Gernikako bonbardaketa alemaniar historiografian
Legion Condor-en laguntza erabakiorra izan zen Espainiako Gerra frankisten alde garaipena eramateko, noski, Italiako faxisten Corpo di Truppe Volontarie-aren lana eta bere abiazioaren laguntza ahaztu gabe.
Aurten 80 urte betetzen dira Alemania Naziaren Legión Cóndor-eko abioiak, Italiako abiazio faxistaren laguntzarekin, Gernika guztiz desegin zutela, bonbardaketa horretan, gero, II. Mundu Gerran ohikoak izan ziren populazio zibilen aurkako bonbardaketa masiboei bidea irekiz. 80 urte denbora luze da, egia da, baina hala ere bonbardaketa horretako burrunbak oraindik gure belarrietan entzuten ditugu eta egun horretan sortu ziren hautsezko odeiak ez dira guztiz lurrean finkatu gure imajinazio kolektiboan. Gernikako eta beste euskal herrietako (Durango, Otxandio, Eibar, Bilbo, etab.) bonbardaketen inguruko ikerketa historiko ugari eta guztiz interesgarriak agertu dira azken urte hauetan, batzuk euskal historialariek idatzitak. Ez da artikulu honen helburua lan horiek ordezkatzea edo zuzentzea, baizik eta alemanez gaur egun eskuragarri dauden liburu batzuen datu interesgarri batzuk azaltzea. Liburu horiek, edo batzuk gutxienez, alemanez bakarrik izatea bere zabalpenerako gure gizartean oztopo nagusi bat da, baina era berean, Interneteko fenomenoak altxor bibliografiko handi bat gure esku ipini du, lehen liburu horiek eskuratzeko espezialistak ez garanok genituen eragozpenak desagertaraziz. Horietako liburu bat da Karl Ries eta Hans Ring alemaniar historialarien Legión Cóndor-i buruzkoa. Liburu honetan gehien bat, edo hobe esanda, modu esklusiboan, Espainiako Gerrako nazien dokumentazioa erabiltzen da, parte hartu zuten aleman batzuen egunkarietatik ateratako batez ere. Liburua ez da berria, baina nire ustez, hor esaten denak, bere datuen kalitatearengatik, ez du baliorik galdu. Ezaguna da Alemania Naziak laguntza masiboa, ziur aski erabakigarria, eman ziola alde frankistari. Laguntza hori gabe ezinezkoa izango zen Maroko tropak Penintsulara iristea, adibidez. Baina ez bakarrik hori, noski. Alemaniak, batez ere bere abiazioko gerrako materialik onena ipini zuen Espainiako gerra eremuan. Espainiara bidali zituen, ez bakarrik bere Junker 52ak, Heinkel 45ak, 51ak, Dornier 17ak edo Heinkel 111ak, batzuk erlatiboki zaharkituak, baizik bere hegazkinik modernoenak, adibidez Junker 87a (Stuka edo Sturzkampfflugzeug) eta batez ere Messerschmitt bf 109a bere ezberdinetako aldaeratan. Espainia izan zen ikerketa eta esperimentazio eremua gero, eta adibide moduan, II. Mundu Gerran alemanek erabili zituzten bonbardaketa teknikak eta Blitzkrieg edo tximista-gerra, Fliegendeartillerie edo Artilleria Hegalaria kontzeptuak, Espainiako Gerran lehenago aldiz garatuak izan ziren. Beste adibide bat ipintzearren, II. Mundu Gerran alemaniar hegazkinlarik onenek, Adolf Galland-ek edo Werner Mölders-ek adibidez, beraien lehengo esperientzia belikoak Espainiako Gerrako eremuan izan zituzten. Testuinguru honetan, Alemania, Hitler boterean zegoela jada, bere abiazio militarra modu klandestinoan berreraikitzen ari zela kontutan hartu behar dugu, Versailles-eko bake hitzarmenak abiazio militar indartsu bat izatea debekatzen ziolako. Gibel honetan eta Alemania abiazio militarraren teknikak esperimentatzeko beharrean, Wolfram Freiherr von Richthofen-en figura agertuko da. Bera, beste I. Mundu Gerrako alemaniar hegazkinlari ospetsuaren senidea, hau da, Manfred von Richthofen, Der rote Baron edo Baroi Gorria deitua, hasieran Legión Cóndor-eko Estatu Nagusiko Burua eta gerra amaitzean, Oberbefehlhaber edo Buruzagi Gorena izango da