Garazi Irureta Eizagirre
Euskal Herriko Komunistak (EHK)

Euskal Herria osotasun baten parte

Euskal Herri Langilea, herri-sektoreak eta euskal preso politikoak Estatu espainiarraren begiradapean daude, eta Alderdi Popularrak ez du amore ematen ekintza errepresiboa ezartzen, haren helburua baita gobernuan betikotzea. Horretarako, ordea, berreskuratu egin behar du ezartzen ari den neurri ekonomikoen ondorioz galdutako zilegitasuna, baina nazioarteko porrot ekonomikoaren eraginez ezarritako neurri horiek ez dute amaitzeko itxurarik.

Hori dela eta, agerian utzi dute ETAren atzera-egiteak eta krisiak nolakoa den Espainiako demokrazia errealaren aurpegia, eta nolakoa, alde bakarreko indarkeria. Porrot egin duen estatu baten ohiko prozedura da Espainiako estatuarena; izan ere, ohituta dago klase problematikari eta estatuari dagozkion barne-arazoak bortxaz konpontzen. Hala, ez dira harritzekoak Madrilen salbuespen legeak gogortzeko egiten ari diren lege-aldaketak.

Estatuak aurrea hartu nahi die krisiak etorkizunean izan ditzakeen ondorioei, eta aldez aurretik menderatu nahi du edozein erantzun sozial eta politiko, baita baketsuak direnak ere. Prestatu daitezela ENAM gaitzesten zuten indar sozial eta politiko guztiak, eta desobedientzia baketsuan estatuaren tresna zapaltzaileak behin betiko neutralizatzeko bidean sinetsi izan zutenak. N

ola bukatuko ote da krisi hau? Hori ezin da sumatu modu zehatz batean, kapitalismoarekin amaitzeko borroka hasi ere egin ez delako. Aitzitik, sumatu dezakegu sistema kapitalista sartu dela jada ez haren berehalako erorialdia iragarriko duen krisi ekonomiko larri eta iraunkor batean, baizik eta garapenaren muga-eremuan, eta munduko bazter guztietan eragingo dituen dislokazio eta asaldura guztiak hautsi eta gainditu nahi ditu.

Kapitalismoaren historian zehar inoiz ez da hain makala eta kaskarra izan oposizio sozialista, eta, halere, asaldatuz doa sistema bera. Merkatu-ekonomiari atxiki zaio mundu osoa. Kontinente guztiak parametro kapitalisten menpean daude. Lurralde batzuk neoliberalismotik, eta beste batzuk, estatu kapitalismotik —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hego Afrikan gertatzen den bezala—, mundu-hegemonia lortzeko inperio arteko borroka baten aurrean daude, eta horrek polo askotako mundua sortu du. Polo asko izateak botereak parekatzeko prozesua dakar, eta horrek, mundua beste modu batera banatzea. Hala, arma-ibilbideari ekingo diote, ezinbestean, Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Txinak, Indiak eta Japoniak. Horrenbestez, gaur eguneko etapa mundu-mailako trantsizio sistemiko bati dagokio; amaitu gabe dago oraindik, eta nazio, eskualde eta herrialdeetan nahiz produkzio- eta truke-bitartekoetan eragingo du.

Horrenbestez, auzi ekonomikoan soilik kokatzen baldin bagara, pentsa daiteke muga historiko bat duela kapitalismoak? Rosa Luxemburg marxista handiak baietz erantzuten zuen, kapitalismoa, produkzio-modua den heinean, zalantzarik gabe, «objektiboa den ezintasun ekonomiko» bihurtuko zen azkeneko fase batera helduko zela. Haatik, kapitalismoak bere ibilbide historikoa osorik egin baino lehen sortuko lukeen «egoera jasanezinaren» eraginez ez luke beharrezkoa izango mutur horretara iristea bere kabuz desagertzeko. Hori 1913an idatzi zuen, Kapitalaren metaketa saiakeran.

Ia 90 urte geroago, eutsi dakioke ikuspegi horri? Historiak erakutsi du klase-borroka, Rosa Luxemburgen iritziz kapitalismoaren bizitza laburtu behar zuena, ez dela gai izan eginkizun hori betetzeko. Ez borroka hori ez delako aurrera eraman, baizik eta kapitalismoak behar beste baliabide ekonomiko aurkitu zituelako bere baitan hura hondoratzeko.

