Alba Garcia Martin
Maizterrak Bilbo sindikatuko kidea

Ez du itxura onik

Lerro hauetan agertu nahiko nuke familia hori sufritzen ari den utzikeria, enpatia falta, mina, umiliazioa eta mespretxua, eta hori dena, udalaren konplizitatearekin

Blackstone, blackstone, blackstone. Gogoratu ondo izen hori, hemendik aurrera, nonahi entzungo duzuelako. Blackstone, mundu mailako putre-funts handienak lur hartu du gure hirian. Bai, hemen, Bilbon, gure agintari politikoek halako funtsekin negoziatu eta gure hiriko lurzorua saldu egiten dute, obra publikoak egiteko dirua eskuratzeko.

Horrela ikusita, askok esango duzue, «bueno, ez dago hain gaizki ezta? Gure hiriarentzako onuragarriak diren obretan inbertitzeko era bat da, gure hirien ‘hobekuntza’ eta ‘garapenerako’ doan dirua da». Ba inondik ere ez. Gure hiriak saltzen baditugu, ondorioak ordaindu beharko ditugu, eta argi izan, ondorio horiek larriak izango direla. Gaur adibide bat emango dizuegu: Bilboko San Frantzisko auzoko Mena kalea.

Mena kalea oso baliotsua da; ezagutzen ez dutenentzat, trenbidearen gainean dago, “Bilbao-Abando, Hurrengo Geltokia” proiektuaren baitan lurperatuko diren trenbideen gainean. Haien web orrian dioten bezala: «Ez da soilik geltoki bat, hiri eredu bat da». Eta noski dela hiri eredu bat, jada izan dugu horren berri. Badakigu auzokideak beren auzoetatik kanporatzen dituen hiri eredu bat dela; hiriaren erdigunean errenta baxuko pertsonak nahi ez dituen hiri eredu bat, hain zuzen ere.

Hiri eredu horretan saldu egiten gaituzte, guri, auzokideoi, «hobekuntzak» egiteko. Berriz ere joko dut haien web orrira: «Zauriak ixteko garaia da, Bilbo Zaharra, Abando eta Zabala banantzen dituen ehun urteko lubakia estali, eta hiritarrentzako espazio berriak altxatzekoa. Etorkizuna hiri ireki batetik igarotzen da, adeitsua, hemen bizi garenontzat eta baita bisitatzen gaituzten guztiontzat».

Baina zein hiritarrentzat dira espazio berri horiek, bertan bizi diren auzokideak kaleratzen ari bazarete? Alami eta Bahiari galdetuko bagenie –­Mena kaleko auzokideak, zeinak haien hiru alaba adingabeekin bizi diren– zein irekia eta adeitsua iruditzen zaien hiri hau, zein uste duzue izango dela erantzuna?

Lerro hauetan agertu nahiko nuke familia hori sufritzen ari den utzikeria, enpatia falta, mina, umiliazioa eta mespretxua, eta hori dena, udalaren konplizitatearekin.

Ez dago eskubiderik inork haien alde ezer ez egiteko, ez dago eskubiderik oinarrizko zerbitzu sozialetara joan eta errekurtsoetarako sarbidea, maiz, atetik sartu bezain pronto epaitzen zaituen norbaiten eskuetan egoteko. Ez dago eskubiderik familia honek bere burua kale gorrian ikusi behar izateko, hiru alabekin, «kaleratzeen-aurkako» ez dakit zer protokolo martxan jar dezaten. Ez dago eskubiderik epaitegietan prozesu hau eramaten duenak onaren eta gaizkiaren gainetik balego bezala hitz egin dezan eta, inolako zalantzarik egin gabe, familia bati zuzendu eta bai ala bai kaleratua izango dela esateko.

Ez dago eskubiderik inork honakoa ez pentsatzeko: «Bilboko auzokideak dira! Etorkizuna ez zen hiri ireki eta adeitsu batetik igarotzen hemen bizi garen pertsonentzat?

Ez dago eskubiderik oinarrizko zerbitzu sozialen konponbidea fidantza eta alokairu hilabete bat ordaintzea izatea; errepikakorra eta nahiko krudela den konponbidea, ondo baino hobeto dakitenean higiezin-agentziek ez dietela pertsona emigranteei, soldatarik ez dutenei edota DSEa jasotzen dutenei etxerik alokatzen.

Ez dago eskubiderik instituzioen partetik utzikeria bihozgabe hori jasotzeko, ezta putre-funtsen praktika mafiosoak pairatzeko, Blackstoneren praktika mafiosoak; familia hau bota nahi dute, Mena kaleko bloke horrekin egin zuten bezala.

Ez dago eskubiderik, eta horregatik, Maizterrak Bilbo geratzeko etorri da. Momentuz kaleratzea geldiaraztea lortu dugu, baina familia honek etxebizitza alternatibo bat izan gabe jarraitzen du.

«Ez du itxura onik», esaten zion enpatia handiarekin Alamiri bere langile sozialak haren egoeraren inguruan hizketan.

Arrazoia duzu andrea, ez du itxura onik, eta horregatik ez gara inora joango.

Search