Josu Naberan
Idazlea

Euskal Herriaren orena

Ba dagoeneko heldua da urratsak emateko garaia: Euskal Herriaren orena. «Aski!», esateko ordua. Aski da pentsaera bakarreko errejimenaz; aski, kazetari jatorrok, laupabost desinformazio agentziaren menpeko izateaz; aski, «pandemia dela-eta», hainbat giza eskubide murrizteari; aski, dena delakoaren izenean, jokabide demokratikoari trabak jartzeari.

Orenak eta orduak, gizakion kontuak.

Tira, batetik Joko Olinpikoak, denek kronometroak eskuetan dituztela; eta bestetik Einstein jauna, denbora ez dela existitzen eta.

Bada ala ez da existitzen?

Derragun lehenbailehen: «denbora» (oro) ez da existitzen, zeren kontzeptu hori geuk asmatu omen baitugu, Eguzki, Ilargi eta gainerako asturu-mugimenduak alderatzearen ondorioz; baina «orenak» (oro-an-en) bai, geuk aplikatu dugulako «denbora» kontzeptu abstraktua erlojuetara, orduak, minutuak eta abar hainbanatzeko. Eta hortik, gainera, tramankulu eta kontaduria fikziozko horien mende bizi izatea guztiok; olinpiar lehian, adibidez, segundo-milarenak erabakitzen du.

Bada, orenak, izatez, guk geuk asmaturiko fikziozko denbora–zatiak baldin badira, zergatik ez erabaki, diot nik, «Euskal Herriaren garaia, sasoia eta ordua oraintxe berton izatea? Berebiziko egoki litzateke.

Baina uste dut erabakia hartua dugula daborduko, hala Gasteizen, nola Baionan eta Donostian. Herenegun 2.000 izan ginen, atzo 6.000, eta etzi auskalo zenbat. Aurrera bolie, askatasuna lortu arte.

Nahiz eta Londonen bestela pentsatu eta jendea plazara irten Askatasuna (Freedom Day) ospatzera, euskaldunok argi daukagu oraindik ez dela iritsi gurera Askatasun Eguna eta Orena. Alta, bai ordea, urratsez urrats haren bila abiatzeko ordua. Gainera, Kapitalismo berriaren eta Farmakotegien eraso hau mundu mailakoa izanik, erantzuna ere halakoa beharko du: mundu mailakoa.

Ekimen honetan, Euskal Herriek berebiziko eginkizuna daukate, esan bezala. Izan ere, antzinako kontua da gurean «Auzo Lana», nahiz eta orain Jaurlaritzak bere propagandarako baldarki darabilen hitza izan (auzolana edozertarako eta ezertarako ere ez). Baita ohizkoa izan dugu Zelaiko Batzarra, aspaldiko antolamendu demokratikoa, nahiz eta orain Alderdiek okupatu duten zelaiko plaza. Eta geure–geurea dugu Auzoen dinamika dinamikoa, nahiz eta egungo nagusiek Espektakulua lehenetsi.

Berba batez, iraultzarako baldintza guztiak betetzen ditugula, soil–soilik... kritiko izatearen baldintza behar.

Ez pentsa batere erraza denik Sistemarekiko kritiko izatea. Begira populuak nola irentsi dugun bete-betean dogma eta bertsio bakarra, negazionista handienen eskutik irentsi ere, gaur bizi dugun egoera honetaz.

Erran digute «birus maligno bat» etorri zaigula ez dakit nondik, covid–19 deritzana. Esan digute, halaber, mundu guztiak txertatu behar duela, ez soilik behin eta birritan, baizik eta urtero gutxienez. Nerabeak eta umeak barne, munduko ezein laborategitan isolatu ez duten covid misteriotsu horri aurre egiteko. Eta zein modutako txertoz? Txerto espirimentalez, hots, aurten arte txerto ororentzat derrigorrezko izan diren ohizko protokoloak bete ez dituztela. Bulda berezia ote? Eta usuenek txerto genikoak direla, hots, gizakiengan inoiz inokulatu ez direnak. Beraz, bide batez frogatzekoak.

