Euskal kulturaren biharamunak

Euskal kultura tipi hau monopolizatzen dutenek esan beharko dute dirulaguntzen bidez sisteman integratuak izateak, asimilatuta egoteak, politikoki zuzen izateak eta ilargiaren alderik argiena baino ez erakusteak merezi duten duintasunez iraunarazteko.

08/08/2020

Milan Kundera idazlearen arabera, gizataldeak zirkuluan edo biribilean eratzeak irmotasun, alaitasun eta segurtasun inpronta ematen dio gizabanakoari. Zirkuluaren enigma eta sinbolismoa, biribilaren estratagema dago horretan; gizabanakoa babesteko, edo, lotzeko, zehatzago esate aldera.

Biribilean eskuak lotuta dantza egin dezakezu, barre egin, eta osotasun baten parte zarelako segurtasuna eman diezazuke. Zirkulutik at ez dago zabarkeria eta errefusa baino. Eman dezagun zu zeu zirkuluan eta biribilean zaudela lagun talde batean, eta badagoela bat zirkuluak onartzen ez duen berba bat edo keinu bat egiten duena. Zirkuluak, orduan, mekanismo automatikoa du lagun hori presioaren bidez zirkulutik at ateratzen hasteko. Bere burua zirkulutik kanpo ikustean, atzera berriro sartzen ahalegindu arren, ezinezkoa egingo zaio. Besterik gertatzen da lerroarekin. Lerrora itzul zaitezke, atzean edo aurrean berriro jarriz, irekia baita. Zirkulua, ostera, itxia da, iragazgaitza. Zirkuluak esangura magikoa du, eta boterea du, indarra, eta bertara batzen direnak pozik bizi dira, haiek eratutako sisteman ikusten baitute beren burua gogotsu. Zirkulutik kanpo geratzen dena, berriz, mespretxatua eta ahantzia izaten da.

Ez da kasualitatea planetak zirkuluan mugitzea eta haietatik harri bat edo meteorito bat jaregin eta kanporako bidea hartzea indar zentrifugoa dela eta. Eta orbitaren inguruan hiltzen (ahanzten) dira batzuk, eta besteak erorketan bertan. Zirkuluaren herrimina sentitzea normala izaten da, edo ez, baina denok unibertso beraren parte garenez gero, zirkuluka biziz irauten du unibertsoak. Baina biziraupen duinak, bestalde, tarteka-marteka, eragotzi egiten digu zirkulua osatzeko ahaleginean ibiltzea.

Irrirako eskubidea soilik zirkuluan bizi direnek dutela dirudi. Haiek sortutako erregimenak ematen baitie, antza, zoriontsu bizitzeko aukera, haien monopolioa balitz bezala. Ahanzturaren kontzeptuak, ordea, edonoren iragana eta oraina errotik moztea dakar, zirkulua eratzen dutenen iritzian. Saihestezina da zirkulutik kanpo geratu direnek irri egin nahi izatea, nahiz eta negarrari usu ematen dioten. Ez dira gutxi haien lana gogoratua izatea nahi dutenak, baina badira, halaber, beraien bizitza ahanzturan galduta bizi nahi dutenak. Duintasunagatik.

Eta hau guztia unibertsoan gertatzen bada, zelan ez da gertatuko Euskal Herrian, Bergaran, Emerito Arrese kalean, bertan dagoen txokoan. Aldizkari batean, argitaletxe batean, sareko plataforma batean. Txokokeriak, kuadrillakeriak eta merkantilismo basak sortzen baitituzte gurean zirkulurik gotorrenak, zoritxarrez. 
Milan Kunderaren zirkulu itogarria gero eta txikiagoa da; biribilketak aurrera darrai zirkuluan, halere, dantzan jarraitzeko eskubide eta monopolio bakarra haiena bailitzan, zirkulu egileena, alegia.

Nire idatzietan agertu nahi dudan mezua argia delakoan nago. Jendarte pentsalaria nahi dut xaxatu, akuilatu: euskara maite dutenak nahi ditut limurtu, nik ikusten dudan errealitatearen irudiaz jabetu daitezen, errealitatearen alde ezkutu hori begien bistan jarriz. Establishment-etik datorrenak ez gaitzala itsutu saltzen duten koipeztatutako urdaiazpikoarekin.

Euskal kultura tipi hau monopolizatzen dutenek esan beharko dute dirulaguntzen bidez sisteman integratuak izateak, asimilatuta egoteak, politikoki zuzen izateak eta ilargiaren alderik argiena baino ez erakusteak merezi duten duintasunez iraunarazteko.

Euskal kulturaren malurak ez datoz soilik establishment-ak berau folkloretzat hartzeagatik. Kulturgile gutxiagotuek eurek beraiek sortutako sare zirkular itxi eta itsuak, kuadrillakeriak eta txokokeriak ere badute erantzukizunik euskal kulturaren endekapen horretan.

Articles
Koldo Aldaz, Juan Mari Feliu, Gurutze Azkona, José Luis Lizarraga y Mikel Goldarazena
26/09/2020
Iñaki Urdanibia
26/09/2020
Mar Esquembre
25/09/2020
Letters
Brenda Cusipuma Cayo
25/09/2020
Asier Fernández Sobera
25/09/2020
Nathalie Pelage Guedon
25/09/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
25/09/2020