Donibane Lohitzune, Urruña, Ziburu eta Hendaiako EH Bai-ko hautetsiak
G7: arduragabekeriaren gailurra

Macron presidenteak lurraldeak eta hautetsiak entzuten dituela erratea maite du. Hala balitz, Euskal Elkargoari zuzenduko litzaioke gailurraren inguruan erabaki bat hartu aitzin.

15/06/2019

Orain dela urtebete, G7a 2019ko agorrilean Biarritzen iraganen zela jakinarazi zutenean, albiste faltsu (fake news) bat zela uste izan genuen, hain zen surrealista. Alta, pentsaezintzat jotzen genuen gertakaria erreala bilakatu da eta G7a Biarritzen iraganen da. Ondorioak ez ditu Biarritzek soilik pairatuko, kostalde guziak jasanen ditu eta, hein berean, Euskal Herriak. Horiek horrela, burura datorkigun lehen galdera hau da: nork erabaki du? Ipar Euskal Herriko hautetsiak erabaki horren parte izan al dira?

Argi da ezetz. Erabaki hau frantziar Gobernuaren instantzia gorenean erabakia izan da, Eliseoan. Arduragabekeria handia eta hainbat arrazoirengatik gainera. Hauexek dira gailurra onuragarria ez dela esateko azaleratu nahi ditugun bi arrazoi nagusiak:

Batetik, G7ak ordezkatzen dituen balioak onartezinak direlako. G7ak Mendebaldeko zazpi indar ekonomikoak biltzen ditu bere baitan (Ameriketako Estatu Batuak, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Alemania eta Kanada). Herrien artean hierarkia bat ezartzen du, ideologikoki ongi kokatuak direnak, indartsu direnak eta eskema horretan sartzen ez direnak bereiziz. Azken finean, boteretsuen dominazioa ordezkatzen du G7ak.

Bestetik, manifestatzeko eta mugitzeko askatasuna murriztuak izanen direlako, sozialki eta ekonomikoki izanen dituen ondorio guztiekin. Arazoa hemen ez da urgentzia sozial eta ekologikoaren erakusleihoa izanen den gailur alternatiboa, G7a baizik, garestia eta inposatua zaigun bilkura bidegabe eta behargabea. Ondorioz, aurreikusten dugu kalte ekonomiko eta sozial itzelak jasanen ditugula. Kasu horretan, nork hartuko ditu kalte-ordainak bere gain?

Bestalde, Estatuak Euskal Herriko mugimendu politiko, sindikal eta sozial desberdinez osaturiko plataforma desitxuratu nahi du, plataformak antolatu nahi duen gailur alternatiboan egon daitezkeen konfrontazio bortitzekin nahasiz. Plataforma osatzen duten hainbat erakundek garantia nahiko eskaintzen dute, G7ak ordezkatzen duen munduari alternatiba agertzeko unean, modu baketsuan eginen dela baieztatzeko.

Azkenik, Macron presidenteak lurraldeak eta hautetsiak entzuten dituela erratea maite du. Hala balitz, Euskal Elkargoari zuzenduko litzaioke gailurraren inguruan erabaki bat hartu aitzin. Segur aski, pentsatuko zuen ez ginela kapable gailur honen inguruko erronkak ulertzeko. Paretaren kontra jarri gaitu. Orain, «hautatuak» izan diren herrietako hautetsien eta Euskal Herriaren ardura kolektiboari dei egitea besterik ez zaigu gelditzen, G7 EZ! plataformak antolatzen duen gailur alternatiboa baldintza onenetan iragan dadin. Azken deialdi bat egin nahi diogu arduradun nagusia den frantses Gobernuari, bere esku duen guzia egin dezan egoera jasangaitz honi aterabideak atzemateko eta inolako kalterik jasan ez dezagun.

Articles
Joseba Garmendia
15/12/2019
Germán García Marroquín
15/12/2019
Iñaki Egaña
14/12/2019
Andres Osa «Sakona»
14/12/2019
Letters
Juan José Dapousa Garma - Bilbo
13/12/2019
Iñaki Revuelta Lertxundi - Cantante
13/12/2019
Blanca Rodríguez Ruiz
13/12/2019
Enric Vivanco Fontquerni - Barcelona
13/12/2019