«Euskalotsa»
«Euskalotsa» sentitzen dut gure herriari horrenbeste eman dionaren aurrean beti Inperioaren aurrean kikildu egin direnen jarrera miserablearekin.
Auzo-lotsa esaten diogu beste batzuk lotsarik gabe egiten dituzten ergelkeriak ikustean sentitzen dugun sentimenduari.
Nik gaur, linguista izan barik, beste hitz bat asmatu nahi nuke: «Euskalotsa»; hots, euskaldun den oro sentitu behar duen lotsa oraintsu Gipuzkoako Batzar Nagusietan Txillardegiri ukatu dioten aitorpenagatik.
«Euskalotsa», mintzen gaituena, zinez, euskal senaren eta euskara batuaren aldeko langile nekaezinari zor dioguna ukatu egin diotelako, lotsarik gabe eta mendeku egarriz.
ETAko sortzaileetariko bat izatea argudiatu dute, frankismo garai ilun haietan arriskurik ez izatearren isil-isilik bizi zirenek edota diktaduraren konplize hutsak baino ez zirenek. Batek baino gehiagok uste du, ordea, 1958an, diktadura kriminal haren gau ilunean, zapalkuntzari aurre egin izana harro egoteko arrazoia ere badela.
Askok eta askok uste dugu orduko belaunaldi gazte haiek, maila ezberdinetan egindako lanari esker, gure herriari lapurtutako harrotasuna –ez parekatu harrokeriarekin– itzuli egin ziotela. Ez zaio beldurrik izan behar historia aitortzeari.
Urte asko igaro dira, gertakari eta egoera ugari ere, baina egia, borobila denean, ezin da zapaldu eta lautu.
Txillardegiren ibilbide politiko, sozial eta kulturala gardena izan da. Gizon gardena zelako: ETAtik ESBra, Herri Batasunatik Aralarrera... ez ditut bere militantzia guztiak konpartitu baina gure herriak zor diona ezin zaiola ukatu zinez deritzot.
Mendeku egarriz jokatu dute batzuek, jakin badakitelako José Luis Alvarez Enparatzaren ispiluaren aurrean lotsagarri agertzen direlako.
Ez naiz ni beti Txillardegiren iritziekin ados izan, jakina, baina «Euskalotsa» sentitzen dut gure herriari horrenbeste eman dionaren aurrean beti Inperioaren aurrean kikildu egin direnen jarrera miserablearekin.
Guretzat ohore bat izan da Txillardegi eta beste asko ezagutzea.