Patxi Alaña Arrinda eta Angel Bidaurrazaga Van Dierdonck

Euskal demografia bultzatzeko deia euskal gizarteari

Jaiotza politika serioa egiteko beharraz gain, immigrazio jasangarria kontzeptua ere zabaldu nahi dugu. Ingurumen inpaktua aintzat hartzen den modu berean, etorkinak hartzerakoan inpaktu linguistiko eta kulturala ere kontuan hartu behar ditugu

Koronabirusa gauza asko bere lekuan jartzen ari da: zer den garrantzitsua (elkartasuna, osasuna, ekonomia lokala...), zer ez den hain garrantzitsua (ekonomia globalizatua, neurri gabeko turismoa, azpiegitura handiak...). Eta guk ere, Euskal Herrirako hil ala bizikoa den beste gai bat plazaratu nahi dugu.

EAEn laster hauteskundeak egiteko dira eta tamalez, egiten hasi diren programetan eta ildoetan betikoarekin jarraitzen dugula ikusten ari garenez, gure uste apalean une honetan esku artean euskal herritarrok dugun gairik garrantzitsuenari buruz iruzkin batzuk plazaratu nahi ditugu, denon gogoetarako: euskal demografiaren erronka.

Euskal Herriaren eta euskararen biziraupena eta normalizazioa kinka larrian daude. Gure herriko demografia, Europako estatu askotan ez bezala, etengabe beherantz doa, urtetik urtera % 5 baino gutxiago. Gainera, jatorriz hemengoak direnak bakarrik kontuan hartuko bagenitu, tasa orain dela 20 urtekoaren erdira jaitsi dela esan genezake.

Egoera ez dirudi hobetuko denik eta orain arte egin diren ekintzek ez dute jaitsiera hau gelditzea lortu. Horregatik dei egiten diegu bikoteei, norbanakoei, gizarteari, erakundeei, enpresei eta herri hau osatzen dugun guztioi gai hau seriotasunez aztertzeko eta demografia egoki bat lortu arte gogor ekiteko, ekintza serio eta bideragarrien bidez. Horrez gain immigrazio jasangarria izan behar dela deritzogu, hau da, sozialki, linguistikoki eta kulturalki integratzeko gaitasunaren menpe egongo dena eta ez ordezkapen demografikoa bultzatuko duena. Horretarako giza eskubideak eta herrien arteko elkartasuna bultzatu eta iparrorratz gisa hartu behar ditugu, baina gure herria izan dena, orain dena eta etorkizunean nahiko genukeena erabat desitxuratu eta bortizki aldarazi gabe.

Badakigu umeak mundura ekartzea ez dagoela modan eta ez dagoela batik bat laguntza batzuen menpe. Baina haurrak ekartzea herri zahar, jakintsu eta matrilinealetik geratzen zaigun hau biziberritzea da, enbor beretik kimu berriak sortzea. Eta gure hizkuntza miresgarri, berdinzale eta Europako substratu zaharretik ondoen gorde den altxor izugarri hau bermatzeko modu bakarra. Horregatik jarri ditzagun umegintza eta gurasogintza lehentasunen artean, auzolanean.

Jaiotza politika serioa egiteko beharraz gain, immigrazio jasangarria kontzeptua ere zabaldu nahi dugu. Ingurumen inpaktua aintzat hartzen den modu berean, etorkinak hartzerakoan inpaktu linguistiko eta kulturala ere kontuan hartu behar ditugu.

Euskal Herria emigrazio herria izan da baina baita abegi herria ere. Une honetan hemen bizi garen herritarren erditik gora urrutiko arbasoak ditugu. Etorritako asko integratu eta izugarri lagundu dute/dugu euskara eta euskal kultura bultzatzen baina oro har hartuta, gehiago galdu da, irabazi dena baino. Faktore nagusiak beste batzuk direla badakigu, batik bat, estatu propio bat ez izatea eta gure hizkuntzaren aldeko politika egoki bat ez egotea (40 urte ondoren euskera ikasteko ordaindu edo dirua aurreratu behar izatea, A eredua egotea, gure hizkuntzan naturaltasunez diharduten herri erakundeen ordez gazteleraz aritzen direnak sortu edo mantentzea…), baina bi faktore garrantzitsu hauei immigrazio handi-handi bat gehitzen badiegu, herri gisa bizirautea erabat kolokan dago.

Horregatik immigrazioa jasangarria (kanpokoa zein barrukoa) izan dadin mota guztietako ekintzak bultzatu behar direla uste dugu. Horrez gain, jarrera xenofoboak baztertu behar dira eta immigrazio jasangarriaren kontzeptua ez da arrazakerian oinarritu behar, euskal hizkuntza eta kulturaren defentsan baizik.

Bukatzeko, gonbidapen bat bidali nahi diegu gai honetan interesatuta dauden eragile guztiei gogoeta egiteko eta egoera aldatzeko behar duguna egiteko denon artean.

Search