Iratxe Esnaola Arribillaga
Informatika ingeniaria

Gaztetxoak, teknologiak eta hezkuntza (II)

Aurreko artikulu batean hasitako gaiari jarraipen emanez, Iratxe Esnaolak egunotan hainbeste oparituko diren tresna elektronikoekin gurasoek izan behar duten jarrera aztertzen du. Izan ere, artikulu honetan dioenez, garrantzitsuena ez da zer oparitu, «eman eta gero nola jokatu baizik». Bere gomendioa: ausardiaz jokatu, Internetek eskaintzen dituen aukerak aztertu eta gaztetxoaren heldutasun mailaren arabera erabaki.

Egun hauetan gaztetxo askok euren lehen telefono mugikorra jasoko dute opari eta smartphone bat izango da. Beste askok PS4 edota tablet bat jasoko dute. Eta beste hainbatek, agian, Tuenti edo Facebook-en kontu bat irekitzeko aukera, opari-paperik erabili gabe. Telekomunikazio operadoreek eta gailu hauen fabrikatzaileek, eskaintza bereziak sortuko dituzte horretarako, erraztuko dute bidea, merkatuko garesti zena: espresuki Olentzerok edota Errege Magoek euren zaku eta poltsak gailu hauekin bete ditzaten. Kasu askotan gaztetxoa temati jarri delako izango da. Beste batzuetan gurasoek euren seme-alaba lagunik gabe geratuko den karga jasan ezin dutelako. Beste kasu batzuetan, gurasoek seme-alaba kontrolatuagoa izango duten ustean.


Arrazoia edo helburua edozein delarik ere, gurasoek erabaki behar dute seme-alabaren heldutasun mailaren eta izaeraren arabera, zein gailu eta noiz eskuratu beharko lukeen. Baina hori ez da garrantzitsuena. Benetan garrantzitsua dena gailu hori eman eta gero gurasoek duten jarrera da. Hau da, hartu beharreko erabaki potoloena ez dela eman edo ez eman, eman eta gero nola jokatu baizik. Nola eta zein baldintzatan ematen zaion, zein mailatan zer kontrolatuko dioten gurasoek, zer egin ahal izango duen gailuarekin eta zer ez, eta noiz eta norekin erabili ahal izango duen. Gailua eman edo ez ematetik harago, ondoren egiten den ibilbidean gauzatzen baita hezkuntza teknologikoa, eta, une horretan, gurasoen papera funtsezkoa da. Hor kokatzen da, hain zuzen, gailu hauen gaineko heziketaren muina.


Smartphone, tablet eta gainerako teknologiak askatasun-iturri dira gaztetxoentzat, gurasoek euren kontrolaren izenean erosi badizkiete ere. Gailu eta tresna horiek guztiak komunikazioaren eta informazioaren mundura zabaltzen zaizkien leihoak dira. Horregatik bilakatzen dira euren aisialdiaren elementu nagusienetako bat eta komunikaziorako tresnarik gogokoenak.

Gaztetxoentzat, gailu eta tresna horiek berdinen taldean integratzeko eta aitortza-soziala lortzeko elementu bat gehiago dira. Horregatik ez dute edozein smartphone nahi. Horregatik ez dute Tuenti edo Facebook-eko kontua irekitzen azkenak izan nahi. Horregatik nahi dute ahalik eta talde gehienetako parte izan Whatsapp-en, eta ahalik eta mezu gehien jaso. Euren «Ni»-a kudeatzeko beste elementu bat gehiago dira, eta hori nekez aldatuko dugun arren, gurasoen esku dago garrantzi hori guztia erlatibizatzea. Hau da, eta esaterako, smartphone garestiena ez dutenak ere bere laguntzat onartu behar dituela adieraztea, eta, hortaz, besteek ere, berdina egin beharko luketela berarekin.


Helduon kasuan ere, komunikazio azkar eta eraginkorrak menpeko bilakatzen gaitu. Ezin izan dugu saihestu. Guztiok begiratzen dugu mugikor edo smartphonea hitzaldi, kontzertu eta bilera batetik atera orduko. Eta lanera goazela etxean ahaztu dugula konturatzen bagara, bi aukera ditugu: buelta eman eta bila joan edota eguna arraroa izango dela asimilatu. Gero eta denbora gutxiago igarotzen dugu mugikor edo smartphonea begiratu gabe. Hala da. Zer esanik ez gaztetxoen kasuan. Eurak are ahulagoak dira egoera beraren aurrean eta eurak ere menpeko bilakatzen dira. Gailu baten menpeko, 12 edo 13 urterekin hasita. Kontuan hartzeko gaia da eta landu beharrekoa. Neurririk eraginkorrena, agian, gaztetxoek aste barruan eta egunean zehar, smartphonea etxean uztea da (beste behar pertsonal batzuengatik behar ez bada behintzat). Horrela saihets daiteke smartphone gabe etxetik atera eta arraro ez sentitzea.


