Ane Aizpurua Aizpurua
Erizaina

Euskararen normalizazio legea «Osaquidechan»

Oposizioak euskaraz egiteko aukera hor dago, bai, baina aukera deitu ordez arriskua deituko nioke nik

Osakidetzak euskararen aldeko jarrera duela erakutsi nahi digun arren, errealitatea ez da dirudien bezain polita. Euskararen normalizazio planei eta pazienteari lehenengo hitza beti euskaraz egiteari garrantzia ematen bazaio ere, beldur naiz ez ote den lehenengo hitz horretan soilik geratuko euskaraz egin beharrekoa.

Itxura guztien aurrean, Osakidetzak euskara babesten duela erakutsi nahi du, baina argi dago hizkuntzaren alde egiteko esfortzu hori neurrizkoa dela. Euskaraz ikasteko aukerak, jada plaza lortu dutenentzat mugatuta daude ia, eta euskaraz funtzionatu nahi dutenentzat zailtasunak gehiago dira laguntzak baino. Pasa berri diren oposizioak dira horren adibide garbia.

13.694 izan ginen oposizioetan izena eman genuen erizainak, eta horietatik 40 soilik (%0,3 eskas) izan ginen azterketa euskaraz egitera ausartu ginen “burugabeak”. Datu lotsagarria benetan, baita ondo ezkutatua izan dena ere. Nire sektorean esertzera nindoala, NANa eskatu zidaten ohi bezala, eta nire izena irakurri zuen langile hark hala esan zidan: «¡Ah, la del euskera, aquí!». Nire sektoreko gainerako erizain guztiek espainolez egin behar zuten azterketa, eta iritsi ahala esertzen zihoazen mahai luze haietan, aurrekoaren ondoan. Nik, ordea, “la del euskera”, leku berezia nuen niretzat gordeta sektoreko lehen ilarako lehen eserlekuan. Zerbait berezia  egin banu bezala jokatu zuten nirekin, arraroa nintzen beste haien guztien artean eta ederki nabaritu nuen. Azterketak banatzeko orduan ere, besoa altxa behar izan genuen euskaraz egin nahi genuenok (ez ordea espainolez nahi zutenek), eta orduan ere begirada guztiak nigana zuzendu ziren, aurpegia berdez margotuta izango banu bezala. Horrez gain, beste emaitzen orri bat eskatu behar izan nion zaintzan ari zen bati, eta, pare bat aldiz saiatu ondoren, etsi eta espainolera itzuli behar izan nion esan nahi niona. Momentu batean, Euskal Herrian ez ezik, atzerrian nengoela ere uste izan nuen.

Gertatutakoak gertatu arren, azterketa gazteleraz egin zutenetako asko dira euskaldunak eta ikasketak euskaraz egindakoak, baina euskararen aldeko hautua egitea garesti irten daitekeen beldurrak erdara aukeratzera darama gehiengoa. Gaitegia euskaraz prestatzeko aukerarik apenas dago, eta azterketaren euskara mailak ere zeresana ematen du. Itzulpenak ez dira batere onak (itzulpenak noski, azterketa originala espainolez egiten delako), eta sarri irakurritakoa prozesatu eta ulertzeak eskatzen duen denbora gehiegizkoa izaten da azterketa txukuna egitea helburu duenarentzat.

Datuek argi uzten dute Osakidetzak euskarari oposizioetan ematen dion garrantzia zenbaterainokoa den, atentzioa emateaz gain lotsagarriak direla esaterainokoak iruditzen zaizkit niri behintzat. Are lotsagarriago da, ordea, Osakidetzak datu kezkagarri horien aurrean ezikusiarena egitea eta inolako ondoriorik eta oihartzunik ez izatea horrelako ekimen batean euskarak jasaten duen urraketak.
 
Oposizioak euskaraz egiteko aukera hor dago, bai, baina aukera deitu ordez arriskua deituko nioke nik, azterketa euskaraz egiteak zoritxarrez ez duelako aukera berdintasuna bermatzen. Euskararen normalizazio legea… zer?

Search