Edorta Jimenez
Zain Dezagun Urdaibai-ko lehendakaria

Ez dago beste Urdaibairik (Gasteizko Parlamentuan irakurritako diskurtsoa)

Jaio, 1953an jaio nintzen. Oso umean Sukarrietara joaten nintzen, izeko-osaben etxera. Halaxe, behin izekok San Antonioko erromerira joateko esan zidan, baita egin ere nik.

Gogoan dut Kolonia deritzon horren aurrealdeko egungo gunean behera egin nuela, bidea baitzegoen. Zor den bidea zen, antza. Ermitaren inguruan zegoenari jendetza iritzi nion. Amarekin joaten nintzen San Antonio ermitara. Urak batzuetan abadearen oinetaraio egin izaten zuen. Geroago bateltxoan errioan gora eta behera egiten nuen, sarri-sarri. Artean Koloniaren ekialdeko ertzeko kanala hantxe zegoen. Arrauenean astiro, hantxe ikusten nituen aspaldi bateko eskailerak, bainu-etxolak eta ontziak lotzeko zerak. Mojak zetozkidan gogora, hantxe bainatzen ziren eta. Egun, itsasoa ertz horretako bidea berreskuratu guran dabil. Kendu egin baitiote. Nago aurtengo udagoinean erdietsiko duela. Itsasoak. Ubidea.

 Zoriak nahi izan zuen zenbait urtez astebururo neska-mutilekin paseialdiak egitera, eurekin batera otorduak eraikin nagusiaren barruan konpartitzera eta ipuin kontatzera Begoñako Andra-Mari Haur-Egotetxe horretara ibili ahala izatea. Zori horrek hango sukaldea, jangelak, logelak, aretoak eta ia beste dena ezagutzeko aukera eman zidan. Beste arkitektura bat da horkoa, argitasuna, erosotasuna eta zabaltasunaren begira sortua. Osasuna helburu.

 Osasunaren bilaketa baita Aginagako –eritzi diezaiodan horrela– horren ernaimuina. Itsas-gizonen osasuna lehenengoetan, Bizkaiko ume gaixoena gero, gerrako zauritu eta elbarrituena hurrengo, umeena berriro, harik eta azkenean osasunaren kontzeptuak eta erabateko hezkuntzarenak –ingurumenarekikoa, balioetan oinarrituarenak– heziketaren arloko ereduzko lekua ekarri digun arte.

 Bada, bilaketatzat zein bilakeratzat, bietzat jo daitekeen horretan irudi lezake, zinez, lekuak jendeen ongizatearen alde egitea duela bokazio. Horrelaxe ulertzen da aldaketaz aldaketa sortuz joan den izaki bizidun horren arima. Arima baitu lekuak. Hegoaldera begira, ur gazi-gozoen ertzean, arboladiz eta landarez babesturik, irudi du norbaitek agintzen izan diola, ia mende oso batez, garaien premietara zelan eta nondik nora egokitu.

 Izaki bizidun orok du egokitu beharra. Haatik, ez dago ezer ezertara egokitzerik zer ere den horren sustraiak ukatuz. Sustraiak ukatzeak heriotza dakar eta. Leku bizia da Abiñaga. Bizia eta osoa. Izan ere bere osotasunean dena. Alda daiteke, alda daitekeenez. Ez ostera hil ostean berriro jaio. Hori hil ostean jaio daitekeena, zernahi izanda ere, ez baita izaki bera izango. Izaki bakarra eta osoa da Abiñagako hori.

 Gaur hemen, ostera, Abinagako horren osotasunaren alderdi jakin bat nabermendu gura nuke. Itsasadarraren bidez itsasoarekin duen errotiko lotura, hain zuzen. Hortxe du ernaimuina, hortxe bokazioa. Ez da-eta huts-hutsik eraikinen nondik norakoa eta zertarakoa, eraikien inguru osoa baino Abinagako multzoaren zergatia. Txatxarramendin gora ubidearen ertzean Sandidereren bila, eta hortik artadietara eta hurruneko mendietara, izaki eder horren osotasuna bere nontasun horrexetan datza. Aileza egunen batean izaki horrek bere arima itsastarra berreskura. Utz ditzagun horretarako ateak zabalik. Zeren eta izaki horri, eta kritika legez ez ezik barkamen eske modura ere badiot hau, urritu egin zaizkio alde horretatik sortze beretik izan dituen balioak. “Etorkizun, ikuskizun” esan ohi da eta, ez dakigu egunen batean ez ote den alderdi hori berori izanen Abiñagako multzoaren epizentroa. Oxala!

 Amaitzeko, esan, bakana dena gorde beharra dugula, zalantza izpirik gabe. Sarritan ostera bakana dena ere sakrifikatu behar izaten da, eta ahal dela ordezkatu. Bakana eta ordezkaezina dena, ostera, ez dago sakrifikatzerik galeraren tamainari erreperatu gabe behintzat. Abiñagako multzoa ordezkaezina da. Hego Euskal Herrian behintzat. Ez dago-eta beste Urdaibairik, beste Txatxarramendirik, beste padura gune hain zabalik, beste ertzik inon itsasaldien ikutuari hain loturik. Ez dago ernamuina beste inora aldetzerik. Ez dugu bere bere erroetatik birsortuz bere izateari mende batez horrela eusten dion gunerik gurean.

 Osasuna eta ongizatea zorionaren gurasoak dira. Eta Virginia Estatuaren 1776eko Independentzia Aldarrikapenak dioen legez, “Gizaki orok du zoriontsu izateko eskubidea”.

 Ez kendu itsasoa, mesedez, marinelen atseden-leku izateko jaio eta, gero ere, askoren unean-uneko zorionaren ama izan den horri. Sukarrieta-Busturiako Abiñaga ingurua osorik eta itsastar gura dut nik neuk. Eta horrek babesa behar du. Beste hiritar askoren arteko beste bat baino ez den honek eskatzen dut, bai. Beste hiritar arrunt bat naiz, egia, baina tamalez edo zorionez ez dakit, leku hori begi-ninietakoa dudana. Ene sorterria den Busturialdea bera dudan legez. Horrexegatik sartu nintzen Zain Dezagun Busturialdea hartan, lehenengoetan, eta Zain Dezagun Urdabai elkartean gero. Gaur jaun-andre biltzarkideok, hemen, zuon aurrean, hitzok esan ahal izanak elkarte biotan egindako lana saritzen duelakoan diotsuet eskarrik asko!, eta Oiz menditik gure ingurua zaindu-edo egiten duen Mariri eskatzen gure eskariaren alde egin dagizuen laguntzea.

Besterik ez.

Search