Gero eta gorago, oinarriari sendo eutsita
Azken urteotan Bizkaian inoiz ez bezala gehitu dira saskibaloi-federazioaren lizentziak. Ezinbestean pentsatu behar izan dugu datu horretan, Bilbo, Bizkaia, kirol horren munduko plaza bilakatu duten selekzio nazionaletako zaleak kalean hara-hona ikusi ditugun bitartean.
Beste horrenbeste, hemengo zaleak ikustean txaloka batzuei eta besteei, bat eginez dominikar jarraitzaileen berotasunarekin, Zeelanda Berriko ordezkaritzaren kolorearekin, turkiarren zurrunbiloak eta finlandiarren adore nekaezinak marguldua. Edota hainbat eta hainbat gazte ikustean taldeek ostatu hartu duten hotelen aurrean, txunditurik euren jainko txikiek sinatutako paperak esku artean dituztela. Horretan guztiorretan geunden pentsatzen, Bilboko Mundial hau ez delako txakur-ametsa izan, ezpabere ze kirola, zaletasuna, balioak eta konpromisoak suspertzen egindako lan aspergaitzaren ondo merezitako saria.
Horrelako ekitaldiak gure lurraldera ekartzea erakundeen, eragile pribatuen eta herritarren, jarraitzaileen, ikusleen eta boluntarioen arrakasta izan da, jokalariek beste izerdi, edo gehiago, bota behar izan baitute. Bi- hoazkie, bada, gure esker ona eta onarpena eta, gizalegezkoa denez, aitortu beharra dago harro sentitzen garela eurek emandako ikasbidearekin.
Mundiala arrakastatsua izan da eta, hortaz, den-denok disfrutatu behar dugu lortutako emaitza bikainekin. Aurki baloratuko dugu txapelketa honen eragin ekonomikoa, seguruen aurreikuspenak egiaztatuko dituzten zifretan; zenbatzen zailagoak diren beste lorpen batzuk ere ikusiko ditugu, hala nola, jendetza ugaria biltzeak sortutako irudia edota hemendik aurrerako ekitaldietan izan lezakeen eragina, esterako. Aurrekari moduan hara hor 2011ko Europako U-20 Txapelketa, %20 gehitu zuena fakturazioa Bilboko ostalaritzaren arloan. Federazioak emandako datuen arabera, kirol hau sustatzeko Bizkaian inbertitutako euro bakoitzeko, 5 sortu ditu.
Jarduera ekonomikoaren funtsezko zifrak gorabehera, badira aipatu beharreko beste batzuk ere. Saskibaloia da Bizkaian gehien jokatzen den bigarren kirola, 12.810 lizentziarekin, futbola bakarrik duela aurretik. Gainera, kirol paritarioa da, gimnasia erritmikoa bakarrik hurbiltzen zaiolako nesken partaidetza mailari dagokionean. Zakuan zer den ikusteko, eskukada bat aski: emakumezkoen 308 eskola-talde, gizonezkoenak, berriz, 112.
Kirolaren beste aldea da, prestakuntza, kantxak entrenamenduz eta partidaz betetzen dituena, milakaherritarrek aukera- tzen dutena aisialdirako, prestakuntzarako eta gozamenerako. Horrez gain, kirol honen sustapenari balio bat gehiago eransten dion alderdi soziala dago. Guk ordezkatzen ditugun erakundeek bete-betean bere egiten dituzten balioak garatzeko eta transmititzeko tresna moduan sustatzen ari da lanean Federazioa buru-belarri. Ekimen sozialak eta solidarioak: BizkaiaBasket Fundazioak burutzen dituen bezalakoak (arlo horretan aitzindaria Estatu osoan), genero-indarkeria jasan duten edo gizarte- bazterkeria nozitzeko arriskuan diren emakumeei zuzendutako «Zaindu zure gorputza, zaindu zure burua» programa, udan parte hartzeko campusa, edo gazteak gizarteratzeko «Mugarik gabeko saskibaloia» programa, besteak beste.
Bestalde, bidezkoa da onartzea ACB ligan punta-puntakoa den gure taldea, Bilbao Basket, arestian aipatutako guztiaren isla dela. Une latzak bizi izan ditugu, baina orain arte partida guztietan Bilbao Arena bete izan duten 10.000 lagunek horretan jarrai dezakete aurrerantzean ere, jokalarien, klubeko langileen, hornitzaileen, babesleen, erakundeen, zuzendarien eta masa sozialaren konpromisoari esker. Gogotik lan egiteko ordua da, egoera ekonomikoa onbideratzeko eta eredu izaten jarraitzeko oinarrizko saskibaloirako.
Ezin ditugu ahaztu, inondik ere, Gernika Bizkaia eta Bilbao Silla de Ruedas taldeak. BSRko gure mutilek denboraldi ezin hobea egin dute, argi eta garbi utziz nahi duenak ahal duenak baino gehiago egiten duela, gizarteak ahulenei jarritako trabak traba. Gernika-Bizkaia taldeko neskek, gainditzeko benetan zaila den berealdiko maila eskaintzen dute norgehiagoka guztietan, leba handiko kirol erreferentzia izanik txikitatik kirola egiten jardun izan duten eta gure gazteen oinarrizko kirolaren ispilu diren emakume guztientzat, eurak baitira Bizkaiko eliteko saskibaloiko proiektu partekatuan gehien ikusten den partea, Bilbao Basket bezalaxe.
Lan ederra, lan bikaina eta eskerrik asko kirolaren balioak zabaltzeagatik, ez bakarrik kirola egitean, egunean eguneko jardunean ere bai. Hobetzea, ahalegina, lana, dedikazioa, ekina, etengabeko borroka, berdintasunera- ko eta parekotasunerako espazioak… gizartean aplikatzekoak diren balio ukaezinak, alderdi guztietan hobeak izate aldera.
Eskoletako taldeak laster itzuliko dira kantxetara, eta ziur gaude askok gauza historiko moduan izango dituztela gogoan partida horiek. Beharbada noizbait jakingo dugu Mundial hau pizgarri izan ote zen hemengo jokalari bikainen baten ibilbidean. Jarrai dezagun konpromisoak bultzatzen. Jarrai dezagun adore ematen, beti, den-denon harrobi honi. Oinarritik hasita, gero eta gorago egiten lagunduko diegu Bilboko, Bizkaiko, Euskadiko bihar-etziko «mundialistei».
(*) Sabin Anuzitarekin batera, ondoko ordezkari hauek sinatzen dute artikulua: German Monge (Bizkaiko Saskibaloi Federazioko eta BizkaiaBasket Fundazioko), Xabier Jon Davalillo (Bilbao Basketeko presidentea), Gerardo Candina (Gernika-Bizkaiako presidentea) eta Luis Maria Aranburu (Bilbao Silla de Ruedas Klubeko presidentea)