Iñigo Santxo eta Martxel Toledo
Euskal selekzioa BAI!

Euskal selekzioa: SOS

Aro berrian, alegia 1979tik hona, euskal futbol selekzioak San Mamesen jokatu izan dituen partiduetatik, ostiralekoa izan zen nabarmen zaletu gutxiena bildu zituena, hain zuzen, eskuzabalak izanik, dozena bat mila ikusle baino ez zirelako inguratu Tunisiaren aurkako lehia ikustera.

Eta harmailetan bildutako kopuru eskas horrek euskal zaletuengan oro har eta batik bat ofizialtasunaren alde gaudenon artean, tristura eta desilusioa sortzeaz gain, zeresana ere sortu du, besteak beste, porrotaren zergatiak bilatzen hasita egungo egoerara bultzatu gaituzten elementu negatiboak identifikatzeko garaian.

Gasteizko Jaurlaritzako kirol zuzendaria eta Euskadiko futbol federazioko Presidentea, biak ala biak, saiatu ziren beraiei zegokien modura partiduaren aurreko egunetan hedabideetan egindako adierazpenekin, euskal selekzioak eta Tunisiak jokatuko zuten lehiaren garrantzia azpimarratzen. Baina ikusi zen modura, ez zuten lortu jendea konbentzitzea eta San Mameseko zelaira erakartzea. Agian, esaldi zahar batek dioen modura, urak zubia gainditu ondoren, presa egiten hastea alferrikakoa delako, hori gertatu urretik egin  behar delako. Ondorioz, bertatik zein telebistatik partidua ikusteko aukera izan genuenok, etsipenaren zentzazioarekin amaitu genuen eguna, finean, hizki larriekin idatzitako porrota baino ez zelako izan bertan gertatutakoa, alegia, ez jenderik, ez girorik eta hori gutxi balitz, azken urte hauetan gertatutakoarekin alderatuta, jokalariek ez zuten aldarrikapen pankartarik atera ere. Zerbaiten adierazgarri ote?. Laburtuz, gertatutakoa kalifikatzaile bat erabiltze arren, penagarria.

Orain badirudi,  porrot horren zergatia bilatzeko garaian, batzuentzat, besteak beste, Jaurlaritzako kirol zuzendariarentzat, Gabonetako partiduaren zikloa amaituta dagoelako dela  eta horregatik, proposamen gisa, Redondok dio aro berri batean sartzea eta FIFA datetan jokatzea izan litekeela soluzioa, horrek jendearen ilusioa berpiztuko lukeelako. Antzeko iritzia du futbol federazio berak ere, hedabideetan azaldutakoaren arabera, helburutzat hartzen duelako Gabonetako partidu hori, aipatu FIFA datetan jokatzea. Baina esan gabe doa, FIFA datetan jokatzeak ez diola euskal selekzioari inongo ofizialtasunik emango eta beraz, arazoa bere horretan jarduteaz gain, soluzioaren muina bera ere neurri handi batean estali egingo lukeelako. Are gehiago, laster, Bilbo (San Mames) 2020ko Eurokoparen egoitza nagusia bihurturik, horretaz baino ez delako hedabideetan hitz egingo, horrek guregan sortuko duen  nahasmenarekin. Beraz argi eta ozenki esaten dugu, FIFA dataren jokatzearen erronka hori, ofizialtasunaren  helburuan bitarteko bat baino ez duela izan behar.

Euskal selekzioa osatzen duten jokalariak batetik eta ESAIT bestetik, aspaldian esan genuen Gabonetako partiduaren zikloa amaitua zegoela eta ofizialtasunaren bidean beste urrats emankorragoak eta ausartagoak eman zirela. Zentzu horretan, azkenaldian Euskadiko futbol federazioarekin biltzeko aukera izan genuenean, proposamen gisa, egungo formatua gainditu, eta hiru edo lau nazioen (Euskal Herria, Katalunia, Kortsika, Eskozia, Irlanda…) arteko torneo edo txapelketa ofiziala antolatzea ikusten genuela adierazi genien. Baina, guk dakigunez behintzat, aitzakia ugari tarteko, ez futbol federazioak eta ezta Jaurlaritzak ere, ez dute inoiz bide hori jorratzeko benetako saiakerarik egin, aipatu nazio horien artean, batzuk aurretik horretarako prest egon arren. Zergatik ote? Agian ez dutelako urrats horiek emateko borondaterik edo agian, ez dutelako ofizialtasunean sinesten. Ala biak? Auskalo!

Aipatu bi erakunde hauek ofizialtasuna helburu hartuta orain arte egin duten ibilbidea ikusita, alegia hutsaren hurrengoa, jende askok pentsatzen du, Euskadiko futbol federazioak euskal selekzioaren partiduak, ofizialtasunaren alde urratsak emateko baino, itxurak egin eta diru bilketarako antolatzen dituela. Askotan aipatu baitute, euskal futbol taldeen harrobiari laguntzeko diru horren beharrean daudela. Baina guk argi dugu, helburua ofizialtasuna izanik, parametro horietatik kanpo pentsatuta antolatu behar dela. Eta gauzak ondo egin eta etekin ekonomikoa egongo balitz, zentzuzkoena, hori ofizialtasuna lortzeko eman behar diren urratsetan inbertitzea dela, besteak beste, zelaira joanez, zaletuen ekarpena ere badelako.

Euskal jokalariek, azken urte hauetan erakutsi dute zelaian dena emateaz gain, ofizialtasunaren aldeko urrats emateko prest daudela. Zentzu horretan, eskertzekoak dira ostiraleko partiduaren ondoren Adurizek eta Tokerok prentsari egindako adierazpenak, behin eta berriro, argi eta garbi erakutsi dutelako, jokalarien prestutasuna eta inplikazioa, egoera honetatik atera eta itxaropentsuago baterako bidean urratsak emateko.

Beraz, zergatik ez barruko etsipenak behingoz alde batera utzi eta aipatu jokalariek dioten modura, guztion artean, pairatzen dugun egoerari buelta pare bat eman? Edo behar direnak?

Egoera honen aurrean, Federazioari helarazi genion 4 Naziotako Txapelketaren proposamenak are indar eta gaurkotasun handiagoa hartu du, baina horrez gain, gure ustez, une honetan gailentzen da Ofizialtasunerako Plan Estratejiko baten diseinua, Jaurlaritzaren babesarekin eta Kirol Federazioen gidaritzapean, Eragile, Klub, Jokalari zein zaletuen parte hartzeari irekia, guztiok elkarlanean modu positiboan inor baztertu gabe osatuko litzatekeena.

Zentzu horretan, uste dugu, oraindik garaiz gabiltzala zaletuengan itxaropena, ilusio eta behar dugun sinergia berpizteko. Beraz, ostiraleko porrotak guztioi hankak lurrean jartzeko balio izan badu, gaitzerdi, galtzen diren partidak, soilik, jokatzen ez direnak direlako.

Search