Alazne Beltran de Lubiano Riaño
Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea

G7ari ez! Feminismotik beste mundu bat eraikitzen

Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen sistema nolakoa izan behar den eta nola garatuko dugun hausnartzen hasteari premiazkoa deritzogu

Ezagutzen dugun mundua desegiten ari da, kapitalismoa birfundatze ziklo batean dago; maskararik gabe, gutxi batzuentzako lekua besterik ez dagoela aitortzen duen kapitalismo batera igarotzen ari gara. Atarian dugun proiektu neoliberala sakontzen ari da, bai autoritarismoan, bai klase hierarkia arrazistetan eta patriarkaletan; besteak beste: ondare komunen pribatizazioak, bioekonomiak, proiektu estraktibistak, nazioarteko merkataritza eta inbertsiorako itun berriak, finantzaren nagusitasuna, feminizidioak… Botere korporatiboak gobernatzen dituen zelaiak areagotzen doaz, herritarren esplotaziorako forma berriak sortu eta gure bizitzen prekarizazioa muturrera eramaten duen bitartean. Hori da G7aren mundua, kapitalismo basatiaren eta inperialismoaren mundua.

Baina errealitate hau feminismotik iraultzeko garaia dela uste dugu. Burujabetza feminista aldarrikatzen dugu, gure bizitzaren eta herriaren gainean erabakitzeko gaitasunen zein askatasun esparruen berreskurapen proiektu gisa. Gaurtik hasita bizitza erdigunean izango duen mundu bat sortzeko erresistentzia mekanismoak eta alternatibak sortu behar ditugu. Bizitzak eusteko ardura kolektiboa eraikitzeko apustua da hau, egunerokotasunean sustraitua. Bizitza defendatzea ez baita afera abstraktu edo ideala, baizik eta bizitza duinen mugen inguruko posizio politiko zehatz bat hartzea. Argi dugu ingurumenaren, herrien, langileen eta emakumeen esplotazioan oinarritutako ongizate estatu kapitalistak ez digula balio. Horregatik, bizitzaren sostengagarritasuna erdigunean jarriko duen sistema nolakoa izan behar den eta nola garatuko dugun hausnartzen hasteari premiazkoa deritzogu.

Zaintza eta etxeko lanen aitortza eta hauen banaketa kolektiboa bermatu behar dugu sexuen araberako lan banaketa gainditzeko. Gaur egungo familia, lagunarte eta sexu ereduak gainditu behar ditugu eta sexu identitate hegemonikoak irauli. Gizarte Segurantzan erregimen berezian enplegatuak daudenak, hau da, baserritarrak, etxeko langileak zein sexu langileak lan eskubide guztien jabe izan behar dira. Gainera, denbora politizatu behar dugu, honen banaketa justu eta parekoa lortzeko eta gure behar eta nahiak asetzeko aukera emango diguten tempusak sortzeko. Nahi dugun ereduak elkarrekikotasuna, gorputz propioa zein komuna, indar kolektiboa eta eztabaida soziala ditu oinarri; eta hori, merkatutik eratortzen ez den herritartasuna eraikitzeko prozesua izango da.

Beraz, mobilizazioa eta indarrak batzea ezinbestekoa dira errealitatea eraldatzeko boterea eskuratzeko. Horregatik datorren abuztuaren 19tik 25era Irun eta Hendaian izango gara elkarrekin beste jendarte bat imajinatzen jarraitzeko. Feminismotik beste mundu bat eraikitzea posible delako, bizigarria den mundu bat.

Search