Karla Pisano
EHKSko kidea

Futbola, identitatea eta autodeterminazioa

Azken asteetan, gizonezkoen Futboleko Munduko Kopako finalaren harira, zenbait hedabide eta alderdiek kanpaina politiko izugarria jarri dute martxan Euskal Herrian. Helburua argia izan da: espainiar selekzioak gure herrian duen babes soziala handitzen ari dela irudikatzea eta Euskal Selekzioaren aldeko aldarriak, hazkunde horren aurka altxatzen den isolaturiko mugimendu baten erantzun irrazional gisa aurkeztea. Batzuoi bi ideia horien faltsutasuna agerikoa bazaigu ere, ezin ukatu zenbait gizarte sektoreetan errotzea lortu dutela eta horrek hausnarketa sakon baterako tartea ireki beharko ligukeela. Hausnarketa horrek, ordea, bi jokozelai barne hartu beharko lituzke; espainolismoarena eta hari kontrajartzen diogun proiektu politikoarena. 

Lehenengoari dagokionez, bi ideia jarri nahiko nituzke mahai gainean. Lehenik, argia da futbola identitate politiko eta nazionalak sortzeko tresna dela, masa politikaren esparruan eraginkorrenetarikoa. Ikuskizun hauen izaera politikoa ukaezina da Mundialaren edozein alderdiri erreparatu ezkero: ikuskizun hauek mugitzen duten diru kopuru erraldoia, ikuskizunok antolatzen dituzten herrialdeen hautaketa, Trump bezalako politikarien aurpegi zuriketa amaigabeak (Infantinok «bakearen aldeko saria» Trumpi eskaini izana, adibidez), Iraneko edo Palestinako sinboloak debekatzea... Mundiala ikuskizun kapitalista handienetako bat da, mendebaldeko oligarkien interesekin lerratu egiten dena, horien negozio eta zilegitasun iturri den heinean. Espainiar selekzioak ere, bere aldetik, funtzio politikoa du, identitate eta batasun nazionala indartzeko bitartekoa da eta espainiar estatuaren barnean giltzapeturik dauden nazio aldarrikapenen ukapena du bere izateko arrazoietako bat. Herri zapalduen autodeterminazio eskubidearen gainetik eta kontra eraikitako nazio identitate bat ez da identitate kultural xaloa, gizarte-sektore batzuen azpiraketan sakontzeko artefaktu politikoa da. Bigarrenik, aipatu beharra dago identitate nazional espainola ardaztu eta hegemonizatu duena espainolismo atzerakoiena izan dela eta ezker espainolak historikoki zailtasunak izan dituela identitate hori klabe aurrerakoietan berrinterpretatzeko. Azken aldian, hala ere, saiakerak bikoiztu dituzte eta Sánchezen gobernuak panorama internazionalean hartu duen sona positiboak lagunduta, «La Rojaren» jarraitzaileak handitu eta haren karga ideologikoa arindu dela dirudi. Kontrara, nik esango nuke, espainiar selekzioaren berrikuspen konfederal horrek politikoa izaten jarraitzen duela eta, are gehiago, epe ertainean espainolismo atzerakoiari egingo diola mesede. Hau da, espainiar nazionalismoaren zabalpenak ateak irekiko dizkio eskuin espainolari eta faxismoaren zenbait adierazpen normalizatu egingo ditu. Ikusi besterik ez dago nola azken asteetan, koparen garaipen ospakizunak aitzakia hartuta, hainbat faxistek ez zuten segundorik galdu eta kalera atera ziren euren sinboloak eta leloak kantatzera (Núcleo Nacionalen kamisetak, «Pedro Sánchez hijo de puta» oihuak etab)... 

