetatik erdiak, hamalauk, independentzia XX. mendean eskuratu dutela. EBren kanpo hedapen prozesuak bere bidea jarraitzen du, eta zerrenda horretan dauden ondorengo estatuek negoziazioekin jarraitzen dute. Turkia, Montenegro, Mazedonia, Serbia eta Islandia dira zerrenda horretan lehenak eta hauen atzetik daude Kosovo, Albania eta Bosnia.

Islandiak 2009an egin zuen Europar Batasuneko kide izateko eskaera, krisi ekonomiko eta politiko sakonaren erdian. Ordura arte, urtetan, Europar Batasunaren kontra azalduriko ezker alderdiak gobernua eskuratu eta gutxira. Hala ere, Islandiako herritarren artean Europar Batasunaren kontrako iritzi eta jarrera indartsua da, nagusia esango nuke.

2013an, herrialdea krisira eraman zuen alderdi kontserbadoreak hauteskundeak berriz ere irabazi zituen eta berehala adierazi zuen EBko estatu kide izateko negoziazioak jarraitu aurretik erreferendum bat antolatuko zuela, hiritarren gehiengoak zer nahi duen jakiteko, herritarren gehiengoa kide bilakatzearen kontra badago negoziazio horiek denbora galtze bat direla pentsatuz. Beraz, agindutakoa betetzen bada, ez dut uste Islandiak Europar Batasuneko kide bilakatzeko bidea luzaz jarraituko duenik.

Badirudi Serbia eta Kosovoren bideak ez direla oraindik guztiz banatu eta Europar Batasuneko kide bilakatzeko aukerak haien arteko talkak leundu ditzakeela. 2013ko apirilean, bi estatu independente hauek akordio bat sinatu zuten, batak besteari EBko kide izateko bidea ez oztopatzeko konpromisoa adieraziz. Akordioa betetzen duten ikusi beharko da, bitartean Serbiaren bidea erraztuko du, eta Kosovok zailtasun nabariak izaten jarraituko du, EB osatzen duten 28 estatuetatik bostek ez dutelako oraindik ere Kosovoren independentzia onartzen.

Espainiar estatuaz gain, Grezia, Errumania, Eslovakia eta Zipre. Greziak Mazedoniarekin ere badauka arazoa, bien arteko tirabirak aspaldikoak dira, Mazedonia izenaren inguruko eztabaidetatik haratago doazenak. Turkiak Europar Batasuneko kide izateko eskaera 1987an egin zuen, 1999an hautagai bezala onartua izan zen eta 2005ean hasi ziren berarekin negoziazio ofizialak. EBren ikuspegiaren eta interesen arabera, Ziprerekin konpondu gabe jarraitzen duen gatazka politikoak, Kurdistan eta beste estaturik gabeko herrien egoera gogorrak, giza eskubideen urraketa etengabeak eta beste askok ez dirudite nahiko oztopo Turkiak ekarriko lituzkeen «onurak» alboratzeko. Eta Espainiar estatuarekin eta beste kideekin gertatu dena ikusirik, noizbait Turkia EBko kide bilakatuz gero horrelako urraketak garrantzi txikia izatetik ez existitzera pasatuko dira. Estatu kide baten «barne arazoak» izatera pasatuko dira eta horrekin batera, gure kasuan maiz ikusi dugun bezala, Europar Batasuna Turkiaren interesak defendatzera pasatuko litzateke.

Esan bezala, Europar Batasunaren kanpo hazkundea aurrera doa, zailtasun gehiago edo gutxiagorekin. Europako teknokratek aurreikusi ez zuten beste mota bateko hazkundea ere indarra hartzen doa, barne hedapena deritzona. Katalunia eta Eskozian egingo diren erreferendumek, eta estatu inplikatuen bi ariketa demokratiko hauekiko jarrera guztiz ezberdinak debatea eta alarma gorri guztiak piztu dituzte Europar Batasunaren baitan. Azken asteotan modu trakets eta dorpe batean, iritzi publikoaren atentzioa ustelkeria eta bestelako barne arazoetatik desbideratzeko, estatu espainiarrak Gibraltarren berriz ere hasitako gatazka diplomatikoak autodeterminazioaren gaia pil-pilean kokatu du.

Europar Batasunak «estandar bikoitzaren» politikarekin jarraituko du, kanpoan bere mugen barruan exijitzen ez dituen baldintzak eskatuz, estatu kideen interes partikularrak defendatuz. Eskoziako erreferenduma txalotuko du, ariketa demokratikoa dela esango du eta era berean eta malabarismo politikoak eginez estatu espainiarrak Kataluniaren inguruan duen jarrera defendatzen saiatuko da. Noiz arte?

Search