(*) Pedro Lanas
Oibarko alkatea

Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearen alde. Zonifikaziorik Ez!

Heldu den apirilaren 13an, Oibarren, zonifizioaren aurka eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde, ospatuko den jaialdia dela eta, Zangozako Merinaldeko alkateek eta zinegotziek, gure merinaldearekin eta Nafarroa osoarekin konpartitu nahi dugu Euskararen zonifikazioari buruz dugun iritzia eta egindako hausnarketa.

Gure herriak Zangozako Merinaldekoak izan dira historikoki. Gure merinaldea galtzen joan da, gainerako merinaldeak bezala, bere izana, funtzioak eta eskuduntzak; izan ere hutsean gelditu ziren 1982. urtean, LORAFNA - Foru Hobekuntza onetsi eta gero. Ahalmen bakarrak dirau oraindik, udalek lege ekimenak bultzatzeko gaitasuna hain zuzen ere, duela gutxi lozorrotik atera genuena.

Gure herrietan oraindik mantentzen da jendearen arteko harremana, anaitasuna eta Merinalde berekoak izatearen sentimendua, horien artean desberdintasunak, ñabardurak eta berezitasunak badaude ere.

1986. urtean, Vascuenceren Legea onestearekin, Zangozako Merinaldeko herriak hiru zonalde hauetan banatuta gelditu ziren: zonalde vascofonoan, mistoan eta ez vascofonoan. Gure merinaldeko herriak Euskararen Herriaren parte dira; euskara gure merinaldeko iraganaren parte izan da, eta gure oraingo errealitatearena ere bada. Gure herrietan euskarak eta euskaraz bizitzeko gogoak diraute, eta gero eta gehiago dira zailtasunak gainditu eta euskararen alde egiten dutenak.

Vascuenceren Legeak euskara zatitu zuen, gure herritarrak banandu zituen, desberdinak egin gintuen eta eskubideak eman edo kendu zizkigun inolako zentzurik gabe.

Zergatik egon behar du gure merinaldeak hiru eskualdetan banatuta, hizkuntza-eskubide desberdinekin edo, zonalde ez vascofonoaren kasuan, inolako eskubiderik gabe? Zergatik egon behar dute Aezkoak eta Zaraitzuk zonalde linguistiko desberdinetan? Zergatik dituzte bertako biztanleek eskubide desberdinak? Zergatik egon desberdintasunak Nabaskoze eta Erronkariren artean? Zergatik Agoitz eta Irunberriren artean?

Noiz arte jarraituko dugu euskararen zentzugabeko zonifikazioarekin? Nafarroan, ‘zonalde ez-vascofonoa’ deitutakoan, munduan beste inon ikusi ez diren egoerak bizi ditugu/dituzte.

Vascuencere Legearen ondorioz, lerro batek erabakitzen du euskaraz ikasteko eskubidea, Euskararen Herritik kanpo uzten gaitu eta zentzurik ez duen egoeran uzten gaitu, gurea den hizkuntzan bizi nahi izateagatik.

Lerro horrek behartzen die ehunaka haurrari bere herrian ikastearen edo euskaraz ikasteko hamarnaka kilometro egitearen artean erabakitzera.

Gure herriak Euskararen Herriaren parte dira, eta herri guztiek behar dute, bizirauteko, babestuko eta garatuko duen lege bat.

Euskararen herriak ofizialtasuna behar du, hizkuntza-eskubideetan oinarritutakoa, euskaraz bizitzea helburu eduki behar duena.

Gure herrien artean egindako banaketa zentzugabe horren aurrean, ofizialtasun horren bidean urratsak emateko, zonifikazioarekin bukatzeko eta Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko, Euskararen herria josi nahi dugu!

Horregatik, gure atxikimendua adierazi nahi diogu ‘Euskara josten hari gara!’ ‘¡Coser el pueblo del euskara!’ lemapean Oibarren, heldu den apirilaren 13an, Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidearen alde ospatuko den jardunaldiari. Eta Merinaldeko eta Nafarroako guztiei bertaratzeko gonbitea luzatzen dizuegu.

(*) Sinatzen dute aritukulua ere:

Eremu es euskalduna: Ángel Navallas (Zangozako alkatea), Iñaki Iriarte (Lergako alkatea), Karmele Irigibel (Galipentzuko alkatea), Elsa Plano (Izagaondoako alkatea), Jesús Ruis de Gauna (Ledeako zinegotzia), Mikel Aiape (Kasedako zinegotzia), Iraide Ongai (Irunberriko zinegotzia), Aureo Braco (Nabaskozeko zinegotzia).

Eremu mixtoa: Unai Lako (Agoitzeko alkatea), Carlos Oroz (Artzibarreko alkatea), Marisa Sáez (Otsagabiako alkatea), Juanjo Layana (Ezkarozeko alkatea), Alfredo Cabodevilla (Erronkariko alkatea), Elena Calvo (Burgiko alkatea).

Eremu euskalduna: Patxi Enkaje (Abaurregainako alkatea), Joxepe Irigarai (Auritzeko alkatea).


Search