Gaurkoz, nahikoa dut

Ez gaitezen ahaztu gainera, irakasleok ere gure kasuistika propioa izanen dugula egun hauetan; seme-alabak zaindu beharra, gaixo ditugun senideak gaixo egoten jarraitzen dutela, eta etxean preso gauden egun hauetan, denok bezala, gure jendearen falta dugula, eta zer esanik ez, 2020ko oposaketek margotu diguten ezinegonaren panorama.

01/04/2020

Gaur, covid-19k eragindako itxialdiaren 15. egunean, goizeko 8:30tan jaiki naiz. Egun normala balitz, kotxea hartu eta ikastetxeraino gidatzen egongo nintzateke; klaseak, irriak, DBH koordinazio bilera, kafea, tutoreon bilera, patio zaintza, berriz klaseak, hainbat errieta eta amaitzeko tutoretza eta nekea. Gehiegitan, estresa eta presak nagusi ditugu egunerokoan, baina astero, guzti hori konpentsatzen duen keinu, broma, esperientzia edo ikasle baten feedback-a dago. Horra hor irakaskuntzaren xarma.

Gaur, bi orduko bideokonferentzia bidezko koordinazio bilera egin ostean, lanean jarraitzeko asmotan Classroom-era konektatu naiz. Itxialdiaren egun hauek berdintsuak dirudite. Errutinaren patroiaz marraztutakoak. Baina gaur bestelakoa izan da. Gaur, eskerrak eman dizkidan ikasle bat egon da; ariketa interesgarria iruditzeaz aparte, hau egin bitartean ongi pasa duela adierazi nahi izan didana. Hamabost egun ero hauetan egindako lana eta esfortzuaren buelta bezala jaso dut, eta benetan arnasa eman didan keinu txikia.

Baina keinu txiki horrek ez du gure errealitate gordina eraldatzen; irakasleok, tamalez, ez baitugu inoiz asmatzen. Lan errutinarekin jarraitu behar dutelakoan, lanak bidaltzen ditugu. Hezkuntzak argi adierazi zigun ez zela oporraldi garaia izanen. Baina masterrean ez omen genuen ikasi klaseak programatzen; lana egiteke dagoenean lan gehiegi bidaltzen dugulako. Lan nahikoa ez dagoenean, axolagabeak garelako.

Ez al dira ohartzen krisialdi egun hauetan zeinen zaila izaten ari den irakasle izaten jarraitzea? Lanean jarraitzeko aukera duten pertsona horietako bat izateagatik eskertua nago, baina errealitatea beti bezala, aurpegi desberdinez osatuta dagoen prisma bat da. Familia bakoitzaren egoera kontutan hartzen dugun bezala, aurkeztu dezagun oraingoan gurea; gutako askori materiala eskola edo institutuetan geratu zitzaigun; askorentzat berriak ziren plataformak bi egunetan erabiltzen ikasi eta klase birtualak sortu behar izan genituen presiopean. Ludikoagoa izan daitekeen materiala bilatzen gaua heltzen zaigu. Gurasoekin psikologo bihurtzen gara askotan; baita lana galdu dutela kontatzen diguten egun hauetan ere. Etxe bakoitzean dituzten baliabide teknologikoak, arreta berezia behar duten ikasleak, etxean egoera zaila duten familiak, jarraipenik gabeko gazteak... dena dugu buruan. Baina barita majikoa horrelako egoera baten aurrean, oraindik faltan.

Ez gaitezen ahaztu gainera, irakasleok ere gure kasuistika propioa izanen dugula egun hauetan; seme-alabak zaindu beharra, gaixo ditugun senideak gaixo egoten jarraitzen dutela, eta etxean preso gauden egun hauetan, denok bezala, gure jendearen falta dugula, eta zer esanik ez, 2020ko oposaketek margotu diguten ezinegonaren panorama. Inprobisazioaren krisialdi hau, ere bada inprobisazio aldia irakasleontzat. Baina kexa asko eta esker gutxi. Akats egiteko marjenik gabe sentitzen gara. Perfekzioa gugan biziko balitz bezala. Talde lanean ari gara, gizarte osoa bat. Beraz, ez gaitezen polizia bihurtu; ez ditzagun gainontzekoen esfortzuak gutxiagotu eta pentsa dezagun bakoitzak egunero hobe egin ditzakeen gauza horietan. Baita zeinen polita izanen den berriz aske izatea. Baina pausoz pauso eta egunez egun.

Gaur mezu xume eta handi horrekin geratu nahi dut.
Gaurko, nahikoa dut.

Articles
Jesusmari Soubies
29/05/2020
Aritz Ayesa Blanco
29/05/2020
Pernando Mendiguren Lubian
29/05/2020
Asier Ventimiglia
29/05/2020
Letters
Edurne Huesa | Landarlan Ingurumen Elkartea (Ordizia)
29/05/2020
Juan Luis Mugertza Unanue
29/05/2020
Gerardo Hernández Zorroza
28/05/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
29/05/2020
Koldo Campos
27/05/2020
Koldo Campos
18/05/2020
Fito Rodriguez
17/05/2020