Euskal Herrian Euskarazeko kidea
Euskararen oasia ere erortzen hasia da

Ez da fenomeno berria, ezta gutxiago ere, baina azken asteotan arduradun instituzional eta politikari askoren euskaldunokiko errespetu falta inoiz baino ageriago geratu da.

30/05/2020

Euskal oasian bizi izan omen gara azken urteotan. Espainiar estatuko lurraldeekin alderatuz gero (beti ere hegoaldekeriatik ikusita) berton paradisuan bizi ginen. Euskal lurraldeetako agintariek gobernantza eredu aurreratuenetan oinarrituta kudeatzen zituzten instituzioak, munduan parekorik ez zuen autogobernu zabalena geneukan, bertako ekonomia osasuntsua eta lehiakorra zen, punta-puntako zerbitzu publikoak genituen (osasun-zerbitzuak koroaren harribitxiak zirelarik), naturarekiko errespetuan oinarritutako garapen jasangarria omen geneukan... Baina hara zer eta paradisua zen euskal oasia bat-batean Zaldibarko maldetan behera jausten hasi zen, tonaka zaborren artean (oraindik ere azaldu ez diren bi langile desagertuz).

Euskal oasia harri-kartoizkoa eta jostura ahulekoa zela, Zaldibarren zartatzen hasi (egia esateko aurretik zartatzen hasia zen) eta koronabirusaren krisiak guztiz biluztu du; ezustean apurtu baitira jostura horiek eta dekoratua jausten hasi. Horrela, gure autogobernu parekorik gabea arratsalde batean eta dekretu sinple batekin estatuak zeharo mugatzen zuela ikusi dugu (Ipar Euskal Herrian hori ere ez dute behar izan). XXI. mendean estatuen arteko mugak desagertzen ari omen zirenean, berehala oroitarazi digute milimetrikoki muga gainean ezarritako burdinazko hesien bitartez euskaldunak zein aldetara garen «frantses» eta zein aldetara garen «espainiar». Krisiaren premiei erantzuteko unea iritsi denean, punta-puntakoak ziren zerbitzu publikoen ahulezia larriak agerian geratu dira. Edo arduradun instituzionalek kezkak eta premiak benetan non dituzten ikusi ahal izan dugu, AHTren eraikuntzara ehunka milioi bideratu dituztenean, kulturgileei edo zerbitzu sozialei diru-apurrak bideratu dizkieten bitartean.

Bada, astinaldi horrek euskararen oasiaren zaurgarritasuna agerian utzi du ere. Horrela, konturatu gara milaka ikasleren euskararekiko harremana soilik ikastetxeen ordutegi arautuetan ematen dela eta salbamendu-txalupa hortik aterata erdaren ozeanoan murgiltzen direla; eta beste behin, herri ekimenetik egoera horri aurre egin behar izan zaio zaintza-sareen bitartez. Asmoz euskararen normalizaziorako sortu zen EITB, ondorenean gaztelerazko atalak gehitu zitzaizkionak ustez erdaldunak euskarara hurbiltzeko, inoiz baino ageriago geratu zaigu gaztelerazko telebista eta irratiaren bidez euskal herritarrak espainiar kulturan integratzeko tresna dela egiazki. Era berean, ETB 1 kate subalternoa izatera kondenatzeaz gain, gaztelera euskaldunon etxeetan are gehiago sartzeko leiho bilakatu dute arduradunek, zuzeneko premiazko adierazpenak gazteleraz emanez euskarazko katean.

Ez da fenomeno berria, ezta gutxiago ere, baina azken asteotan arduradun instituzional eta politikari askoren euskaldunokiko errespetu falta inoiz baino ageriago geratu da. Hitz-hartze osoak erdaraz eginez, batzuk asko jota «kaixo» eta «agur» hasieran eta amaieran «oparituz», besteak euskarazko esaldi ziztrin batzuk sartzeagatik euskaldunoi fabore egiten digutenaren jarrera erakutsiz. Euskaltzaleok euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aldarrikatzen ari garen garaian, instituzioetatik «pixka bat es mucho» erantzuten zaigu. «Normaltasun berriak» hizkuntza-eskubide urraketa zaharrak dakarzkigu.

Adibideen zerrenda luzea osa genezake hariari segika. Ahalegin handiz azken hamarkadetan euskarari ematea lortu zaion prestigio guztia leihotik behera botatzen ari dira ekinbide horiekin. Jakingai garrantzitsuak azaltzeko erdaren beharrezkotasuna transmititzen ari da, euskara osagarri izatera mugatuz. Gero ez galdetu zergatik euskaldunek ez duten euskara erabiltzen ezagutza handitu bada. Eta are gutxiago horren erantzule egin.

EHE aspaldi dabil aldarrikatzen euskararen normalizazio-prozesuan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa emateko beharra dagoela. Jauzi hori eragile guztiek ahotan duten berreraikuntzan euskarari dagokion tokia ematetik etorriko da; eragile horien planetan eta eguneroko hizkuntza-praktiketan euskarak erdigunean egotetik soilik etorriko da. Euskara etorriko den hurrengo astinaldian guztiz ondoratuko den harri-kartoizko dekoratua izan ez dadin, euskararen oasiaren liluran bizi garelakoan.

Articles
Iñaki Egaña
11/07/2020
Iñigo Jaca Arrizabalaga
11/07/2020
Aitor Leiza Alberdi
11/07/2020
Aitziber Sarobe Egiguren
11/07/2020
Letters
Jon Alonso, Gaizka Aranguren, Mikel Los Arcos, Mikel Diez de Ultzurrun, Patxi Zenikazelaia, Gerardo Hurtado, Fernando Zabalza, Iosu Chueca eta Aitor Pescador
11/07/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbao
11/07/2020
Gerardo Hernández Zorroza
10/07/2020
Juan Luis Mugertza Unanue
09/07/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
18/06/2020
Koldo Campos
15/06/2020