Espainiako Gerran eta bereziki Gernikako bonbardaketan (eta Iparraldeko Fronteko operazio guztietan) bonbardaketako teknikak, hegazkinak, bonbak, hitz batean, eduki teknikoa zuen guztiaren arduraduna izan zen. Gainera von Richthofen-ek gerrako egunkari bat idatzi zuen eta hor utzi zuen idatzita gerran ezagutu zuen pasadizo asko, horien artean Gernikako bonbardaketakoak. Von Richthofen-en konpententzien artean, Legión Cóndor-en barruan funtzionatzen zuen VB/88a (Versuchbomberstaffel edo Bonbardaketak Esperimentatzeko Eskuadrila) zegoen. Eskuadrila honen bitartez alemanek bonbardaketa eta hegaz egiteko teknika eta estrategia berriak garatu zituzten. Gernikako bonbardaketari dagokionez alemanek hasieratik bazekiten hiria guztiz desegin zutela eta helburu bezala inongo balio militarrik ez zuela. Zentzu honetan adierazgarriak dira Harro Harder-en iritziak, bonbardaketan parte hartu zuena eta bere egunkaritik hartutako hitzak: «Gaur Gernikara joan gara. Guztiz desegina geratu da hiria. Ez hemen (zonalde faxistan) esaten den bezala gorriek erre dutelako, baizik hegazkin alemanek eta italiarrek bombardeatu dutelako. Edozein ikuspuntutik ikusita izugarrizko zerrikeri bat izan da Gernika bezalako hiri bat, ikuspuntu militarretik garrantzi gabekoa, horrela desegitea». (Unser aller Ansichten nach ist es eine unerhörte Schweinerei, eine Stadt wie Guernica, militarisch unwichtig, so zu zerstören). Baina denak ez ziren izan Harder-en iritzikoak. Adibidez von Richthofen-en egunkaritik hartuta: «Guztiz arrakastatsua, Gernika, 5.000 biztanleko hiria guztiz desegina. Bonbardaketako zuloak oraindik kalean ikusten dira. Hitz batean, izugarria!» (Ein voller Erfolg. Guernica, Stadt von 5.000 Einwohnern, buchstäblich gleichgemacht. Bombenlöcher auf Strassen noch zu sehen. Einfach toll !). Beste mito bat izan da eta da oraindik naziei leporatzea Gernika bonbardatzeko azken erantzunkizuna. Hau guztiz faltsua da eta von Richthofen-en egunkariak ez du zalantzarik uzten: «Juan Vigón koronelarekin (Brigadas de Navarrako Estatu Nagusiko Burua) kontsultatu eta gero...» (Nach Beratung mit dem Chef des Stabes der Navarra Brigaden, Oberst Juan Vigón...). Legión Cóndor-ek beti kontsideratu zuen «Francoren suhiltzaileak» izatea (Die Feuerwehr von Franco) eta beti bere agintepean eragiten zuen. Espainia izan da eta frankistak izan ziren Gernikako suntsiketaren errudunak. Aukera ona, orain bakegintzaz hitzegin dugunean, espainolistek eta gaur egungo bere ordezkariek, bereziki PP alderdiak, frankismoaren ideologiaren jarraitzaileak zentzu zabalean, Gernikako sarraskiaz umilki barkamena eskatzeko eta hor dago Urkullu lehendakaria, hain aktibo indarkeriaren inguruko betebeharraz batzuei gogoratzeko unean, Gernikako kasuan ere paper hori betetzeko behartuta. Edo aberrien inguruan idazten duten idazleek, espainiar aberriaren izenean egindako krimenaz beste best seller bat idazteko.
Legion Condor-en laguntza erabakiorra izan zen Espainiako Gerra frankisten alde garaipena eramateko, noski, Italiako faxisten Corpo di Truppe Volontarie-aren lana eta bere abiazioaren laguntza ahaztu gabe. Askotan esan da Espainiako Gerra izan zen naziek irabazi zuten gerra bakarra. Kriminal hauen ordaina II. Mundu Gerran etorri behar zen eta ironikoki espantsionismoa (Lebensraum, Drang nach Osten) hitz klabea zuen III. Reich-ek bere territorioaren galera izugarriekin (Pomerania, Silesia, Ekialdeko Prusia) eta 15 miloi desplazatuekin, ziur aski munduak inoiz ezagutu duen garbiketa etnikoaren kasurik handiena, bukatu behar zuen, Espainiako Gerran, Legión Cóndor-en bitartez, hasi zuen abentura kriminala.