Horrek adierazten du klase-borroka baliogabetzat jo behar dugula kapitalismoaren amaieran? Ez, argi eta garbi baitago ez dela bakarrik desagertuko, jendearen esku-hartzerik gabe. Gizakien historia klase-borrokaren historia da. Gizon-emakumeek egiten dute, egiaz, beren historia, baina, Marxek esan zuen bezala, baldintza zehatz batzuetan. Gauza bat adierazten du horrek: kapitalismoak bere krisia gainditzeko azpijoko ekonomikorik duen bitartean, eta, horri esker, metaketarekin aurrera jarraitzeko aukera, ezin izango dugu klase-borroka baliatu zorrak kitatzeko. Eta egoera horretan dago sistema, krisiari eusteko modua eta metaketa-prozesuaren iraupenari berriro ekiteko modua bilatzen, planetaren hainbat aldetan sortzen ari diren indar iraultzaileei eraso eginez. Osotasun horren parte da Euskal Herria.

Politikoki, demokrazia burgesak (klasearteko esparru integratzailetzat) ez du ikuspegi sinesgarririk eskaintzeko, ideal burges klasikoak agortuta baitaude. Aurreratu deritzen munduko gizarte kapitalistei erreparatzen badiegu, eta han dago gure Euskal Herria, ageriko gertaera bat ikusten da gaur egun: jada ez da talde-grinarik, ez agerraldi politiko handirik, ez atxikidura erakartzeko, gogo biziak pizteko edo itxaropena sorrarazteko gai den uste sendoko sistemarik. Ikuspuntu ideologiko batetik, mundu ilun eta bakarti bat hedatu da.

Bistan denez, gizarte-axolagabekeria sustatu nahi du burgesiak, gizakiaren borroka emantzipatua deuseztatzeko. Hala ere, bada burgesiak txantxarik onartzen ez duen alor bat: ekonomia. Kapitalaren legeei obeditzen die soilik, merkatuaren eskakizunei, errentagarritasunaren premia gogorrari, eta zalantza izpirik gabe ezartzen eta gogortzen ditu neurri zapaltzaileak bidezko aldarrikapenak eta zehaztutako ordena zalantzan jartzen duten jarrerak agertzean.

Estatu espainiarraren kasuan, Autonomien Estatuaren ezarpenarekin berretsi zen politikoki talde menderatzaileetan PNV-UPN eta CIUk ordezkatzen duten burgesia erregionalisten integrazioa. Hala ere, eredu hori, Monkloako Itunaren berotan jaioa, zalantzan jarri da, eta suntsitu ere egin daiteke indar politikoek (zentralistek zein independentistek, erregionalistek zein autonomistek) gaur egun sortutako kontraesanen eta barne-liskarren ondorioz.

Berehala sortzen da galdera. Zeri erantzuten dio 1970eko hamarkadatik Espainiako estatuan inposatu den ordenaren aurkako erronka horrek? Erantzun bat Estatuko burgesien klase jarreran eta euren beharretan bertan legoke; beste erantzun bat langile-klasea oinarri sozialtzat duten erakunde independentisten haustura-presioetatik dator, duela hainbat urtetatik nazio zapalduen burujabetasunaren alde borrokan ari direnen presioetatik. Bi kasuetan, nahitaezkoa da gogoratzea inperialismoak ezarria dela gure esparru ekonomiko eta politikoa, produkzioaren garapen eta metaketa ikaragarriaren emaitza, eta kapitalismoari datxekien produkzio-bitartekoen sozializazioa indartzen duela. Orain, mundu-mailakoa da kapitalaren metaketa, eta estatuen eta eskualdeen esparru ugari zaharkituta geratu dira, hauek, desorekak eta arazoak sortzen dituzte sistemaren garapenean.

Euskal Herrian, eraldatu nahi duen ingurunearen oinarri sozioekonomiko eta politikoei erreparatuko dien mugimendu iraultzailea berreraikitzeko erronka onartzea eskatzen du borrokak. Mugimendu hori munduaren beste ikuskera batetik soilik eraiki daiteke, eta, beste kasu batzuetan adierazi dugun bezala, eguneratu egin behar da, eta berregin; hau da, gure herriaren askapen nazionala eta sozialerako borrokaren egungo eta etorkizuneko beharren araberako praxi iraultzailearen baitan osatu.

ENAMak pilatutako esperientzia iraultzaile historikoa da gure herria burujabetasunaren aldeko borrokaren kateari heltzeko euskarria. Eta gai horretan, asko dugu esateko euskal komunistok, eta badugu zer egina, nahiz eta, momentuz, eragin ahula izan Ezker Abertzalearen eta Euskal Herri Langilearen baitan.

Search