Aitor Garagarza Cambra

Euskal distopia vs euskal utopia, sindikalismoa bidegurutzean

Egun, joko zelaian asko dago, ez ogi-apurrak, krisi betean sartuta gaude eta gure historian oso errotuta eta garrantzitsua izan den sindikalismoa jomugan dago. ¿Euskal sindikalgintza buruz burukoan oldarraldi neoliberalari aurre egiteko gai izango da?

Kapitalismoaren krisi aro berri baten atarian gaudela, covid-19ak krisiaren etorrera azkartu du eta, printzipioz, orain arte ezagutu ez ditugun ezaugarri propioekin gauzatzen ari da. Lehen olatua deiturikoan agerian gelditu ziren sistema ekonomiko beraren hutsuneak zein gure agintariek azken hamarkadetan aurrera eraman dituzten politika neoliberal teokratikoen mugak. Baina hilabete oso gutxitan ikusi izan dugu ez daudela prest ereduaren inguruko inongo eztabaida gauzatzeko, ezta haien pribilegioak kolokan jar lezakeen inongo kontzesiorik onartzeko ere.

Gurean Europar «laguntza» funts pozoitsuen diru bideratzearen erdia (AHT, Iberdrola edo Petronor) gutxi batzuen diru-gosea asetzeko erabiltzea edo pandemia baten erdian osasungintzan zein hezkuntzan gastatutako diru partida aurreko urtearen antzekoa izatea horren erakusle argi dugu, besteak beste. Berdin zaizkie sistemak agerian utzi dituen pitzadurak, oso argi daukate, ez dute inongo asmorik gehiengoaren mesedetan jarduteko, ostalaritza kasu. Are gehiago, testuingurua probestuz desjabetuon aurkako oldarraldi berri bati ekin diote konplexurik gabe.

Gainera, sistema ekonomiko, sozial eta politikoaz berba egiten digutenean, gehienetan, badirudi termino jainkotiarretan berba egiten digutela. Nolabait, naturalizatzen dugu dagoena, betidanik horrela izan delako eta bestelako aukerarik ezin daitekeelako egon. Zeharka pultsio utopikoa/errelato askatzaile oro suntsitu nahi dute, behin behitiko Euskal Distopia ezartzeko.

Euren erabakiak «onenak» eta bakarrak diren bitartean, oso argi daukate, desjabetuon bizi baldintzak egonkortu, irauli edo erresistentzia sortaraz dezakeen mugimendu oro desegin egin behar da. Ez da kasualitatea, azkenaldian lan gatazken areagotzearen aurrean sindikalismoaren aurka statu quoren kudeatzaileek erakutsitako jarrerak eta adierazpenak, beste batzuen artean, Hezkuntzan arloko edo Osakidetzako langileak pairatu dituztenak. Haien ahotan inoiz ez delako momentu egokia aldarrikatzeko.

Ez, Ez da kasualitatea eta estrategia baten aurrean kokatu behar dugu sindikalismoaren aurkako oldarraldia. 78ko erregimen autonomikoaren tokiko kudeatzailea den EAJk argi dauka haien agenda neoliberala ezartzeko egun duen azken gotorlekua antolakuntza sindikala dela. Aspaldin uko egin zioten nazio eraikuntzari, Eurocoparen gola azken adibiderik gordinena dugu, eta egun neoliberalismoaren tokiko ezarpenaz arduratuta daude haien tartaren zatia galdua gabe.

Haien aurrean, XXI. mendean gehiengo sindikal antolatu eta indartsu bat egotea ez da gutxi, miseriak onartuta ere. Zelanbait aurreko borroka zikloak sortutako mikroklimek ahalbideratu zuten egun dugun uzta. Gehiago sakondu eta hausnartu beharko beharko litzateke, baina bi hipotesi botako ditut: 1. 78ko erregimenaren kudeatzaileak Hego Euskal Herrian bazeukaten garaitu beharreko etsai nagusi bat eta 2. tradizio luzeko sindikalismoaz gain, borrokaren epikak autoantolakuntza eta aldarrikapen desberdinekiko ikuspegi positibo oso zabala sortarazi du.

