Garazi Goia
GAUR8

Garai modernoko pobrezia

Duela pare bat urte atzera egiten zuen programazio gidak txunditzen ninduen. Bezperan eman zuten pelikula ikusterik izan ez nuen arren, hurrengo egunean telebistan aurki nezakeen, programazio gidan atzera egin, aukeratu pelikula eta kito.

Baina ez bezperako edukiak bakarrik, aurreko zazpi egunetan ikusi ez nuen edozein telebista programa aurki nezakeen. Baina azkenaldiko berrikuntza honakoa da: egongelako telebistan ikusten ari naizen telebista programa bera, logelara joan eta iPad-ean ikus dezaket, horrela, bat-batean, ia botoirik sakatu gabe, edukiak pantaila batetik bestera sinkronizatzen dira. Edo bestela, erosketa egiten ari naizen bitartean, sakelako telefonotik telebistara mezu bat bidaliz grabatzeko agindua ematen diot, etxera iristean, egongelan, logelan edo sukaldean afaria prestatzen ari naizen bitartean ikusteko. Estatistiken arabera batez beste pertsona bakoitzak telebista ikusten gero eta denbora gehiago pasatzen du. Azken datuek diote, Erresuma Batuan egunero lau ordutik gora ematen dituela pertsona bakoitzak telebistaren aurrean.

Telebistaren testuinguru honetan, Jaimie Oliver chef ezagunak adierazpen polemiko batzuk egin ditu duela gutxi. Garai modernoko pobreziaren definizio hau eman zuen: «Take-away edukiontzi horietako batzuetatik gaztaz bustitako patata frijituak jaten ama eta seme-alabak 50 hazbeteko telebista madarikatu baten aurrean [ingelesez biraoak efektu gogorragoa egiten du]. Ez dut ulertzen nola familia batek telebista handi batean dirua gasta dezakeen baina ezin duen ganorazko afaririk izan platerean».

Aspalditik da ezaguna Oliver; reality show batekin egin zen famatua, sukaldari izateko ametsa zuten baliabide ekonomikorik gabeko nerabe batzuk etxe batean sartu eta lehiaketa modukoa eginez. Ondoren, eskoletan haurrei ematen zitzaien janaria gogor kritikatu eta ohitura hobeak txikitatik sartzeko kanpainak bultzatu zituen, batez ere fruta eta berduretan oparoak diren otorduak sartuz. Geroztik, merke eta osasungarri jan daitekeela aldarrikatuz hamaika telebista saio egin ditu. Asaldadura handia sortu du, ordea, bere komentario horrek. Batez ere, adierazpen hori egin ondoren, mojitoz zipriztindutako fruta entsalada bat edonork egin dezaken errezeta merke bat esanez jarrai dezakeelako, eta, horrek, noski, anbiguotasunera eramaten du bat.

Erresuma Batua munduko seigarren ekonomiarik handiena izan arren, bost pertsonatik bat (edo 13 milioi pertsona guztira) pobrezia markatzen duen marka ofizial horren azpitik bizi da. Kinoarik, menta hostorik, almendra gurinik, entsalada sofistikaturik edo granadarik ez dago 13 milioi pertsona horien etxeetako hozkailuetan; ez jakirik garestienak direlako, beste lehentasun batzuk dituztelako baizik. Ados nago Oliverrekin janari osasungarri asko merkeak diren horrekin. Baina, erdi-goi mailako klase sozialean sortu den janariaren inguruko kontzientzia horretan murgildu aurretik badituzte beste ardura batzuk; eman beharreko pausoa ez da hain erraza, barren-barrenean badaude beste arazo kultural eta soziologiko batzuk; horregatik egin dizkiote hain zuzen kritikak Jaimie Oliverri. Egongelako pareta erdia okupatzen duen telebista ez bezala, zer jaki ditugun gure platerean bakoitzaren life-style-aren adierazgarri bihurtu dira: patata frijituak gaztarekin beheko klasearentzat. Kinoa eta granada entsalada, aldiz, erdiko klasearentzat.

Eta, zutabe hau amaitzeko, ezin joango naiz azken “super-elikagaia” aurkeztu gabe. Chia deitzen da. Azteken garaietara garamatza bere jatorriak, eta egun, oraindik ere, Guatemalan eta Mexikon ekoizten dute batez ere. Agi danez, beste edozein jakik baino omega-3 gehiago omen dauka. Baina oso garestia da: hogei libra kiloko. Uretan nahastean, gel forma hartzen du eta kabiar eta tapiokaren nahasketaren antzeko egitura jartzen zaio. Goiko klasearen janari berria, beraz. Jaimie Oliverren telebista programa ikusten, 60 hazbeteko telebistaren aurrean oloz beteriko katiluan chia aleak jatean ari diren bitartean. Argazki horrekin uzten zaituztet.

Search