Patxi Azparren

Gaitzerdikeriatik eta ameskeriatik at

Ez da hainbesteko ezustea izan, Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratu ditu. Bere ibilbide politiko osoan egin ohi duen moduan, epika baten baitan kokatu du bere hil ala biziko erabakia. Oraingo honetan «Mari Carmen» efektua eta etxebizitza inguruko gatazka erabili ditu bere ezinbestekotasuna aldarrikatzeko. 

Bitartean, Catalunya eta Euskal Herriko talde abertzaleak, Estatu espaniarren gorabeherekiko lotura estua dutelarik, hasi dira hauteskunde dantzan. Testuinguru horretan, dantza horretan maisu den Gabriel Rufianek PSOEri «malminorismoan» murgiltzea leporatu dio. (Zilegi bekit «gaitzerdikeria» itzulpena egitea) 

Gaitzerdikeria

Gutxieneko gaitza hautatzea taktika bat da. Korronte politiko batek bere programa indarrean jar ezin duenean, eta aukera guztiak txarrak direnean, gaitza arinena aukeratzen du. Bizitzarako ona izan daitekeen hautu hau; politikarako, berriz, erabat kaltegarria izaten da. Kaltegarria batik bat sistema aldaketa aldarrikatzen duten talde politikoentzat, euren alternatiba ametsen eremura bidaltzen baitute. 

Gaitzerdikeria hilgarria da militantzia politikoa ukan duen talde batentzat. Gogoan dut duela 15 bat urte Ezker Abertzalean kokatzen zen alderdi politiko baten hauteskunde kanpainan erabili zuen leloa: «entzun nahi zaitugu». Afixa horrek sortzen zuen «Gu-zu «dialektikak politikari profesionalen eta boto emaileen arteko arrakala ontzat ematen zuela iruditu zitzaidan. Herritarrak eskaleak dira, politikoak tartekariak eta tartekari horiek dute erabakimena. Tartekariek informazioa dute, beste politiko profesionalekin mintzatzen dira, negoziatzen dute; «diskrezio» hitza, kritika ororekiko txertoa. 

Moncloarako hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartzeko solasaldi «diskretoak» egongo ziren: kalkuluak, ziri-sartzeak, konplizitateak, antzezpenak. Haatik, niri behintzat, jokabide honek gehiago kezkatzen nau Euskal Herriaren eremuan espainiar Estatuan baino. 

Vox-PP otsoaren beldurra astintzea primeran datorkio PSOEri, baina bestelako ondorioak ditu Catalunyan eta Euskal Herriko independentismoan. UPNren aurka, ia inolako baldintzarik gabe, EHbilduk Chiviteren gobernua babestu du; gutxi eskatuta, ERC PSCrekin gobernuan. Jokabide hori behin betikotzen ari da eta Hego Euskal Herrian ondorio latzak ekarriko ditu. 

Arestian aipatutako «diskrezioa» dela eta, ez dakigu zertaz ari diren PSE, PNV eta EHbildu; ez dakigu ezta ea PSN ari ote den ere; edota EHbai jakinaren gainean dagoen. Vox-PP balizko gobernuari harresia jartzeko lanean ari dira ala posibilismoa azken muturreraino eramaten ari dira? Edozein kasutan Ezker Independentistaren talde handienak akordio horren aldeko apustu irmoa egiteak erabateko aldaketa estrategiko eta historikoa dakar, hurrengo hiru hamarkadak baldintza ditzakeena. 

Kogobernantzaren arriskuak. 

EH Bilduren lelo berria kogobernatza da. Bere ibilbide-orriaren helmugetako bat ahalik eta gobernu gehineetara iristea. Bistan da, diru publikoa kudeatzen duten erakundeak egungo sistema sozioekonomikoaren sustatzaileen esku uztea kaltegarria da. Gobernu horietara iristeko ahalegina egitea zilegi eta beharrezkoa da. Halere, erabat desberdina dira PNV-UPN-PSOEren hegemonia apurtzeko jardun politikoa egitea ala egungo sistema ontzat ematea eta gobernuetan batera aritzea. Ondorioak zeharo ezberdinak dira arlo guztietan. Zer egingo dute? PSEk eta PNVk urte luzez egiten duten bezala, «Taifa Erresuma» bana sortu opil banaketa balitz bezela? Ala agian bat-batean ohartu dira hiru taldeen egitasmo sozioekonomiko, kultural eta politikoa bateragarriak direla? 

Balizko gobernu horiek osatu ahal izateko, balizko akordio neoautonomikoa giltza bada, luzerako ala betiko atea itxiko genioke haustura prozesu bati. Bai arlo sozioekonomikoan, bai nazio arloan. 

Gaitzerdikeria ametsen hiltzailea da; ameskeria lortu ezin diren helburuak mahaigaineratzea. Baina, bi gaitza horietatik at mugitzea badago. Ez al zen eraginkorragoa izango Bilduren sorrerarekin batera piztu zen grinari eustea, PNV, UPN eta PSOEri alternatibak eraikiz?; ez zen hobe izango ezkerreko beste talde batzuk subiranismo erakartzea PSOErekin batera eremu hori birrintzeko ahaleginetan ibiltzea baino? 

Utzikeria

Beste «keria» guztiak bezala, utzikeria ere oso txarra da. Estatu espainiarrean zein Frantzesean eskuinmuturrekoek irabaz dezakete. Ez da mehatxu hutsala, gerta daiteke. Aznar eta Felipe Gonzalez Freijoo bezain ultraeskuindarrak izan ziren; nazio arteko testuingurua ez da bera, ordea. Hori dela eta, Azaroaren 29a iristean kezkatuta ez egotea ez litzateke ulergarria izango. 

Ezkerreko Independentismoan aktiboak izan garenok beste aukera bat izango dugu faxzismoari ezetz esateko: bozkatu ala ez bozkatu. Hala ere, ez bozkatzea erabakitzen duena utzigabekerian eroriko litzateke, urtearen gainontzeko egunetan ezkerreko ekintzaile gisa aritzen ez bada; utzikeria ere EHbilduri bozka ematea dagoeneko ezkerreko eragile independentista bezala aritzen ez dela ohartu gabe. Ohartu, jabetu, ahaldundu eta ekin. Hori da bidea. 

Iragan den mendean estrategia politiko-militarraren alde egin zutenek porrot egin dute, estrategia horretatik landa aritu garenok ere bai. Belaunaldi berriei entzuteko garaia da, gure motxila astuna armairuan gorde, lekukoa pasa, eta euren esanetara jarri. Guk ez genituen gure ametsak egia bihurtu; ez diezaiegu pasa gure zama, herri honek oraindik hegan egiteko beharrezkoa diren hegoak lor baititzake.

Search