Esaten ari zaizkigu, oraindik, «edozer gauza» dela hobe «gaixotasun» hau baino. Tira, ba al dakite eurek ere zer esaten ari diren? Bada, jakin bezate «aditu» edo «iragarleok», dioten hori gehiegi jakitea dela. Izan ere, inokulatzen dabiltzan txerto hauen saltzaileek eurek ez dutela jakin nahi ezertxo ere beraien txertoen albo–kalteez. Baldintza–klausula bat ezarri dute bereziki ezarria: ez hartzea euren kargu inolako albo–kalteren erantzukizunik. Bapo.

Beraz, nola ausartzen gara «euskaldun zentzudun» fama daukagunok halako txertoez txertatzera gure ume eta nerabeak? Halako neurrian galarazi ote digu «euskal sena» gure erakunde eta agintarien kanpaina itsuak? Jabetzen al dira, eurok, zein eliteren zerbitzutan dabiltzan?

Orain badakigu «bertsio bakarraren» iruzurrak burua jan digula. Bada, inoiz txarra izan bada, ezin izan oraingoa baino sasoi desegokiagoa dogma eta bertsio bakarrerako.

Lehenik eta behin, mikrobiologia mailan sekulako iraulia ari delako gertatzen oraintxe, mikrobiologia mekanizistatik organiko edo integratibora jauzia. Stefan Lanka biologo alemaniar ospetsua dugu irauli horren abanguardiako bat, eta zera aholkatzen digu: «den–dena ezbaian jartzeko unean bizi gara» (Wissenschaftplus aldizkarian tres artikulu luze idatzi berri ditu auzi horri buruz).

Are gehiago ezbaian –diosku María José Martínez Albarracín andereak, Biologia eta Inmunologia katedradunak–, une honetako txertoez: «inefikazak izateaz gain, arriskutsuak dira» ("Discovery Salud". Uztaila–abuztua, 2021).

Zeini egin behar dio kasu oinezko honek? Ez behintzat behe–lainopean galduta dabiltzan hemengo nabigari itsuei, dela EHUko lemazain, dela Jaurlaritzako Kapitain.

Azkenik, esan bezala Zientzian oinarri–oinarrizkoa den neurria, «Prebentzio Printzipioa»: ez erabili seguru-segurua ez den ezer. Eta nire galdera inozoa: zer dela-eta arau ezin zientifikoago honi hain kasu gutxi egitea orain, inoiz baino beharrezkoagoa denean?

Zeren urrezko arau hori guztiz zentzuzkoa baitirudi; norat joan da, bada, euskaldunon zentzu famatua? Honek guztiak bistakoa dirudien arren, egungo kanpaina globalak izutu egin gaitu lehenbizi, apropos; eta azkenik, populua itsutu eta ororen burua jan.

Ba dagoeneko heldua da urratsak emateko garaia: Euskal Herriaren orena. «Aski!», esateko ordua. Aski da pentsaera bakarreko errejimenaz; aski, kazetari jatorrok, laupabost desinformazio agentziaren menpeko izateaz; aski, «pandemia dela-eta», hainbat giza eskubide murrizteari; aski, dena delakoaren izenean, jokabide demokratikoari trabak jartzeari. Are gutxiago gardentasunik gabeko datuak eta mezuak bitarteko direla.

Jarrai bezate Baionako eta Donostiako bilkurak, bihar-etzikoak eta hurrengokoak, beren aitzinasmoekin. Nahiz eta betiko hedabideek «negazionista» deitu (nori eta geuri, hain zuzen), edota «txerto-kontrako» (hala, horrela, bultora), gu geurera. Badakigu zerk biltzen gaituen, hasiera–hasieratik utzi genuen argi: gardentasuna eta demokrazia eskea.

Nano gara, baina hazi egingo gatzaizkie laburrera; oraindik nano gara, bai, baina hazi egingo gatzaizkio Sistemari, agian berak uste baino lehen.

Search