Iñaki Etaio eta beste 10 sinadura
Zabalganako Euskara Batzordeko kideak

Euskararen osasun txarra anbulatorioan

Euskaldunen hizkuntza-eskubideen urraketei buruz hitz egitea ez da berria. Osakidetzan arreta euskaraz jasotzea bermatua egotetik urrun dagoela esatea ere ez da kontu berririk esatea. Izan ere, nahiz eta 2013ko abenduan Osakidetzaren euskararen erabileraren normalizaziorako 2. plana onartu, historikoa den euskalduntze-maila kaskarra neurri batean konpontzen saiatzeko, askotan asmo hauek hitzetan geratzen direla ikusten dugu.

Adibide argi bat daukagu Gasteizko Zabalganako auzokideok. 20.000 biztanle inguru daukan eta hurrengo urteetan beste milaka lagunekin handituko dela aurreikusten den auzo berri honetan, 2013ko azaroan ireki zuten azkenik anbulatorioa. Auzo berria izanda eta babes ofizialeko etxebizitza asko edukita, auzokideen zati handi bat gaztea da. Erraz suposa daitekeenez, Gasteizko auzo honetan dagoen euskaldun kopurua altua da, hiriko beste auzo askorekin alderatzen badugu. Paziente euskaldun bakar bat badago ere eskubide hau bermatua egon behar dela jakinda, euskaldun kopuru handia duen auzo berri batean, non gainera ume asko jaiotzen ari den eta jaioko diren, espero zitekeen gutxienekoa arreta euskaraz bermatua egotea zen.

Izan ere, hiri mailan 2011n Gasteizko Udalak egindako inkestaren datuen arabera, hiriko biztanleen %22,5 euskaldunak ziren eta %26,1ek ulertzen zuten neurri batean edo bestean euskara, nahiz eta hitz egiteko gai ez izan. Datu hauek gure auzora estrapolatuta eta populazioaren adinaren araberako osaketa kontuan hartuta, Zabalgana auzorako estimazioa honako hau da: lagunen %27,84 euskaldunak direla eta %29,13k euskara nolabait ulertzen dutela. Hala ere, anbulatorio ireki berrian egoera onartezin batekin topatu gara.

Hain zuzen ere, anbulatoriotik bertatik jasotako datuen arabera, 8 familiako medikuetatik bi euskaldun daude arratsaldeko txandan (beraz, medikuarengana goizean joanez gero, ez dago arreta euskaraz jasotzerik), lau erizainetik euskaldun bakar bat dago eta bost pediatratik euskaldun bakar bat dago.

Zabalganako Euskara Batzordetik jaramon berezia egin zaio gai honi eta eskaera batzuk egin dira zerbitzua euskalduntzeko eta euskaldunon eskubideak bermatzeko. Gaur egun, medikuntza-arreta euskaraz ziurtatuta izan gabe jarraitzen dugu. Are gehiago, eta mediku euskaldunen bat gehitzetik harago, medikuntza arreta ezin da mediku euskaldunak egotera mugatu, zeren eta beharrezkoa da medikuntza-arretan parte hartzen duten beste eragileak ere euskaldunak izatea, erizainak kasu; bestela, bien arteko komunikazioa eta pazienteekikoa erdara hutsean geratzen da, mediku euskalduna egotea praktikan ezerezean geratzen da.

Egoera honen aurrean Osakidetzari gure eskubideak errespetatzeko presioa egitea ezinbestekoa zaigu, argi baitago eus- kaldunon presiorik gabe ez dela aurrerapauso nahikorik emango. Izan ere, hamarkadetan zehar nahiko argi geratu da euskara ez dela lehentasun bat Osakidetzan. Hala ere, eta honi lotuta, badago beste eginkizun bat euskaldun guztioi dagokiguna: gure eguneroko bizitzan, arlo guztietan eta, are gehiago, instituzio publikoetan, euskaraz aritzeko eskubidea praktikatzea.

Gure lehenengo hitza beti euskaraz izatea; ez badugu erantzuna euskaraz jasotzen behintzat egoera anormal hau agerian gera dadila, salaketa moduan.

Search