Euskal medikuak Voxekin batera doaz grebara
Hobe egia ez balitz…
Gure lankideek, gure lagunek, gurekin herri mugimenduan ibilitako kideek espainiar estatuan medikuentzat deituriko grebetan parte hartzen dute. Haien eskubideen defentsan ari omen dira, osasun ministerioak medikuentzat lan estatutu propio bat gara dezan. Espainiar estatuko politikagintzan sartu digute burua. Sumarreko osasun ministroak gauza ugari ditu kritikatzeko eta mila arrazoi daude mobilizatzeko, ministerio zein gure osasun sailen aurrean planto egiteko.
24 orduko guardiak eta ordu gehigarriak, lan baldintza eta karga gogorrak, kontratu laburrak, pribatizazioak, oposaketa ustelak zein ustelkeria orokorra (ate birakariak), botere harremanen gehiegikeriak. Esan bezala, greba egiteko soberan.
Norekin ordea?
«Medicos Unidos por sus derechos (MUD)», mediku (sasi)sindikatu ezberdinak eta elkargoak tarteko, estatutu mediko eta fakultatiboaren aldeko elkartearekin (APEMyF). Sekula ez dira gure lan eskubide edota nazio eskubideengatik arduratu, are gutxiago mobilizatu. Kasualitatez, lan publiko eta pribatuan lan egiteko bateraezintasuna eta bestelakoak planteatu direnean hasi dira mugitzen.
Ez ei dakite Voxek zuzenean babestu dituela deialdiak, PPko Ayusok ere goretsi izan dituela. Kataluniako parlamentean Voxen eskutik izan dute hitzartzea, eta Madrilen ere alderdiaren jardunaldietan izan dute tokia.
Garrantzitsuena, zertarako ordea?
Eskakizun legitimo batzuen atzean ezkutatu dira. Pribatizazioak, pribatuan lan egiten duten zuzendari eta langileak, zerbitzuetako hierarkiak, lan harreman eta negoziazio mahaietako lagunkeria eta losintxak beren pribilegioen defentsan. Mahai sektorialetako modus operandia monopolizatu nahi dute. Azken 50 urteetan eliteen defentsan jardun duten horiek ardi larrua jantzi eta gure ehizan etorri dira.
Eredu garbiena Asturiasen lortu duten akordioa. Gehienez 12 orduko guardiak (zerbitzuek behar izanez gero luzatuko liratekeenak, hau da, momentuz aldaketarik ez) eta pribatuan ere lan egiten duten horien baldintzak hobetzea. Hara lehentasunak eta helburuak.
Haien hitzetan, hizkuntza eskakizunek eta espezializazio azterketak erkidegoen eskuduntza izateak «espainiarren arteko berdintasunaren aurka» doazen neurriak dira. Oldarraldiaren alde mobilizatzen dira euskal medikuak, gero Miribillara Kontseiluarentzako argazkirako joateko.
Dantzan jarri gaituzte, zigorturik baina langile klase kontzientziarik gabe bizi den kolektiboko kideak manipulatuta, agenda neoliberal eta zentralistan murgildu gaituzte. Engainatu gaituzte ederki.
Sindikatu medikuak Madrilen ministerioarekin zuzeneko negoziazio mahai partikular bat edukitzeak ez ditu gure eskubideak hobetuko. Aldiz, Euskal Herriko langileek lorturiko eskubideak estatukoekin uniformizatu (jaitsi) eta egungo egiturazko botere harremanak indartu baino ez ditu egingo, osasun pribatua elikatzen jarraituz.
Medikuak balira mobilizatu diren sektore «pribilegiatua», nola azaldu osasun teknikariei begirako greba deialdi espezifikoak? Hauek ere klase sindikatuetatik kanpo kokatu dira, eta «gure» eragileetako afiliatu, militante, kideak ere bertan murgildu dira.
Faxistak dira parte hartu duten horiek guztiak? Salduak akaso? Berekoiak? Ala ohi bezala, komunikabideen eta alderdi sistemikoen mezuekiko kontrapisu faltak, borroka zelai ideologikoa hustu izanak eraman gaitu porrotera?
Mobilizazio hauek sektore abertzale eta ezkertiarretan arrakasta izatea sintoma bat besterik ez da: ez da egituraketa eta lanketa ideologiko nahikorik egin. Lankide batek irratian mobilizazio hauek konbentzimenduz defendatzean lotsa eta amorrua sentitu beharko genituzke herri eragileok.
Alderdiak, sindikatuak, herri mugimendua ez da nahikoa inplikatu antolakuntza eta konfrontazio ideologikoaren lanketan. Inmobilismoak eta konformismoak eraman gaitu egoera honetara. Faxismoaren etorrerarekin mehatxatzen gaituzte egunero baina gero ez dugu deus egiten berau erbesteratzeko.
Espazioak probestu eta eragile ezberdinen aktibazioa bilatu beharko ditugu denon artean. Ustez faxismoaren aurkako txertoa zuen herria espainiartu (frantsestu) eta kapitalak irentsi aurretik. Martxoaren 17rako gordeko dugu aukera. Lankideengan klase perspektiba marjinala eta gutxietsia bihurtu nahi duten honetan, goazen lanera.