Josu Naberan
Idazlea

Ez gaude esku onetan, benetan

Gure agintari itsuak eta hedabide tuntunak jendea animatzen, sustatzen, bultzatzen..., eta aditutzat daudenek ere jendea bulkatzen eta ahal izanez gero behartzen, denok behartzen, nora eta... Mengele-eugenesiara, Asier Galan Cousillas biologo molekular ezagunak deitzen dion bezala txerto magikoari.

Eta hasi dira txertoa, txerto magikoa, pertsonalari jartzen. Lehenik, nola ez, esperimentu-haragi diren Adindu Etxekoei, zeren txerto horiek oraindik esperimentazio fasean omen daude. Orain arte edozein txertok lautik hamar urte bitarteko ikerketa behar izan du. Teknologiak asko aurreratu ei du; baina hain denbora laburrean… Guinness Liburuan ere ez halako lasterketa-recordik farmako-korrikalari ezberdinen artean!

Hemen Pfizer-Biontech tokatu zaigu, hain zuzen, eta Pfizer horren historiaren peskizan ibili naiz. Lehenbizi jabetu behar dugu farmako-konpainia pribatuak direla, hots, negozioa dutenak lehen helburutzat, beste gauza guztien gainetik.

Eta aurkitu dudana zera da: Pfizer Konpainiaren curriculuma ez dela batere eredugarria! Kausitu dut ezen Erdialdeko Afrikan jardun duela, zertan eta hango emakumeen antzutze borondatez kontrakoari ekiten, arte txarren bidez. Aurkitu dut, baita ere, hainbat isun jarri diotela AEBetan medizina-praktika legez kanpokoengatik. Eta ordaindu egin ditu isunak, zeren errentagarriago aterako baitzitzaion ordaindu eta ildo beretik jarraitzea, bere praktika ilegaletan. Eta zera pentsatu dut: ez gaude esku onetan, benetan.

Gero bere txertoari buruzko informazioa bilatu dut. Ez naiz arlo horretan aditua, baina honezkero hortzak berdinduak ditut, eta gauza ebidenteak denon begien bistara azaltzen dira azkenean. Zera jakin dut: txertoetan inoiz erabili ez den terapia bat da. Hots, humanoetan ez da halakorik sekula erabili.

Ez da, orain arteko txertoak bezala, indargabetutako birus batetik ateratako txertoa, baizik eta terapia genikoa, ARN-mezulari sintetikoaren bidez injektatzen dena. Eragin ditzakeen albo-kalteak –dio Pfizer etxeak berak– %4'6 muntakoak dira.

Hori epe motzera, zeren epe luzera, potentzialki transgenikoak dira. Hau da, albo-kalte transgenikoak eragin ditzake. Zer esan nahi du horrek? Bada, injekzio hori jasotzen duen gorputza nolako egoeratan dagoen, ongi joan dakioke; baina zoru desegokian jausten bada, oso  gaizki; zeren kasu honetan, lurrak gaizki hartzen badu ARN-m hori, minbizia eragiten duten zelulak suspertuko ditu, adibidez, epe ertain edo luzera.

Baina entzun adi gure Pfizerrek erran duena hitzez hitz: «arrazoizkoa dirudi produktua eraginkorra izan daitekeenaren ustea». Amama kontsolatzeko moduko hitzak!

Beraz, oso logikoa da Pfizer etxeak jarri duen baldintza: ez du hartuko erantzukizunik bere produktu horrek eragin ditzakeen albo-kalteez. Majo! Eta gure gobernuak majoago! Gure agintari itsuak eta hedabide tuntunak jendea animatzen, sustatzen, bultzatzen..., eta aditutzat daudenek ere jendea bulkatzen eta ahal izanez gero behartzen, denok behartzen, nora eta... Mengele-eugenesiara, Asier Galan Cousillas biologo molekular ezagunak deitzen dion bezala txerto magikoari.

Zer diote medikuek txertooi buruz? Izan ere medikuen esku daude erabaki praktikoak, beraiek ulertzen dute txerto bakoitzaren edukia edo konposizioa zein den. Oinezkook baino errazago daukate konposizio horretaz jabetzea, AEBetako CDC berak (CDC: Gaixotasunak aurreikusteko Kontrol Zentroa) argitara eman baitu. Profanoon begietara, konposizio horrek kaka pila ematen du.

Ezagun dudan mediku baten esan dit ezen nahiago duela mediku-lizentzia galtzea, txerto hori hartzea baino. Horregatik, mediku gehienek isilik gelditzea daukate, Farmakotegia ez baitago brometarako. Begira zer gertatu zaion Brandy Vaughan jaunari. Vaughan etxean hilda aurkitu dute pasa den hilean. Merck konpainia farmazeutikoaren salmenta-exekutiboa zen eta hurbil-hurbiletik ezagutu ahal izan zuen berak saltzen zituen farmakoek eragiten zituzten albo-kalteak jendearengan. Zintzoa zenez, konpainia hura utzi eta «irabazi-asmorik gabeko» Learn and Risk erakundea sortu zuen, eta han eta hemen hitzaldiak emateari ekin zion, txertoen eta beharrezko ez diren botiken arriskuaz ohartaraziz. Mehatxu eta sabotaia pila jasaten ari zenez, bera ere arriskuan zegoela pentsatu zuen; beraz, honako ohar hau idatzi zuen: bera pozik bizi zela semearekin eta inoiz ez zuela bere buruaz beste egingo, ezta pentsatu ere…

Badira beraz gaur egungo benetako heroiak. Bada jende zintzoa. Horregatik, mundu osoko 100.000 mediku ados etorri dira gure txertoen arriskuaz ohartarazteko. Beste gauza bat da horretaz jendea enteratzea, hain baita trinkoa desinformazio-medio salduenen eragina! Gehien kezkatzen nauena zera da, ordea: ezkerreko jendeak zalantzak izatea txerto hau, egoera honetan, derrigorrezkoa izan behar ote lukeen… Eman dezagun, kasu, planetako populazioa murriztea komeni dela: etikoa iritziko ote genioke, haatik, emakumezko nahiz gizonezkoak derrigorrez antzutzeari? Epaileek oraingoz ez dute erabaki, baina badakigu, jakin, gremio horrek zein erraz biratu ohi dituen berak ahoz aldarrikatzen dituen printzipioak.

Eskerrak jende kritikoa ere baden. Pandemia barik plandemia deritzo Cristina Martin andaluziarrak bere liburuan azaldu berri duenez ("La verdad de la pandemia"), «plandemia» izena asmatuz; eta beste batek «syndemia» deritzo, hots, testuinguru lanbrotsuko gaixotasun sanitario-ekonomiko-politikoa.

Eta esku onetan ez gaudenez, har bitza bakoitzak bere neurriak. Elkarrengana bildu... eta eutsi goiari!

Search