Joseba Alvarez
G7 EZ Plataformako kidea

G7ren mundua datutan

Azken 30 urteetan pobrezian bizi den pertsonen kopurua da handitu dena eta ez bizimodu duina dutenena. 1.000 milioi lagun pobrezia larrienetik atera omen dituzte, baina pobrezian bizi direnen poltsa gizenduz.

Datorren abuztuaren 24, 25 eta 26an Miarritzen G7ak burutuko duen gailurra dela eta, herriz herri «G7 EZ» plataformak antolatzeko eskaintzen ari garen hitzaldi xortan behin eta berriz atera da eztabaidarako datuen beharra. Iritzi artikulu honen helburua datu batzuk eskaintzea da, argumentu gisa erabiliak izan daitezen. Inork zalantzarik izan ez dezan, kapitalismoak mundua dominatzeko osatu duen Mundu Bankoak (BM) bere 2018 urteko balantzean erabilitako datuak dira gehienak, beraienak beraz. Eta, halere, beldurgarria da erakusten diguten munduaren argazkia.

Pobrezia endemikoa eta lurralde desoreka. Azken 30 urteetan pobrezian bizi den pertsonen kopurua da handitu dena eta ez bizimodu duina dutenena. 1.000 milioi lagun pobrezia larrienetik atera omen dituzte, baina pobrezian bizi direnen poltsa gizenduz. Halere, egun, beste 736 milioi pertsonek pobrezia larrian jarraitzen dute oraindik, eguneko 2 dolar baino gutxiagorekin. Gehienak Sahara azpiko Afrikan daude, munduko 28 Estatu pobreenen artean 27 hor kokatuak baitira. Munduko pobreziaren banaketa desorekatzen ari da beraz, zonalde osoak miseriara kondenatuz. Ezin dugu ahaztu, gainera, pobrezia larria bizi duten lurralde horiek direla normalean gatazka, gerra, gosetea eta hauen ondorio larriak pairatzen dituztenak. Lurralde horiek %34.4 ziren 2011n eta % 36 ziren 2015ean. Azken urteetan zifra hori handitu da, zalantzarik gabe.

Migrazio fluxuaren indartzea. Pobrezia edota gerraren ondorioz, 68,5 milioi lagunek indarrez bere lurraldea utzi behar izan dute. Gatazkak, gerrak, klima aldaketak eta goseteak eragindako populazioaren desplazamendu hau, inoiz eman den handiena da. Horien artean, 40 milioi bere Estatu barruan mugitu dira, baina beste  24.5 milioik atzerrira jo behar izan du. Eta hauetako milaka eta milika atzerriratze bidean hil dira, asko eta asko Europar Batasunaren atarian, Mediterraneoan, edota Estatu Batuetako mugan. Migranteei ateak ixten dizkiete Estatu aberatsek. Horretan adierazle dira Salvini eta Trump, besteak beste.

Aldaketa klimatikoa areagotzea. Desastre ekologiko itzuligabeari muga jarri zaion 1.5ºCko berotze klimatikotik gero eta gertuago gaude eta, okerragoa dena, ez da noranzkoaren aldaketarik aurreikusten. C02ren isurketari jarri  zaizkion mugak ez dituzte errespetatu. 2030 urterako karbono dioxidoaren jaurtiketak %45 gutxitu behar dira, 2050 urtean hutsean uzteko. Baina ez da horretarako behar den neurririk hartzen. Cop21eko akordioak Trumpek ez ditu onartzen eta besteek ez dituzte betetzen. Lehen ondorioa da, gauzak aldatu ezean, beste 100 milioi lagun pobrezia larrian sartuko direla datozen bi hamarkadatan. Migrazio klimatikoa hasi da eta indartuko egingo da etorkizunean. Dagoeneko Afrikaren hegoaldean, Asian eta Latinoamerikan 140 milioi migratzaile klimatiko aurreikusten dira.

Airearen eta uraren pozoitzea. Munduko biztanleriaren %91k ez du kalitatezko airerik arnasten, kutsadura munduko bazter guztietara zabaldu delako. Beste era batean esanda, munduko 10 pertsonetatik 9k aire kutsatua arnasten du. Estatistikek azaltzen dutenez, egun munduan 7 milioi lagun hiltzen dira urtero arnasten duen aire kutsatuaren ondorioz. Hori bai, hildako kopuru horren %90a ez da G7ak biltzen dituen Estatuetan ematen. Nola ez, kutsadura honetan ere zer ikusi zuzena du munduan ia inon egiten ez den hondakinen behar bezalako birziklatzeak eta errauste politikek. Azken hilabete honetan zer esan handia ematen ari den itsasoaren plastiko bidezko kutsadura ere horren lekuko da.