Horretaz gain, aurreko zikloak sortarazitako mikroklimak ahalbideratu du, egun dugun autogobernu maila, zenbait babes sistema propio edota lan hitzarmen duinagoak. Baieztapen honekin ez dut irudikatu nahi, lortutakoa ideala denik, baizik eta aurreko zikloko mikroklimak aldeko haizeak sortarazi zituela. Besterik gabe, askotan, guk baloratzeko kapaz ez garen errelatoa jarri nahi dut mahai gainean. Nekez, onartu behar izan dituzte egun ditugun eskubideak, hainbatek zuhaitza mugiarazten zutelako. Neoliberalismoaren agenda ezartzean erresistentzia topatu dute, eta nahi baino mantsoago garatu behar izan dituzte haien asmoak.
 
Egun, joko zelaian asko dago, ez ogi-apurrak, krisi betean sartuta gaude eta gure historian oso errotuta eta garrantzitsua izan den sindikalismoa jomugan dago. ¿Euskal sindikalgintza buruz burukoan oldarraldi neoliberalari aurre egiteko gai izango da? ¿Mikro-klima berriak sortarazten duen beste borroka ziklorik gabe euskal sindikalismoa eusteko eta eraldaketa sozialean aurrera pausu nabarmenak emateko kapaza izango da? Nire ustez, ez. Zergatik?

Sindikalismoak ezin dio muzin egin orain arte jendartean bitartekaritza erakunde nagusien krisiari. Askotan, alderdi politikoen krisiari buruz berba egiten da, baina honek ere sindikalismoan bere eragina dauka. Alde batetik, horiekiko legitimazio soziala nabarmen murriztu delako. Are gehiago, Estatu espainiarreko bi sindikatu nagusien autodeslegitimazioak eta penak zuzenean euskal sindikalgintzan eragina izan dute. Oso zabalduta dauden esaldi hutsalen eragina ezin ukatu: «denak berdinak dira». Zuzenean sindikatuak jendartearen iruditegian eliteekin kokatzen dituzte, eta haien eragiteko gaitasuna oztopatzen dute.

Sindikalismoa oso errotuta badago ere, ez du esan nahi per secula seculorum egongo denik. Owen Jonesek, "Chavs: The Demonization of the Working Class" liburuan, oso ondo azaltzen du Thatcherren gidaritzapean nola lortu zuten Erresuma Batuko antolakuntza sindikal indartsua makurtzea. Gainera, modernitate industrialetik postmodernitatera salto egindakoan sindikalismoak jendarteko hainbat sektore antolatzeko ezintasuna nabarmena izan du. Hau da, jendarteko hainbat sektore marko sindikaletatik oso urrun daude. Argi dago, sindikalismoa horietara egokitzeko ahaleginetan dagoela, aurrera pausu nabarmenak eman dituela, baina ezintasunak asko dira.

Horretaz gain, aspaldidanik, 78ko erregimen autonomikoaren markoa agortuta dagoela eta burujabetza beharrezkoa dela gehiengoen bizi baldintza hobetzeko aipatzen bada ere, sintesia formulatzeko arazoak edo konplexuak ditugu. 78ko erregimen autonomikoa gainditu beharra dago, ezinezkoa delako bertan burujabetza soziala gauzatzea. Burujabetzak egunerokotasunean eraikitzen badira ere, 78ko erregimena gainditzeak ezinbesteko baldintza da, bestela oximoroi baten aurrean geundeke.

Hortaz, gehiengo sindikalak konplexurik gabe Euskal Errepubliken beharra aldarrikatzen hasi beharko du, ez ikuspegi identitate eta folklorikoan, baizik eta jendartean behar materialak hobetzeko bide gisa. Ahaztu, Pantxoa eta Peioaren "Bagare", guztiok ez gara anai-arrebak. Euskal errepublika euskal distopiaren kudeatzaileen oldarraldiari aurre egiteko sindikalismoak behar duen borroka mikro-klima sortaraz dezake eta euskal gehiengo sindikalak asko dauka esateko. Nola?

Search