Feministok ere harriak mugitzera goaz!
Heldu iezaidazu gogoz gerritik/ eta eramango zaitut/ erratz gainean hegan/ denbora eta urruntasuna laburtzen/ diren unibertsora/ ausentziak sutan errez/ ta ametsak egi bihurtzen dituen akelarrera/ Ukan, usain, laztan nazazu/ senti nazazu eta elkartuko gara/ irri, xirri, eta muxuen/ lurralde askean!
Ekhi Eizagirreren hitzak dira hauek, Fresneseko espetxean bahitutako euskal preso politiko eta Bilgune Feministako kidearenak. Bere idatzi askok eraman gaituzte emakumeek gizonentzat eraikitako kartzela ereduen baitan izandako bizipenetara. Norabide horretan, “Begirada feministatik kartzelari buruz gogoetan. Emakumeen bizipenetatik hausnarketa kolektibora” mahai-ingurua burutu genuen Bilgune Feministak eta Herrirak elkarlanean 2012an. Bertan, arau hauste bikoitzagatik zigor bikoitzari aurre egiten dioten emakume presoen errealitatea izan genuen mintzagai. Hau da, delitu zehatz batengatik betetako zigor penalari, emakume-ama-emazte ona ez izana gogorarazten dizun zigor soziala gainjartzen zaie emakume presoei. Bertan, elementu ezberdinak jarri genituen mahaigainean:
Gure jendarteak ez du aurreikusten emakume batek delitu bat egin dezakeenik, edo militantzia politikoa erdigunean jarri dezakeenik ere. Emakumeoi afektibitateaz arduratzea, zaintza lanak egitea, apaltasuna, goxotasuna, otzantasuna, agresibitate eza... bezalako rolak egotzi izan zaizkigu ordea. Hortaz, kartzeletako hormak gizonezkoen neurrira eraiki dira. Hartatik pasa diren emakume askok, “ez leku” batean sentitzearen bizipena azpimarratzen dute, zuretzako (zure osasunarekin lotutako beharrei dagokionez adibidez) prestatua ez zegoen espazioan egotearena, alegia. Ekintza ludiko, tailer edo formakuntza aldetik, eskaintza eskasa eta rol feminizatuekin lotutakoa topatzen dute, gerora aitortza urriko jardunetara bideratutakoa. Testuinguru horretan emakumeek kartzelako funtzionarioen aldetik jasotako tratatua maiz infantilizazioan, paternalismoan edota hipersexualizazioan oinarritzen dela adierazten dute.
59 dira espainar zein frantses espetxeetan sakabanatuak dauden emakume presoak. Beraiek pairatutako isolamendua handiagoa izan ohi dela azpimarratu behar dugu. Edozein emakumek (EPPKko kidea izan edo ez) bizitzen duen egoera da dispertsioarena, haientzako egokitutako kartzelak ez edukitzerakoan, bizi diren lekutik urrun dagoen beste kartzela batera bidaltzen dituztelako. Baina sakabanaketa ez da soilik geografikoa. Kartzela barruan ere modulu ezberdinetan banatzen dituzte emakumeak (baita gizonezkoak ere), eta honek are eta isolatuago egotera eraman ditu. Emakume preso politikoei dagokionez, kopuru aldetik gutxiago izatean, elkarren artean bakartzea errazagoa egiten da.
Honekin batera, kartzela barruan ama direnen kasua ere aipatu nahiko genuke. Momentu hauetan, espainiar estatuan, bi kartzelatan daude euskal preso politikoak diren amak haien seme-alabekin Aranjuez (Madril) eta Picassenten (Valentzia). Beraz, amatasun modulu batean egoteak zuzenean dispertsioa dakar beraientzat. Espazio hauek ez dituzte beharko lituzken baldintzak betetzen bertan dauden haurrentzat: jolasteko txokoak, ordutegiak… Aitatasun moduluak, aldiz, ez dira existitu ere egiten.
Azaleratu nahiko genuke espetxearen baldintza bizi-ezinetan aurrera egiteko hein handi batean emakume askok eta askok egindako ekarpena: amek, izebek, neska-lagunek, lagunek, e.a. eskainitako zaintza lan eta sostengu emozional guztia. Desioz edo halabeharrez egina.
Gauzak horrela, espetxeen izaera patriarkala azpimarratu eta dispertsioaren inguruan emakumeok sufritzen dugun zapalkuntza bikoitza salatzen dugu. Bilgune Feministatik emakume presoen bizipen, aldarri eta jarduna azaleratzeko beharra azpimarratzen dugu, bai eta elkarrekin eztabaidatu, saretu eta zapalkuntzen aurrean feminismoz ahalduntzeko tresnak jorratzekoa ere.
Mahai-inguru horiek antolatu genituen 2012an, urrats garrantzitsuak eman berri genituen Euskal Herriko bake prozesuan, eta hamarkadetako gatazkaren konponbidean pauso sendoak emateko irrikaz begiratzen genion etorkizunari. Hiru urte pasatu diren honetan, prozesua blokeatu, mendekuaren politika ezarri eta salbuespen egoera mantentzen ari dira. Estatu espainol eta frantsesak bidean harri izateko erabakia hartu dute, eta hortaz, akusatzen ditugu. Gaixo larriak espetxean mantendu, dispertsioaren zigorrari eutsi eta presoek konponbide politikoaren parte izatearen ukazioak dirau, modu honetan gatazkaren arrazoiak ukatzen dituztelarik.
Baina asko gara herri honetan bizi izan ditugun gatazka eta indarkeria anitzak gainditzeko apustua egiten dugunok, eta amore emango ez dugunok. Badakigu gure artean beharko luketen hainbeste bihotz, taupada, esku eta aho giltzapean dirauten bitartean askatasunik ez dugula izango. Bada garaia, Euskal Herriaren burujabetza bidean, gatazka politiko armatuaren konponbidean aurrera egitekoa.
Horretarako, denon artean bultza dezagun: Bake prozesuan euskal preso politiko eta iheslariak subjektu politiko izan daitezen, bere erabakiak aitortu eta norabide berdinean pausoak emateko, bultza. Espetxe politikak eragindako eskubideen urraketa sistematikoa salatu, preso gaixo larriak etxeratu eta dispertsioarekin amaitzeko, denon artean tira. Euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko, indar eta xamurtasunez, bultza. Espetxeak apurtu eta espetxe sistema eraldatzeko, ausardiaz tira. Ukan gaitzaten, senti ditzagun, elkartasunez bultza.
Bizirik nahi ditugulako, etxean nahi ditugulako, euskal herritar burujabeez osatutako herri librea nahi dugulako, feministok ere urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionako kaleak bete ditzagun. Elkarrekin, kanpotik eta barrutik, tira eta bultza, mugi daitezen harriak!