Emakumearen bazterketa integrala. Egun 2.700 milioi dira gizonek dituzten eskubide eta baldintzak ez dituzten emakumeak. Maila guztietako oztopoak jasaten dituzte emakume hauek, oztopo sozialak, ekonomikoak, sexualak... 104 Estatuetan emakumeek ez dute nahi duten lanean aritzeko eskubiderik. 59tan eraso sexisten aurkako lege babesik ez dute eta 18tan senarrek emazteek ezin dutela lan egin erabaki dezakete. Nola ez, lan beraren truke gizon eta emakumeen soldataren berdintasuna ez da ia inon ematen, baina arrakala handia da, bereziki Estatu pobreenetan. Toki askotan, gainera, hezkuntza ere ukatzen zaie neskei, emakumeak analfabetoak bihurtuz. Jabego eskubidearen azterketa oraindik eta okerragoa da, Estatu askotan emakumea ezin baita benetan ezeren jabe izan, ezta kredituak eskuratu ere. Kapitalismo heteropatriarkala da G7ko Estatuek munduan demokrazia gisara saltzen duten eredu soziala.

Haurrak ezin hazi eta hezi. Urtero 1.6 milioi haur hiltzen da munduan bere lehen urteetan izandako hazkundean atzerapenak direla medio. Eta beste 150 milioiek atzerapen seinale argiak dituzte, lehen urte horietan izan duten elikatze eta zaintza desegokiaren ondorioz pairatu dituzten gaixotasunengatik. Nola ez, haur horien gaztetako atzerapenek ondorio larriak dituzte haur horien ondorengo bizitza osoan, bai afektiboan, zein profesionalean. Nahikoa ez balitz, egoera hori pairatzen duten haurrak nagusiki Estatu pobreetakoak izanik, ez dute dagokien benetako hezkuntza proiekturik ere. Hazkunde  atzerakadari, hezkuntza mailako atzerapena gehitu behar zaio. Egun, gutxienez 260 milioi dira inolako hezkuntzari jasotzen ez duten eta miseria gorrian bizi diren eta kondenatuak dauden haur eta gazteak.

Urbanizatze neurrigabea. Adituek diotenez, 2050 urtean munduko biztanleria %70a inguru zonalde urbanizatuetan biziko da. 1960an, %30 ziren eta 2018an, %55. Baina urbanizatze tasaren %90a Estatu pobreenetan edota hazkunde prozesuetan murgilduta daudenetan emango da, Afrikan eta Asian nagusiki. Ondorio nabarmenenak bi dira: lehena, nekazaritza eremuaren hustuketa larria ekarriko du, hiriekiko desoreka areagotuz. Eta, bestalde, urbanizatze hori Estatu pobreenetan emango denez, beste 1000 milioi lagun bizi baldintza duinik gabe, auzo pobre edota fabelatan bizitzera kondenatuak izango dira, horrek dakartzan ondorio larriekin familiako arloan, sozialean, ekonomikoan, laboralean...

Aniztasunaren aurkako uniformaizazioa. Nazio Batuetan 200 Estatu inguru daude, baina UNESCO aitortzen duenez, 6.000 inguru dira munduko hizkuntzak. Ondorioa argia da, munduko ia hizkuntza guztiak Estatuaren defentsarako mekanismorik gabe daude. Gauzak aldatzen ez badira, eta ez dirudi hala izango denik, datozen 100 urteetan ehunka hizkuntza, kultura, herri desagertuko dira, asimilazio prozesu bortitzaren ondorioz. Nola ez, G7ko Estatuen hizkuntzak izango dira milaka hizkuntza horiek ordezkatuko dituztenak, batez ere, ingelesak, frantsesak eta alemanak. Bioaniztasuna ekosistemarako beharrezkoa den neurri berean da beharrezko hizkuntza eta kultura aniztasuna. Tamalez, G7ren eskutik munduaren kultur eta hizkuntza uniformizazio basatienean indartzen ari da. Unibertsitatera iristen diren jatorrizko herrietako kide oso gutxien artean, %2ak soilik gordetzen du bere ama hizkuntza ikasketen amaieran Amerika Latinan, adibidez. Kultur genozidio argia.

Gauzak horrela, bi dira Miarritzeko G7ren gailurraren aurrean egin behar ditugun lanak. Lehena, Euskal Herrian, mundu beste tokietan bezalaxe, bestelako mundu baten alde lanean ari garela erakustea da, Irun-Hendaian abuztuaren 21, 22 eta 23an Europako eragile alternatibo eta ezkerrekoekin antolatutako kontra gailurrean parte hartuz. Eta, bigarrena, munduaren aurrean G7 salatzeko abuztuaren 24an, 25ean eta 26an antolatuko diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzea da. Bitartean uztailaren 13an Miarritzen dugu hitzordua manifestaldi nazionalean. Informazioa osoa duzue g7ez.eus web orrian.

Search