«Euskal Herrian Euskaraz», legegile euskaldunari eskaera
Guk euskaraz, zuk zergatik ez?» Arestiren poemaz egindako kantutik, «Gora euskara maitea zoragarriena, euskaldunen artean maitagarriena. Munduan sortu zanik hizkuntzik zaharrena, gora ta gora euskaldunak eta gure euskara», Mutrikuko Kuirekak izkiriatutakotik pasaturik, eta «Euskal Herrian Euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara, geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara» Oskorrik plazaratutakora arte, denen artean ia 70 urte igaro dira.
Sobera dakigu euskaldunok herri kantutegi hau hurrengo mespretxuzko jarrerei erantzuteko jaioa zela: «Una lengua de museo: Quiero decir que la resurrección del euskara tiene sus dificultades, el mantenimiento del que hay a través de los procedimientos de euskaldunización pues es muy simpático, etcétera, pero no será posible convertirlo en una lengua de uso diario porque es imposible construir toda la tecnología actual con un idioma prehistórico en el que la raiz básica es ‘aitz’, que es piedra. Hombre, claro... Y digo esto con el mayor respeto al euskara que es una lengua maravillosa, pero es una lengua ya de museo» (Manuel Fraga Iribarne, elkarrizketa Galiziako telebista kate batean, 2006ko martxoaren 7an). Euskal Herriaren seme kutunetako bat izan zen Joan Mari Torrealdaik egindako "Asedio al Euskara" liburuan jasotzen dira holako gutxiespenak. Memoria historikoari zor eta berriro ere ez errepikatzeko bermea, Joan Marik utzitako euskal ondarea.
Memoria historikoaz gain, euskara babesteko, legegile euskaldunak jarduteko gorputz-lege oso bat sortu zuen berme gisa, hain zuzen ere, aitortutako koofizialtasuna eta Europatik zetozen hainbat arau-akordio egikaritzeko (euren artean, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna). Geure eremuko batzuk aipatzearren: 3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarena; 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 11/2022 Legea, abenduaren 1ekoa, Euskal Enplegu Publikoari buruzkoa; 4/2023 Legea, apirilaren 27koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena, edota 19/2024 Dekretua, otsailaren 22koa, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzekoa...
Duela egun batzuk Anton Arriola Bonetak, Kutxabankeko presidenteak, zera adierazi zuen Bilboko Merkataritza Ganbarak antolatutako solasaldi batean: «Euskara muga bat da talentua erakartzeko», eta guk, legelari inozook, edozein hizkuntza jakitea, muga baino, aberastasuna dela pentsatuz, ezagutza horrek aukerak zabaltzen dituelakoan...; are gehiago, euskara jakitea «talentu» horren osagaietako bat izan daitekeela uste genuen, euskara eta gaztelania, bi-biak, koofizialak diren erkidego batean bizi garela ahantzi gabe.
Agian, Arriola Boneta jaunarentzat koofizialtasuna oztopo hutsa da, talentua erakartzeko. Agian, euskaldunon artean sortutako berme legalak eta instituzionalak sobera daude, hala nola koofizialtasunean oinarritutako hainbat sistema: hezkuntza eta hizkuntza eskubideen lege sistema instituzionala, esaterako.
Guk adierazpen askatasunean sinesten dugu, baina gure uste apalean Kutxabank bezalako euskal finantza erakunde baten presidentea izanik, gutxienez, herri honek dituen lege sistema instituzionalari eta hizkuntza eskubide arkitekturari begirunea adierazi beharko lieke. Beharbada ezinezkoa, begirune hori kultura aniztasunarekiko sinesmenetik hasten da eta.
Laburbilduz, Euskal Herriko sistema finantzarioko kontsumitzaile euskaldunok ez dugu behar geure hizkuntza eskubideak lausotzen dituen inor, ez eta herri honek pairatzen duen hizkuntza diglosia sistemikoan sakontzen duenik ere.
Hortaz, kantatzen duen herria inoiz ez denez hilko, eta koofizialtasun formaletik egiazko koofizialtasunera igarotzeko premian gaudenez, euskaraz bizi nahi duen legegileari euskal kantutegiko ondorengo kanta gogora ekarri nahi diogu, euskaldunon hizkuntza eskubideak legezko bermeen bitartez babesteko bere esku dagoen oro egin dezan, azken finean, «geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ezin baikara izan: bagire, bagara; euskara askatzeko, oraintxe dugu aukera».
*Sinatzaileak: Iñigo Santxo, Arantza Isasmendi, Iñigo Urrutia, Idoia Gutierrez, Joseba Iñaki Sobrino, Alfonso Atela, Ramon Zabala, Bea Illardia, Mirian Campos, Joxean Lozano, Sergey Aresti, Endika Garai eta Jon Artatxo (Erabakizaleak-Erabakitzeko eskubidearen aldeko legelariak)
Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen.