AEKren koordinatzaile nagusia eta AEKren koordinatzailea Euskaraldirako
Euskaraldia, entitateetan «klika» egiteko ordua!

Entitateak Euskaraldian parte hartzera, izena ematera, animatu nahi ditugu. Beharbada, entitate askok ez dute izango AEK-k adina arigune sortzeko aukera, baina seguru gaude konpromisoak hartzeko modu asko daudela.

22/02/2020

Dagoeneko abian da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Azaroaren 20tik abenduaren 3ra, ilusioz beterik ibiliko gara berriro; berriro sumatuko dugu gure inguruan belarriprest edo ahobizi txapen konplizitatea.

Alabaina, edizio honek badu berezitasun handi bat: hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoi honetan, protagonistak ez gara norbanakoak bakarrik izango; oraingoan, entitateetan hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu eta lanketa egitea izango da gakoa.

AEK hasieratik izan da Euskaraldiaren sustatzaile. Izan ere, gure ezaugarrietako bat da euskararen erabilera bultzatzea, euskaldun aktiboak sortzea baitugu xede; euskara ezagutu ez ezik, erabili ere egingo dutenak, alegia. Horretarako, euskara praktikoa irakasten diegu gure euskaltegietan ari diren milaka ikasleei, eta euskara praktikatzeko bideak ezagutarazten dizkiegu gure praktika-jardueretan ari diren beste hainbesteri, izan berbalagun, mendilagun edo beste edozein lagun. Horrez gain, hizkuntza aholkularitza ematen diegu hainbat entitateri, eta, bi urtean behin, Euskal Herria korrika jartzen dugu euskararen alde.

AEK-k dagoeneko eman du izena Euskaraldian parte hartzeko. Gure euskaltegiren batera hurbiltzen den orok, urteko gainerako egunetan bezala, euskaraz aritzeko gune bat aurkituko du azaroaren 20tik abenduaren 3ra. Gure euskaltegietan, barne zein kanpo-ariguneak osatuko ditugu. Barne-ariguneak gure ohiko dinamika euskaraz delako, eta kanpo-ariguneak herritarrek une oro dutelako euskaraz artatuak izateko bermea. Izena ematea, beraz, logikoa da, berez horrela jarduten dugulako bestela ere; halere, eredu izan behar dugulakoan gaude, eredu eta eragile, besteei bidea erakusteko eta ekimen ikusgarria bihurtzen laguntzeko.

Horrenbestez, entitateak Euskaraldian parte hartzera, izena ematera, animatu nahi ditugu. Beharbada, entitate askok ez dute izango AEK-k adina arigune sortzeko aukera, baina seguru gaude konpromisoak hartzeko modu asko daudela, batzuk besteak baino sakonago edo zabalagoak, baina denak norabide berean eta dauden aukera guztiak baliatuta: hizkuntza ohiturak aldatzera goaz, eta, belarriprest edo ahobizi, euskaraz bizitzeko hautua sendotzen eta trinkotzen, euskal komunitatea indartzen, ariko gara.

Sarritan aipatzen da euskara bidegurutzean dagoela... bidegurutzetik ateratzeko, euskara gure bizitzako eremu guztietan txertatu behar da. Euskaraldiak eta antzeko ekimenek parada aparta ematen digute horretarako; izan ere, jakitea ez da nahikoa, erabiltzeko ariketa egin beharra dugu. Izena emateko arrazoiak askotarikoak dira, jendarte hobea nahi dugula eta euskarak berdinago egiten gaituela, besteak beste, batzeko tresna denez gero. Herri euskalduna dugu amets, gizarte erantzukizuna dugu; guk ez badugu egiten, nork egingo du? Entitateen barne kohesioari onura besterik ez dio ekarriko, ariguneak sortuta elkarren arteko errespetua, elkarri ulertzea eta aberastasuna bultzatuko ditugu, askatasun eta aukera berdintasun osoko esparruak eraikiko ditugu, euskarari behar eta merezi duen lekua emango diogu.

Euskaraldian parte hartzeak, argi dago, onura besterik ez dakar. Bai norbanakook bai kolektibook nor izateko gogoa dugu, eta euskaraz gehiago, gehiagotan eta pertsona gehiagorekin egiteko abagunea aprobetxatu egingo dugu, zalantzarik gabe.

Anima ditzagun entitateak izena ematera, beren konpromisoa sendotzera, «klika» egiteko ordua da, eragiteko ordua!

Articles
Fernando Merino
30/03/2020
Paz Francés, Lorena Alemán, Libertad Francés, Amelia Gonzalez,  Iranzu Baltasar, Maje Martínez Soto, Manuel Ledesma,  Ruth Martinez, María Rodés, June San Millán, Javier Martinez e Irune Juanena
30/03/2020
Txus Pérez Artuch
30/03/2020
Letters
Gerardo Hernández Zorroza
30/03/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
30/03/2020
Esteban Ruiz
29/03/2020
Latest posts
Koldo Campos
28/03/2020
Dabid Lazkano
21/03/2020