Ez dira pasako!
AfD ultranazionalistak Saxonia-Anhalten (Alemania) bozken %43,8 lortu zituen, eta 2021eko emaitza bikoiztu. Berri horrek Europa astindu badu ere, ez da fenomeno isolatu bat. Trumpek, Netanyahuk, Mileik eta, orain, Abelardo de la Espriella Kolonbiako presidente berriak, kontinente eta gobernu eredu ezberdinetakoak izanik ere, diskurtso bera partekatzen dute: arrazakeria eta xenofobia, instituzio publikoen aurkako mesfidantza, klima aldaketaren ukazioa, neoliberalismoaren defentsa, genero disidentzien kriminalizazioa, herri eta hizkuntzen zapalkuntza, gerra eta genozidioen babesa eta abar.
Europan olatua ere hemen da. Herbehereetan, PVVk 2023an irabazi zuen. Italian, Meloni Gobernuan da oraindik: Errepublikaren historiako Gobernurik iraunkorrena, eta koalizioaren barnean Vannacci jeneralaren alderdi are eskuin muturrekoagoa gora doa azkar. Portugalen, Chega bigarren indar bihurtu da Parlamentuan. Belgikan, Vlaams Belang eta N-VA lehiatzen dira Flandriako buruzagitza lortzeko, faxisten aurkako hesi sanitarioa ere eztabaidagai dela. Adibide andana daude.
Gu zapaltzen gaituen Frantzian, Bardella ultra %31-38 arteko boto asmoarekin dago 2027rako presidentetzarako lehian. Marine Le Penen hautagaitza auzitegien esku dago oraindik, baina bere ondorengoak alderdiaren aurpegia gaztetu eta migrazio politika gogorrari eutsi dio.
Espainian Vox gaur egungo 33 eserlekuetatik 60-63ra igotzea aurreikusten da. Hala bada, PP-Vox itunek immigrazioaren aurkako neurriak, berdintasun arloko dirulaguntzen murrizketa eta abortuaren aurkako testuak jasoko dituzte aurrekontuetan, besteak beste. Espainiar faxistek elkarrekin bozkatu zuten euskara, katalana eta galiziera Europar Batasunean ofizialtasuna lortzeko urratsak oztopatzeko. Herrion ahotsa isilarazteko estrategia da, eta gurean bereziki sentitu behar dugu horren larritasuna. Immigrazioaren aurkako politika arrazistak, biolentzia fisikoa umeen aurka, kolonialismoa, Ceutakoari txispak atera nahi dizkiote, giza eskubideen truk.
Euskal Herrian argi ibili beharko dugu. Mundu osoan, eskuin muturrak, boterera iristean, epaileak, komunikabide publikoak eta hauteskunde arauak beren alde makurtzen saiatzen dira. Hungaria da azken boladan horren adibidea, baina ez da hainbeste igaro gure egunkarien itxiera eta ilegalizazioetatik eta badakigu zertarako gai diren.
Zentzu osoa du gaur egun «pedagogia antifaxista» kontzeptuak. Enrique Javier Diez Gutierrez irakasleak (Octaedro, 2022) proposatzen duen ideia da: neofaxismoa birus gisa ulertzea, kapitalismo neoliberalarekin lotura funtzional argia duen birusa, gizartearen zati bat pixkanaka “normal”-tzat hartzen ari dena; eta horren aurrean, hezkuntza antidototzat aurkezten du, giza eskubideen eta balio demokratikoen ulermena sustatzeko. Liburuan dioenez, ezin duzu demokrazia babestu antifaxista izan gabe.
Euskal Herria antifaxista izango da edo ez da izango. Autoritarismoaren aurrean, demokrazia gehiago eta erabakitzeko ahalmen ahalik eta handiena behar dugu. Batasuna. Hurrengo hilabeteak bataila kulturalerako, plazak geureganatzeko, espazioak zabaltzeko, gorputzak berriz ere jartzeko, elkar zaintzeko, lehia elektorala irabazteko, indarrak biltzeko eta aurrera egiteko izango dira.
Denok faxismoa gelditzeko helburu bera badugu, duela 90 urte bezala, 1936ko altxamenduaren aurrean, batasun antifaxista antolatzeko unea izan bazen, gaur ere bada. Bakoitzak jakingo du historiaren zein aldetan jarri. Berriz ere, antolatu, elkar zaindu, kaleak hartu eta aurrera egin! No pasarán. Ez dira pasako!