Menpekotasunetik harago, “Gaztetxoak, teknologiak eta hezkuntza (I)” artikuluan aipatzen nituen hainbat gomendio pedagogiko ere eman daitezke: irakatsi behar zaie Tuenti eta Facebook bezalako sare sozialetan «lagun» deitzen diren horiek guztiak, berez ez direla «lagunak», kontaktuak baizik, (emailean bezala); eta ulertzekoa dela «lagun» kantitatea zenbaki garrantzitsu bat izatea (euren artean konparatzeko erabiltzen dute), baina zenbaki hori handitzeko nahi hutsak ezin dituela ezezagunak «laguntzat» onartzera eraman; eta igotzen duten guztia lagun diren eta ez diren «lagun» horiek guztiek ikusi ahal izango dutela; eta inork ez duela bere burua gaizki ikusten duen argazkirik igotzen; eta sare sozialetan denek kudeatzen dutela «ni» digital bat; denek kontatzen dutela euren alderik kontagarriena, eta, hortaz, ezin direla sare sozialen baitan besteekin konparatu, besteek ere euren alderik onena erakusten dutelako; eta abar luze bat.


Posible da, ordea, aurreko gomendioen gisakoekin seme-alabak kasurik ez egitea. Kasu horretan, azken kasuan, alegia, neurri teknologikoak ere har daitezke. Horretarako, noski, gurasoek ausardiaz jokatu behar dute, ezagutzen ez dituzten tresna horiek ulertzen saiatzeko, teknologietan apur bat trebatzeko. Hori da, beste eremu guztietan bezala, seme-alaben erreferente bilakatzeko modua.


Gutxienekoa, seme-alabei sare sozialetan pribatutasuna konfiguratzen laguntzea da. Kontuaren ezarpenetan sartu eta pribatutasuna izenburupean atal ezberdinak ateratzen dira. Errazak dira ulertzeko. Eta atal bakoitzean erabakiak hartu behar dira. Honetan laguntzeko milaka bideo daude Youtuben.


Badira, ordea, gurasoen kontrolerako espresuki sortutako tresnak ere. Horietako bat da, adibidez, Qustodio (www.qustodio.com). Ez dago euskaraz baina saretik funtzionatzen du eta edozein lekutatik kontrola daiteke. Seme-alaba bakoitzak ordenagailua noiz erabil dezakeen eta noiz ez ezartzea ahalbidetzen du. Baita zein motatako webguneak ikusi ahal izango dituen ere. Qustodio, halaber, smartphonetarako aplikazio gisa ere deskarga daiteke eta funtzio berbera betetzen du, baina smartphonearen erabilera kontrolatzeko.


Hori gutxiegi balitz, Amigo 2.0 tresnak, guk nahi dugun maiztasunarekin ordenagailuaren pantailaren argazkiak ateratzen ditu eta denak karpeta batean gorde (hau ere ez dago euskaraz). Honek bi zentzutan balio dezake: benetan kezkatuak gaudelako eta gure seme-alabek zer egiten duten jakin nahi dugulako edota beldurra kentzeko, benetan zer egiten duten ikusiz gero.
Gisako tresna guztiek, normalean, doako bertsio mugatu bat izaten dute. Eta urtean kuota bat ordainduz, tresna osoagoa eskaintzen dute. Eraginkorrak izan daitezke, kontrola puntu horretaraino eramatea derrigorrezkoa dela uste badugu.


Horretaz gain, interesgarria izan daiteke smartphonean aplikazioak instalatu ahal izateko gurasoei baimena eskatu behar izatea, gurasoa izan dadin aplikazio hori instalatu behar den edo ez erabakitzen duena. Horretarako, adibidez, Protect aplikazioa dago. Honekin, smartphonean aplikazio berri bat instalatu nahi den bakoitzean lau zenbakiko PIN bat eskatuko du eta gurasoek bakarrik jakin beharko lukete, seme-alabak beraiengana jo dezan.


Nik aipatu ditudanak adibide batzuk besterik ez dira. Interneten informazio andana dago gisako tresnen gainean. Badakigu: Interneten denetarik aurkitu daiteke, bilatzen badugu. Bilatu eta ikusiko duzu.

Search