Josu Iraeta
Idazlea

Euskararen etorkizuna dela eta…

Ez nuke lotsagabe izan nahi, baina, nire uste apalean, erlijioak erabili ohi dituen pilotak, ez  dira pilotaleku honetarako aproposenak

Oroitzen naiz, nola, duela hamaika bat urte, Lakuan saiheska sartu zirenen sator lanak, frogatu  zuen –argi eta garbi– abertzale batzuen hanka sartze latza. Geroztik han ibili ziren kopeta ilun. Batzuk Madrilgo izpiritua “arnasten” , eta besteak, kanpora begira laguntza eske.

Tristea bai, baina berria ez, hainbat holako bizi izan ditugu euskaldunok. Horrelakoak min egiten dute eta ez dira berehala ahazten, baina aurrera egin beharrean gaude. Beste behin, euskara galtzaile. Lerroburuari so eginez, adibide mamitsu bat jorratuko dut.

Egia da, ez gara berdinak, baina, antzekotasun nabariak izanik, Irlandari begirada sakon bat eman nahi nioke: bai nazio gisa, bai euskararen egoera aztertuz.

Hasieratik eta ezer baino lehen, gogorarazi nahi nuke, mailaz maila, ingelesen oinpean, irlandar nazioa deseginda gelditu zela. Lurralde txiroa. Emigrazio-proletarioaren  barreiatzaile munduan barrena.

Bere kultura aberatsa hondatuta, hizkuntza zabartuta. Literatura hizkuntzak, ederra zena, batasuna galdu zuen eta dialektikoetan zatitu zuten.

Klase nagusia ordezkatuta, ingeles jauntxoak nagusi. Legeak, ezabatuta. Nazio jitea dena zirkinduta. Irlanda, Ingalaterrako probintzia baztertu erdeinagarri bat bihurtuta.

Irlandarrek bazuten –eta badute– noski, nazio kontzientzia, baina nazio kontzientziak ez dira beti gauza bera. Nik ezagutzen dudanagatik, irlandarren nazio kontzientzia bera da irlandarren lehenengo berezitasuna.

Irlandar sentitzen dira ikaragarri. Irlandar batek swahilia (Afrika) izan dezake bere ama hizkuntza, eta frantziar armadan ofizial edo Elizondoko autobusen gidari izan daiteke. Irlandar jatorrikoa baldin bada, jatorria aski du irlandar petoa izateko. Irlandako sentimendu nazionala eta abertzalea katolizismoan oinarritu da, nik uste. Ingelesek zapaldu egin zituzten, eta ingelesak anglikanoak dira. Irlandarrak, ia obligazio nazionalez bezala, katolikoak “dira”. Euskaldun fededun haren antzera.

Beraz, nagusiak, ingeles eta anglikano, eta, zapalduak, irlandar eta katoliko. Dena dela, ez dira irlandarrak erlijioan oinarriturik, nazio kontzientzia eraiki duten bakarrak. Hamaika badira nazio kontzientzia erlijio kolektibitatearen kontzientziaren gainean eraiki dutenak. Urrutira joan gabe; espainiarrak berak, arabiarren aurka.

Denborak erakutsi duen bezala, honek benetako arazoa mahai-gaineratzen du: aberriak eta hizkuntzak egon behar zuten lekuan, katolizismoa dago. Eta erlijioa ez da aberria. Hor koska, eta ez txikia.

Horrekin ez dut katolizismo irlandarraren kritikarik egin nahi. Baina, nire ustez, hizkuntzak duen balioa bere berezko balioa da, ez erlijioak eman liezaiokeen balioa. Aberriarentzat hizkuntzak balio duena, abertzaletasunak ez bestek aurki lezake. Abertzaletasunak, nazio hizkuntzan bertan  aurkitu behar du haren balio nazio egilea.

Ez nuke lotsagabe izan nahi, baina, nire uste apalean, erlijioak erabili ohi dituen pilotak, ez dira pilotaleku honetarako aproposenak.
Indarrez, irlandera –euskara gaztelaniarekin bezala–, ezin neur daiteke ingelesarekin. Hori ukaezina da. Indarraren zapalkuntza luzearen mesede zuzenaz gain, egun, komunikabide asko eta bortitzak dituzte. Oso garatuak. Zalantzarik gabe –gu ez bezala–  beraien  zabalkunde garaian bizi dira.

Euskararen egoera aztertuz asko idazten da, eta baliteke ekarpen gehienak mesederako izatea. Baina, nire ustez, bihotzean eta maitasunean oinarritzen garenean euskarak galdutakoa berreskuratzeko, hanka sartzen ari gara. Egoera horri aurre egiteko, ez da aski herriak bere nazio hizkuntza zaharra mirestea. Nik ez dut uste herria “jo eta su” abiatuko denik jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik, hizkuntza horretaz jabetzera. Nik ez dut uste. Herria mugiarazteko arrazoiak –herri abertzaleaz ari nahiz– ezin izan litezke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak “ikusi” egin behar du euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik UPNk eta PSOEk erabiltzen dituzten euskaldunen bozak, euskarari erasotzeko.

Arrazoi hutsak ere ez dira aski. Alderdi zinez abertzaleek, hizkuntzak naziogintzan duen garrantzia aspergabe gogoratu beharko lukete. Hizkuntzaren balio nazio egilea, praxian erakutsi.

Baina gertatzen dena da politikari askoren arrisku handi bat oportunismoa dela, eta, oportunismoagatik, garbi esanda, berehalako irabazi batzuengatik, helburuak saldu egiten direla da. Jende askok ez daki egun euskara, hirietan bereziki. Baina horiek ere abertzale behar ditugu, eta, itxuraz, nola nahiko “zaila” den orain horiek euskara berenganatzea, oraingoz tolerante izan behar dela “pentsatzen” dute politikariok.

Aske izaten garenean, aisa konponduko dugu hori. Bitartean, nazio hizkuntzaren  ederraz etengabe arituko zaizkigu. Oker guztien errua norena den salatuko dute. Nazio hizkuntzaren defendatzaile biziak dirudite… Hori dena bai, baina erabaki zintzorik euskara ikasteko ez.
Zoritxarrez asko ditut gogoan.

Search