Baina, gure hausnarketak bigarren esparru bat jorratu behar du: espainolismoari kontrajartzen zaion posizio politikoarena. Gaur gaurkoz, alderdi nazionalisten biraketa edo sakontze autonomista aipatu behar dugu. Bideorri autonomistak independentziaren aldeko berniza hartu lezake, alegia, balizko prozesu subiranista bat zeinetan lotura bat existituko litzatekeen enkaje autonomista hobeago baten eta espainiar estatuarekin apurketa politikoaren alde antolatu behar diren indar sozialen artean. Hala ere, finean autonomista izaten bukatuko du, lehenengoak (hobekuntza autonomistak) bigarrenaren (apurketa politikoaren) posibilitate baldintzak higatzen baititu. Apustu estrategiko autonomistaren ondorioz, beraz, autodeterminazio eskubidea alboratu egiten da eta, are gehiago, euskal nazio auziaren barnean dagoen elementu aurrerakoiena ezabatu egiten da. Bada, nazio auziak botere burgesaren elementu zentral bat auzitan jartzeko balio izan du: nork du botere politikoa, nork erabakitzen du eta noren gainetik? Autodeterminazio eskubidearen ukapenak diktadura frankista auzitan jarri zuen lehenik, eta Trantsizioaren ondoriozko erregimen burgesa ostean. Ikuspegi autonomistak, aldiz, marko espainola onartzean, nazio auziaren potentzial politiko apurtzaileena xahutzen du, botere kuota partzial handiago batzuk eskuratzeko esperantzaz. Potentzial horretaz hustuta, geratzen dena zera da, identitarismoa. 

Eta hori oso argi ikusi da azken asteetako polemiketan. Euskal alderdi politiko nagusiak, oro har, Euskal Selekzioaren defentsa egitera mugatu dira. Baina aldarri horrek, justua eta beharrezkoa, espainolismoaren seinalamendurik gabe eta autodeterminazio eskubidearen defentsarik gabe hankamotz gelditzeko arriskua dauka. Gainera, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna nolabaiteko bi identitateen arteko elkarbizitzaren premisatik defenditu da: «Batzuk espainiar selekzioa jarraitzen duten era berean, guk gurea babestu nahiko genuke» edo «Batzuk espainiar sentitzen diren era beran, gu euskaldun sentitzeko eskubidea dugu». Iritzi horietan, identitatea sentimenduetara murrizten da eta identitate nazionala sentimendu horien adierazpen sinboliko soilera zeina, gainera, sentimendu nazional espainolarekin berdindu egiten den. Hala, talka politikoa (eskubide politiko eta demokratiko oinarrizko bat aldarrikatu eta hori ukatzen dutenen artekoa) talka identitario soil bihurtzen da, eta masazko kultura kapitalista gailentzen den testuinguru honetan, despolitizazioa eta identitarismoa nagusitzen dira. Ondorengoa azpimarratzea garrantzitsua da: espainolismoa, identitate gisa, estatuko hainbat lurralderen nazio zapalkuntzaren gainean eraikitzen dela. Espainolismoa, honenbestez, zapaltzailea dela Euskal Herrian, Galizian edo Herrialde Katalanetan. Langile klasea zatitzeko funtzioa betetzen du eta kapitalismoaren eroalea da. Langile batasuna erdietsi nahi dugunontzat, autodeterminazioa aldarrikatzea nahitaezkoa da eta horrek, Euskal Herrian, Euskal Estatu Sozialistaren aukera irekitzea dakar. 

Autodeterminazioaren aldeko borroka ataka batean dago: bide autonomistarengatik apustu egiten jarraitu ezkero, eduki politikoz hustu eta identitatearen defentsara mugatuko da, geroz eta jokozelai arrotzagoan, gainera. Baina, bada beste aukera bat, autodeterminazioaren aldeko borroka gizarte kapitalistak sortzen dituen gainontzeko zapalkuntza politiko eta sozialekin elkarlotzen duena. Sozialismoaren aldeko borroka, nazio zapalduen aldeko borroka da; horrela izan da historikoki eta horrela izango da mende honetan ere. Euskal Herriko langileriaren askapena ez da espainiar burgesiarekin negoziatuko, langileriaren batasun internazionalaren bitartez inposatuko da soilik. Euskal Estatu Sozialista baten eraikuntzarako indar harremanak ezin ditugu klase etsaiz beteriko estatuen barnean bilatu. Nazio zapalkuntzarekin amaitzeko bidea egin behar dugu, Euskal Herria inoiz ez baita aske izango autodeterminazioa ukatzen zaion bitartean eta langileriak esplotatuta segitzen duen neurrian. 

Search